Jasone Gorroño: Jasone Gorroño: «Oso pozik nago, elkarteak indartsu jarraitzen duelako»

Igande honetan omenduko dituzte Aretxabaletan herriko Loramendi euskara elkarteko sortzaileak. Izan ere, 30 urte bete dira elkartea sortu zutenetik, eta orain arte egindako lana aitortu nahi die herriak.

(ID_13403829) (/EZEZAGUNA) loramendi1
Aretxabaletako Loramendi euskara elkarteko sortzaileak, orain 30 urte, elkartearen atarian.
Miren Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Orain 30 urte Aretxabaletako Loramendi euskara elkartea sortu zutenetako bat da Jasone Gorroño. Kezkatuta dago herrian egun duten egoerarekin. Izan ere, haren ustetan, geroz eta gutxiagok erabiltzen dute euskara. Nolanahi ere, sinetsita dago horretan ere eragiten ari dela Loramendi, eta horrexek pozten du. Igandean omenduko dute, besteak beste, Gorroño, euskara normalizatzeko bidean egindako ekarpenagatik. 

Nola sortu zen Loramendi?

Beinke euskara taldea eta Loramendi ikastolaren fusio baten bitartez. Batzorde bat sortu genuen alde bietako bazkideek hura aurrera eramateko.

Zer zenuten helburu?

Beinkek eta Loramendi ikastolak zuten helburu bera genuen: Aretxabaletan euskara sustatzea. Izan ere, zoritxarrez, gure herrian, euskarak beharrezko zuen horrelako bultzada bat. Horretarako, azpitaldeak osatu genituen aurrena, eta ondoren eman ziguten Loramendirentzat izango zen espazio bat.

Nolako harrera izan zuen herrian?

Oso-oso harrera ona izan zuen. Erabaki zenean Loramendi ikastola desegingo zela, Loramendi elkartera ekarri genuen ikastolaren dirua, zorionez. Diru hori erabili zen bailarako lehendabiziko telebistarako.

Gaur egun, zer da zuretzat Loramendi?

Zer esango dut ba nik... Ezinbesteko zerbait da. Azken batean, gure herrian euskara hutsean funtzionatzen duten eragile bakarrenetarikoa da. Zorionez, asko eta ondo funtzionatzen du.

30 urteren ondotik, indartsu dago Loramendi. Zer da hori hasieratik elkartearen alde egin duen norbaitentzat?

Oso pozik nago elkarte honek lehen bezala jarraitzen duelako eta mantentzen dituelako hasieran genituen helburuak.

Igandean omenduko dutenetako bat zu izango zara.

Bai. Uste dut merezi ere merezi dugula. Ez guk, baizik eta Loramendik. Oso pozik nago egindako ibilbidearengatik eta beste belaunaldi batek hau mantendu duelako.

Aurrerantzean, zer opa diozu elkarteari?

Opa diot orain arteko ibilbideari heldu eta dituen helburu guztiak bete ahal izatea. Horixe da garrantzitsuena. Hori beteko balitz, sekulako poza emango lidake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.