Ez dakit batek zenbat urterekin ikasten duen kafea edaten. Garaiz batzuek, sekula ez besteek, pentsatzen dut. Nik uste dut lehenengo aldiz heldu sentitu nintzenean eskatu nuela lehenengo aldiz kafe bat kafetegi batean. Igande arratsaldeetan, kaleko bankuetatik kaleko kafetegietara pasatu ginenean edo. Etxean kakaodun esnea hartzen nuen kafe-ordua zenean. Baina kalean urgentzia handiagoarekin sentitu nuen heldu izan beharra. Ez-dakit-zenbat aldiz ez gustatu ondoren, gustatu egin zitzaidan zapore hori ere.
Eta behin gustatuta, egun batean ia pentsatu gabe zerbitzariei kafeak eskatzen hasi nintzen. Kafeak hartzen eta kafeak hartzen, zapore gisa baino eszenatoki gisa ulertzeraino kafea hartzearena. Bat ustezko heldu bihurtzen denetik, hasten da kafetegietan izaten zitak, bilkurak, elkarrizketak. Noizbait helduek hori egiten dutela ikasi genuelako edo. Eta hor, bakoitzak eraiki behar du bere «bezerotasuna»; bakoitzak erabaki behar du goizetan zer, arratsaldeetan zer, iluntzeetan zer, eta asteburuetan zerbait diferentea edo ez: hutsa, kafesnea, ebakia, deskafeinatua, ura, erregaliz infusioa, te beltza, muztioa, zukua, ardoa... Ez dauka kafea izan beharrik. Batzuontzat, kafea hartzea bihurtu da, gosaritako katilukadaren indarretik harago, jendearekin denbora konpartitzeko aitzakia. Goiz-arratsalde-iluntzeetan jendea toki eta momentu berera ekartzen dutelako, eskutik doazen lagun-lagunak dira, nire ustez, kafeak eta elkarrizketak.
Goiz-arratsalde-iluntzeetan jendea toki eta momentu berera ekartzen dutelako, eskutik doazen lagun-lagunak dira, nire ustez, kafeak eta elkarrizketak
Batzuetan, jendea jendearekin kafea hartzeko gelditzen da, gero kaferik hartuko ez badu ere. Beste batzuek kafe bat, eta bi, eta hiru, hartzen dituzte arratsalde batean. Eta kafe bezainbat elkarrizketa. Whatsapp mezuak idazten ditugu, jasotzen ditugu, telefono mugikorrean: «Kafe bat?». Eta mezu horien atzean gordetzen dira hitzak, irudipenak, dezepzioak, ilusioak, ideiak, beldurrak, proposamenak, kezkak, tentsioak, planak, erronkak, borrokak, egiak eta ez-egiak. Kafe bat hartzea, gehien-gehienetan, ez da kafe bat hartzea eta listo.
Horregatik zaletu nintzen egun batean kafeak hartzera. Gustatu zitzaidalako zer-nola eskaintzen zaion elkarri denbora kafe baten bueltan, eta aitzakian. Iruditu zitzaidan kafetegiak toki ona direla ia-ia edozeren inguruan ia-ia edonorekin hizketaldia izateko; betiere kafetegi aproposa aukeratuz gero, testuinguruaren koloreari ondo datorkiona. Eseri, gelditu, lasai egon eta hitz egiteko toki onak dira kafetegiak; aulkian edo taburetean, barra ertzean edo txoko batean, barruan edo terrazan, parez pare edo elkarren ondoan, hizketaldiaren arabera. Ez dakit batek zenbat urterekin ikasten duen kafeari bestelako zaporeak topatzen. Garaiz batzuek, sekula ez besteek, pentsatzen dut. Nik uste dut lehenengo aldiz kafeari baino hizketaldiari balio handiagoa eman nionean sentitu nintzela lehenengo aldiz berezi kafetegi batean. Etxean kafedun esnea hartzen dut orain gehien-gehienetan, baina ia beste ezer estimatzen ez dudan eran estimatzen dut jendearekin, nonbait, kafea hartzeko gelditzea.
Kafeak eta elkarrizketak elkarren lagunak dira oso; kafea hartzea ez delako kafea hartzea eta listo. Kafea hartzea esateko modu bat da, norbaitek norbaitekin denbora-tarte bat pasatu nahi duela adierazteko erabiltzen dena, gero zita kafe baten bueltan izan ala ez.