Familia pila batekin gurutzatu nintzen lehengo larunbatean, Donostian. Haietako batekin akordatzen naiz: denda baten paretik igarotzera gindoazela, haiek gorantz eta ni beherantz, ume haien ama izango zela pentsatu nuen tipak purrustadaka esan zuen, denda barrura begira, «joe, hasi dira Olentzerorekin». Eta esku banarekin ume bakoitzari tiraka segitu zuen aldapan gora. Ez naiz oso ondo akordatzen umeek ezer erantzun ote zioten.
Nahiko purrustada zentzuzkoa iruditu zitzaidalako, nik ere segun noiz-nola berdin pentsatuko nukeelako, uste dut agurtu-edo egin nituela irriarekin. Gabonez jantzitako eskaparateei ez begiratzen saiatu nintzen gero, nire paseoan.
Pasatu nuen Renfeko bozgorailuetako ahotsaren gaineko zubiko jende-ilara luzeen tramoa, iritsi nintzen ibaiertzera, eta opari kutxak ikusi nituen ibaiko uraren gainean; opari kutxak airean, esanez bezala, «din dan don, hasi oparitzen, egin opariak, opari garaia da». Opari kutxak airean eta opari poltsak jendearen eskuetan, ibaiertzeko pasealekuan eta erdialdeko kale zabal zein estuetan. Behintzat hala zirela irudikatzen nuen nik, jendearekin gurutzatu eta erosketa poltsak eskuetatik zintzilik zeramatzatela ikustean, esanez bezala, «opari garaia da, opariak egingo ditut, hasi naiz oparitzen, trakatan trakatan hiru errege». Ezin diet ez begiratu gabonez jantzitako eskaparateei, aireari, jendeari. Joan egiten zaizkit begiak haietara, tira egiten didate begietatik. Eta purrustadatxoak ateratzen zaizkit barruan nonbait, «joe, hasi dira».
Herriak eta hiriak janzten direnean gabonez, ematen du besterik gabe goxatzen duela jantziak hiria, estaltzen dituela hotzak, ekartzen duela gabonetako pelikuletako umore leuna denera; beraz, hobe gero eta goizago sortzea giro hori
Banku batean eseri nintzen, paseoa eten nuen. Eta sumatu nuen baietz, hasi direla «Olentzerorekin»; eta apaingarriekin, eta erosketekin, eta jolas horiekin guztiekin. Giroan nabari zen. Niri oso goiz zela iruditu zitzaidan norbait kalean banku batean eseri eta bestelako motiborik gabe gabon giroarekin akordatzeko. Azaroaren 16a zen. Ordea, ulertzera ere irits ninteke hiri osoa hala janzteak zenbat denbora eskatzen duen: egurrezko etxetxo denda bihurtuak, aireko opari kutxak ia itsasora arte, fatxada bete argi bider ez-dakit-zenbat fatxada, Olentzero, Mari Domingi, Aita Noelen panpinak, ia farol beste bozgorailu, noria handi-handi-handi eta ikusgarria, izotzezko txirristak, tamaina denetako pinuak han-hemen... Garaiz dago hasi beharra hiriak egokitzen, gauza asko dira.
Lehen, gure inguruan abenduko zubia izaten zen etxea gabon jantziz adornatzen hasteko garaia. Ez dakit fatxaden barruko aldeetan ze ohitura dauden gaur egun, baina nago urtetik urtera luzatzen ari garela gabon jantzien egonaldia gure herri eta hirietako kale, pasealeku, eskaparate eta leihoetan; eta horrekin batera, gabonek bere horretan bakoitzari suposatzen digutenaren zama, ilusioa, beldurra, emozioa edo dena delakoa.
Herriak eta hiriak janzten direnean gabonez, ematen du besterik gabe goxatzen duela jantziak hiria, estaltzen dituela hotzak, ekartzen duela gabonetako pelikuletako umore leuna denera; beraz, hobe gero eta goizago sortzea giro hori. Bai, bai, gezurra da hori dena; baina lehengo larunbatean Donostian familia pila batekin gurutzatu nintzenean, iruditu zitzaidan igual ez zela hain-hain gezurra denentzat. Nabari zen zerbait giroan: irri egin behar da gabonetan, ospatu egin behar da, kantatu, elkartu, gogoratu, zoriontsu izan.
Eta dagoeneko hasi baldin badira «Olentzerorekin», berehala hasi beharko gara gu ere jolasean, gure zama, gure ilusio, gure beldur eta gure emozio. Oso zaila da gabonei ez begiratzea, tira egiten digute begietatik.