Maddi Aiestaran
Iritzia

Jolasa eta jolasaren arriskua

2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Elkarrekin dagoen jendeak elkar ezagutzen ez duen tokietan ―udalekuetan, egonaldietan, txangoetan, adibidez―, askotan jolas aleatorioek betetzen dituzte iluntzeak, elkarrizketa faltaren hutsaren gainean. Segun eta zein den testuingurua, jolason funtzio printzipala izan liteke taldea taldetzea, garagardoak bere efektua egitea, edo kideek elkar hobeto ezagutzea. Edo dena batera. Orduak pasatzen dira, jendeak aho-zabalka egiten duenean ahoa tapatzen du eskuarekin. Zaila da ohera abiatzea denak hor geratzekotan baldin badira. Taldeko kideen umorearen arabera, hainbat bukaera izan ditzake gauak: taldekako imintzio txapelketa, beer-pong-a, AEBetako hauteskundeen eta egoeraren inguruko analisi eta debate intentso-intentsoa, gitarra bat eta Silvioren kantak, edo Ze urtaro da bezalako jolas aleatorioak, eta horien aldaera posible guztiak.

Harrigarria da ikustea nola taldeak pixkana-pixkana bukaera horietako baterantz egiten duen bidea, kide guztiek haien umoreak berdinduko balituzte bezala, nola bukatzen duten gaua puntu berberean; eta gustura, askotan behintzat.

Talde berri batean iluntzea autogestionatu behar den elkarrizketa-bukaera horietan, nire umorea ia beti bat izaten da: batak bestearen inguruan eraikitako aurreiritzietan oinarritzen diren jolas aleatorioak gustatzen zaizkit, Ze urtaro da tipokoak. Ia-ia beti, esango nuke, hori izaten dela nire gau bukaera faboritoa. Eta jolasok hainbat zirkulutan duten presentzia ikusita, susmatzen dut ez naizela bakarra. Ez dut inoren izenean ezer aitortuko, baina nago gustatu egiten zaigula gure inguruan jende ezezagunak ze inpresio duen jakitea.

Uste dut zaindu egin behar dela zer-nola eraikitzen diren harremanak, moduak sortuz kide denak senti daitezen berdinki inportante taldean

Geure buruaren inguruan dugun begiradari zera bat gehitzen dio bestek gure inguruan duen irudipena, ustea, inpresioa ezagutzeak. Batzuetan harritu egiten gaitu, harrotu besteetan. Baina kontua da inportantea sentitzen dela bat, inguruko denak berari buruz pentsatzen jarrita. Gero, beste kide baten inguruan galdetuko da, eta gero beste bat izango da protagonista, eta horrela etengabe. Horixe da jolasa. Eta igual aspertu egingo da zenbait, bere txanda aspaldi pasatu delako eta luze egiten zaiolako besteri buruz pentsatzen hainbeste denbora igarotzea. Eta inork ez badio atentzioa jartzen pasatutako txanden zerrendari, gera daitezke taldeko kideren batzuk haien foku-momenturik gabe. Eta horixe da jolasaren arriskua. Ematen du, besterik gabe, jolas bat dela eta listo, ez dagoela zertan kide bakoitzari eskaini tarte hori, ez dagoela zertan horrela luparekin eta detailez begiratu jolasari, aspertu direla eta listo, denak gustura, askotan. Halaxe da, nik ere ez diot hari-pilota aulki den-denetatik igaro beharra dagoenik, baina jolasok hainbat zirkulutan duten presentzia eta joera ikusita, esango nuke ez dutela aleatorioki hartzen haien hasieratik bukaerarako bidea. Elkarrekin dagoen jendeak elkar ezagutzen ez duen tokietan, hain justu, gerora zailagoa izaten baita, uste dut zaindu egin behar dela zer-nola eraikitzen diren harremanak. Adibidez, moduak sortuz kide denak senti daitezen berdinki inportante taldean.

Bai jolasa bai jolasaren arriskua berberak dira taldekako imintzio txapelketan, beer-pong-ean, AEBetako hauteskundeen eta egoeraren inguruko analisi eta debate intentso-intentsoan, gitarraren bueltako Silvioren kantetan, eta aurreko mila elkarrizketa eta isilunetan: ez-aleatorioak. Bai jendeak elkar ezagutzen ez duen tokietan bai gainerako toki guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.