Miguel Morete: «Jakina zen enpresa pirata bat zela, eta Correosek kontratatu egin du»

Correosek lizitazio berri bat atera du, garbiketa zerbitzuak beste enpresa bati adjudikatzeko. Moretek salatu du Correosek eta J. Cordoba enpresak ez dietela langileei inongo informaziorik eman.

Miguel Morete
Miguel Morete, astelehenean, Donostiako ESK sindikatuko egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU
jone arruabarrena
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Correosekin bitartekaritza lana egiten dabil ESK sindikatua; besteak beste, langileei garbiketa zerbitzuen lizitazio prozesu berriaren berri emateko. Gipuzkoako ESK sindikatuko kide Miguel Moretek (Hernani, 1998) salatu du Correosek egoeraren gaineko «erantzukizun osoa» duela.

Correosek lizitazioa atera du berriro, garbiketa zerbitzuak beste enpresa bati adjudikatzeko. Zein da egoera?

Kudeaketa guztia Madrilen egiten da, Correosen administrazio kontseiluan. Hainbat enpresarekin negoziatzen dabil, horiekin hitzarmen bat adosteko. Bestalde, J. Cordoba SCT Acva enpresak erosi du orain. Correosek harekin kontratua eten du, langileei ordaindu ez dielako, baina enpresak erabakia inpugnatu du; bestela, zor duen dirua ordaindu beharko duelako. Horretarako mugitu da enpresa, baina ez langileei azalpenak emateko edo soldata ordaintzeko.

Negoziazioei buruz zer informazio daukazue?

Etengabe ari dira bilerak atzeratzen. Berez, enpresa batekin akordio batera iritsi eta zerbitzua adjudikatu arte, ez dauka zentzurik bilerak egiteak. Hori gertatu arte ez da egoera aldatuko.

Zer jarrera izan du enpresak lizitazioa adjudikatu ziotenetik?

Hasieran, hilabete batzuetan atzerapenekin ordaindu zituen soldatak. Ordu hartan, langileei esan zieten atzerapenengatik ere konpentsazio bat ordainduko zietela. Baina ez zuen esandakoa bete. Kontrara: hurrengo hilabeteetan soldatak ordaintzeari utzi zion.

Langileek salatu dute enpresak ez dietela inolako informaziorik eman.

Ez, J. Cordobak ez die langileen eskaerei erantzun, isiltasuna mantendu du une oro. Nomina batzuk bidali zituen hasieran; gaizki eginak, gainera, baina dirua ordaindu gabe. Geroago soldata orriak bidaltzeari ere utzi zion. Enpresarekin harremanetan jartzen saiatu garenean ere ez du inolako erantzunik eman.

«Correosek atera du lizitazio berria, baina ez du argi esaten langileei ordaindu beharreko zorra zenbatekoa den»

Eta Correosek?

Correosekin hitz egin dugu, eta lortu dugu kontatzea, gutxienez, zer gertatzen ari den lizitazio prozesu berriarekin. Dena den, gu ez bagina informazioa lortzen tematuko eta langileek ez balute borroka abiaraziko, Correosek ere ez liguke informaziorik emango. Hemen beste arazo larri bat dago, informazio falta horrek eragiten duena: behin eta berriz zabaltzen dira zerbitzua azkenean beste enpresa bati adjudikatu diotela dioten zurrumurruak. Horrek langileei itxaropen faltsua ematen die, eta, gezurra dela ohartzen garenean, etsipena areagotzen die.

Hala ere, salatu duzue Correosek ez duela informazio guztia eman.

Bai. Arazo larri bat dago hemen: adjudikazioa lortzen duen enpresak bere gain hartu beharko du J. Cordobak langileekin daukan zorra. Correosek atera du lizitazio berria, baina ez du argi esaten langileei ordaindu beharreko zorra zenbatekoa den. Beraz, lizitaziora aurkezteko asmoa daukaten enpresek ezin dituzte aurrekontuak ondo egin, eta galerak edukitzeko aukera gehiago dituzte. Hori gertatuko balitz, gainera, baliteke egoera hau berriz errepikatzea. Correosek erraz konpondu ahalko luke arazo hori, baina ez du konpontzen.

Beraz, beste enpresa batek lizitazioa hartuz gero, gatazka ez litzateke bukatuko, ezta?

Ez dakigu enpresa berri batek lizitazioa hartzen badu langileei zor zaien dirua zentzuzko denbora batean ordainduko dien. Bost hilabeteko soldata da, diru kopuru handia; batez ere, horrelako sektore prekario batean lan egiten dutenentzat.

Correos da arazoaren erantzule nagusia?

Bai. Erantzukizun osoa dauka. Lehenik eta behin, enpresa bat azpikontratatzearren. Bestalde, zerbitzua azpikontratatzen badu, gutxienez bermatu beharko du kontratatzen duen enpresa horrek langileei ordainduko diela. Beste arazo bat da lizitazioan eskaini zuen diru kopurua ez zela nahikoa langileei soldata ordaintzeko; enpresak ez dauka langileei legezko epean ordaintzeko dirurik ere. Eta, azkenik, enpresa hori lehiaketara aurkeztu zenean, Interneten bilaketa arrunt bat eginda ikusi zuten langileek J. Cordobak zorrak zeuzkala beste leku batzuetako langileekin ere. Hau da: jakina zen enpresa pirata bat dela, eta Correosek kontratatu egin du, diru publikoarekin, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.