Aurten Gipuzkoan ez da erregistratu desgaitasuna dutenen aurkako gorroto deliturik, baina, orokorrean, urtero gora doaz kolektibo horrek salatzen dituen gorroto delituak. Azken urteetan horiei buruzko ikerketan eta jardunaldietan parte hartu du Elkartu desgaitasun fisikoa dutenen Gipuzkoako federazio koordinatzaileak. Bertako zuzendari Mikel Malkorrak (Tolosa, 1976) esan du ez dagoela kolektiboaren aurkako gorroto diskurtso trinkorik, baina oraindik agerikoa dela diskriminazioa.
Ikusi gehiago
Badirudi orain ikusgaitasun handiagoa daukatela desgaitasunen bat dutenek.
Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina egoera asko aldatu da. 2019an berrogei urte bete zituen Elkartuk, eta ikerketa bat atera genuen egoera duela berrogei urteko egoerarekin alderatzeko. Ikusi nahi genuen nola irudikatzen zen gure kolektiboa ideologietan, diskurtsoetan, mezuetan..., eta nola ikusten den gaur egun. Orain herritar gisa irudikatzen gaituzte, lehen baino gehiago, baina ez dago erabateko berdintasunik.
Badago desgaituen aurkako gorroto diskurtso bat?
Gure kolektiboaren aurkako erasoak badaude, baina ez nuke esango oso gauza orokortua denik. Noizbehinka sortzen diren kasuak dira. Egia da azkenaldian gehiago agertzen direla txostenetan horrelako kasuak, baina hori, alde batetik, positiboa da: esan nahi du gehiago salatzen dela. Elkartean lan asko egiten dugu alde horretatik, ahalduntze politikoari begira. Diskriminazio egoera bat jasaten duenean, salatzera bultzatzen dugu jendea. Beraz, txostenetan gorroto delitu gehiago agertzeak esan nahi du gorroto gehiago dagoela gure kolektiboarekiko? Ez dut uste. Esango nuke jende gehiagok ematen duela salatzeko pausoa.
«Ez nuke esango gizarteak gure kolektiboko jendea nahita diskriminatzen duenik, baina pertsona askok jasaten dute diskriminazioa egunerokotasunean».
Gorrotoa baino gehiago, diskriminazioa erabiltzen duzue askotan elkartean.
Bai. Ez nuke esango gizarteak gure kolektiboko jendea nahita diskriminatzen duenik, baina pertsona askok jasaten dute diskriminazioa egunerokotasunean. Esaterako, pertsona bat ezin bada sartu taberna batera eskailerak edo koska bat dagoelako, hori diskriminazioa da. Badakizu lokal horren jabeak ez duela nahita diskriminatu gure kolektiboa, baina diskriminazio egoera bat sortu du.
Zein da gorroto diskurtso horien aurkako antidotoa?
Batetik, gure mezua gizartean zabaltzen jarraitzea: inklusioaren eta berdintasunaren aldarria egitea, argi uztea ez garela bigarren mailako herritarrak. Garrantzitsua da eskubideetan oinarritutako diskurtso bat izatea, eta ez paternalismoan edo asistentzialismoan oinarritutako bat. Normalizazioaren diskurtsoa zabaltzea ere beharrezkoa da: argi utzi behar dugu ez dugula nahi guretzako gune berezirik. Gainontzeko herritarrak dauden toki berean egon nahi dugu: hezkuntzan, esparru publikoan, lan munduan... Eta, bestetik, gure kolektiboa ahalduntzea ere garrantzitsua da. Horren bidez, errazagoa izango da gorroto delituez eta diskriminazio egoerez jabetu eta horiek salatzea.