Artista polifazetikoa da Joxemari Telleria Lezeta (Segura, 1943). Ibilbide luzea egin du pinturan, ilustrazioan, eskulturan eta musikan, eta oraingoz, behintzat, ez dauka jarduna uzteko asmorik. Telleriaren lanak Euskal Herriko hainbat txokotan egon dira. Orain, adibidez, Arabako Arte Ederren Museoan daude haren lanetako batzuk, Gasteizen. Artista Zerainen bizi da gaur egun, eta bertan aitortza egin nahi izan diote, hark egindako obrez osatutako erakusketa batekin. Zeraindarrek herrian izandako «inplikazioa» eta egindako «ekarpena» eskertu nahi izan diote hala. Erakusketa azaroaren 30era arte egongo da ikusgai, eta Zeraingo hiru txoko izango dira lanon erakusleiho: kultur etxea eta Mandio eta Ostatu tabernak. Azkeneko egunean —abenduaren 1ean—, elizako atarian ere egongo dira ikusgai.
Telleriaren etapa artistiko bakoitzetik aukeratutako 50 koadrok osatzen dute erakusketa. Zehazki, zazpi aldi dira haren ibilbidean, eta hala sailkatu dute erakusketa: Lehen urteak (1963-1969), Entsegu garaiak (1970-1979), Belarkien aldia (1980-1994), Musika eta pintura (1986-1999), Musika eta paisaiak lotzen (2000-2015), Bertako paisaia hiperrealistak (2015-2023) eta Pintura sozialak, lanak eta ohiturak (2023-2024). Agerikoa da Telleriaren obrek etapaz etapa izandako eboluzioa. Izan ere, hasieran erabiltzen zituen «kolore lauso eta tristeak» desagertuz joan dira, eta azken urteetako lanetan kolore biziagoak nabarmentzen dira. Artistak bere lanetan darabilen teknika ere asko aldatu da urteekin.
Gaur zortzi egin zuten Zeraingo esposizioa irekitzeko ekitaldia, eta bertan izan zen Libe Ramila Telleriaren iloba. Artearen Historiako lizentziaduna da Ramila, eta osabaren 57 urteetako ibilbidearen errepaso bat egin zuen ekitaldian.
Artistaren pintzelkadak
Telleriak aspalditik du margolaritza zaletasun, 15 urte inguru zituela hasi baitzen margotzen. Gogoan du eskolako pintura lehiaketa batean irabazi zuen lehenengo saria: pintura kaxa bat. Harrezkero, beti izan ditu margoak aldean. Telleria euskal pintura egiteagatik da ezagun, baina baita «musika pintatzeagatik» ere. Haren lanek natura eta gai sozialak irudikatzen dituzte, batik bat: nekazari giroa, lan eta natura inguruak, euskal ospakizunak... Telleriaren azken obran, kasu baterako, txistulariak ageri dira, jai giroan, Santa Ageda bezperako eskearen erretratu batean.
Musikak pisu handia du Telleriaren obretan, lan asko baititu musika dutenak oinarrian. Ramilak aurkezpen ekitaldian esan zuen artistak bere lanetan kolore bat ematen diola eskalako hamabi tonuerdietako bakoitzari. «Koloreak ez daude ausaz aukeratuta. Lanketa eta ordena bat dago horren guztiaren atzean, etengabeko jolas bat». Ramilak esplikatu du bere osabak euskal kantutegi tradizionaleko abestiak erabili izan dituela lanak egiteko. Izan ere, musika faktore garrantzitsutzat du artistak, hainbat urtez aritu baita txistua eta danbolina jotzen herriko festetan. Elizako ospakizunetan organoa jo izan du sarri, eta, gaur egun, Zeraingo Uharka abesbatzako zuzendaria da. Horrexegatik uztartu ditu zaletasun biak: pintura eta musika. Artistak berak dio pinturaren eta musikaren harmoniek «erlazio oso estua» dutela.
Ramilari iruditzen zaio artistaren ibilbideko bi sasoi nabarmentzekoak direla: errealismo eta hiperrealismo garaiak. Dioenez, «detaileetan» dago bi garaien arteko desberdintasuna. «Obra hiperrealisten kasuan, urrutitik begiratuz gero, argazki bat dirudite; zehatzagoak dira obran agertzen diren elementuak». Etapa horretan natura jarri zuen lanen erdigunean, hala nola zuhaitzak, loreak, «kolore berde deigarria» duten zuhaitz eta garo «koloretsuak».
Telleriaren lanari aitortza
Abenduaren 1eko omenaldia Zerain Lab elkarteak antolatuta egingo diote Telleriari. Eliza atarian izango dira ikusgai haren margolanik handienak, eta eguerdirako, bazkari bat antolatu dute, Oiharte sagardotegian, musikaz lagunduta. Omenaldia Zerain Lab elkarteak antolatu du, baina herriko beste eragile askok ere egin dute antolatzeko ekarpena. Arantzazu Muñoa Zerain Labeko kidearen esanetan, «asko» dira Telleria omentzeko arrazoiak. Izan ere, Muñoak dio Telleriak, Zerainera bizitzera joan zenetik, «ekarpen handia» egin diola herrigintzari eta Zeraingo herri proiektuari; «kulturaren alorrean, nagusiki».
Zenbait erakusketa egin ditu Zerainen, eta herriko mural batzuk ere margotu ditu, baita haurren marrazki lehiaketetan parte hartu ere. Herriko festetako programaren azalak egin ditu hainbat urtean, eta, horrez gainera, margolanetara eraman ditu herriko zenbait txoko, ohitura eta festa.