Kanpoko hotzetik babesteko eta liburu bat irakurtzeko leku aproposa da Arrasateko udal liburutegia. Eremu zabalak eta atseginak ditu harrizko eraikinak. Bigarren solairuan dago Asun Agiriano (Arrasate, 1963) udal liburutegiko arduradunaren bulegoan. Filosofian lizentziatu ondotik, Haur eta Gazte Literaturako masterra egin zuen, eta Galtzagorri elkarteko lehendakari izan zen gero. Liburu pila bat atera ditu bulegoko mahai gainera, eta ondoan du Kutxa fundazioak lehengo hilean emandako ohorezko garaikurra. Literatur lan bat aukeratzeko eskatuta, Mariasun Landaren Iholdi (Erein) aukeratu du. «Zaila egin zait bakarra aukeratzea», esan dio kazetariari. Liburu berri batzuei buruz ere mintzatu da Agiriano. Esate baterako, haur eta gazte literaturako Dani Martirenaren eta Ana Ibañezen Itsasoa bete urre (Txalaparta) izan du hizpide, euskaraz eta irakurzaletasunaz solasean ari zela.
Txikitatik sortu zitzaizun liburu artean egoteko gogoa?
Beti izan naiz irakurzalea; txikitan irakurtzen ikasi bezain laster, nire eskuetara iristen ziren liburu guztiak irentsi egiten nituen. 10 urterekin, udal liburutegiko bazkide txartela atera, eta beste genero batzuk irakurtzeari ekin nion, batez ere abentura eleberri klasikoak: Los Hollister, Torres de Malory eta abar. Liburutegien munduan profesionalki aritzeko inspirazioa eta gogoa Nikaraguan nengoela iritsi zitzaidan, Matagalpan, bertako haurren biblioteka bat antolatzeko laguntzaile lanak egiten nituen bitartean. Beste lurralde batzuetatik dohaintzan jasotako liburu zoragarriak zeuden liburutegian, ilustrazio zoragarriekin, dotore editatuak. Aspaldi jakin nuen nire etorkizuna liburuei lotuta egongo zela eta libururik gabe bizitza hotzagoa egingo zitzaidala.
Nola hasi zinen zure oraingo lanpostuan?
Oposizioen bidez eskuratu nuen lanpostua, eta 1992ko udazkenean hasi nintzen. Prestakuntza jasotzen ari naiz ordutik, formakuntza inoiz ez baita amaitzen kuriositatea baldin badaukazu. Azken bizpahiru urteetan bibliotekako zuzendaria ere banaiz. Bestalde, Galtzagorri elkartearen sorreran parte hartu nuen. Elkarte munduan ibili izan naiz eta ikastaro ugari egindakoa naiz. Haur eta gazte literaturak asko erakartzen nau, eta ezin naiz urrundu. Interes handiz erreparatzen diot liburu ekoizpenaren bilakaerari. Zerbaitekin gozatu baduzu, sentsazio hori betirako geratzen zaizu. Gainera, gozatzeko adinik ez dago, eta, literaturaz ari bagara, denontzat izan behar du.
Euskarazko haur eta gazte literaturak nola eboluzionatu du?
Asko aldatu da, eta, oro har, onerako izan da. Gaur egun liburu ederrak daude, estetikoki oso landuak. Liburuen aukera zabalagoa da, zalantzarik ez dago. Dena den, aukeraketak arreta gehiago eskatzen du: dedikazioa, interesa, formakuntza, eta, jakina, irakurketa. Irakurketa mintegiek laguntzen dute horretan, edo hilero-hilero biltzen diren irakurketa taldeek edota irakurle klubek. Herri askotan arrakastatsuak dira Haur eta Gazte Literaturako irakurketa taldeak. Izan ere, irakurketa da ezagutzak eta erreferenteak partekatzea. Hala ere, gurean, haurrentzako euskarazko komikien esparrua desertua da oraindik, nahiz eta genero bikaina den irakurzaletasuna bultzatzeko.
«Haurrentzako euskarazko komikiaren esparrua desertua da, nahiz eta genero bikaina izan irakurzaletasuna bultzatzeko»
Irakurzaletasuna bultzatzea da Galtzagorri elkartearen helburua, ezta?
Irakurzaletasuna aldendu egin behar da behar hitzetik. Literatura eta beharra ezin dira uztartu, literaturak plazera izan behar baitu. Irakurketaren garrantzia ez da lotu behar euskara edo literatura ikasgaiekin bakarrik, eta, beraz, irakurketa zeharkako gai bat izan beharko litzateke ikastetxeetan. Haur bakoitzak bere erritmoa du, batzuekin funtzionatzen duenak beste batzuekin ez du ongi funtzionatuko. Literatura errezeta bezala erabiltzea ez zait egokia iruditzen: ondo dago horretarako aukerak aprobetxatzea, baina ez beti.
Ba al da irakurzaletasuna sustatzeko estrategiarik?
Adin bakoitzeko estrategia desberdinak daude. Esaterako, haurrak irakurtzen ikasi aurretik, liburua erakutsi eta irakurri egin behar zaio, baina haren espazioa eta autonomia errespetatuz. Adinean aurrera joan ahala, irakurleari lagundu egin behar zaio: ondoan egon, aukera desberdinak eskaini, galdetu liburua gustuko duen edo aspertu ote den. Garrantzitsua da irakurketaren jarraipena egitea. Uste dut familiak rol inportante bat betetzen duela irakurzaletasuna sustatzeko garaian. Izan ere, familia irakurzaletasuna modu ludikoan transmititzeko lehen eragilea da, bai eta eragiteko oinarrizko faktoreetako bat ere. Familiaren ondotik, eskola da irakurlearen formakuntza sendotzeko eragile nagusia. Hala ere, liburutegiak etengabeko eta ezinbesteko tokiak izan beharko lirateke bi kasuetan.
Haurrek zer irakurtzen dute nagusiki?
Merkatuak agintzen diena. Gustuak eta modak merkatuak agintzen ditu. Helduei dagokienez, gauza bera gertatzen dela esango nuke. Haurren artean, saritua izan den liburua irakurriko da gehiago. Batek irakurtzen badu eta gustatu bazaio, beste asko hasiko dira liburu bera eskatzen.
Euskara eta literatura uztartzeak zer garrantzi izan du zure ibilbidean?
Berandu alfabetatu nintzen, eta garai hartan, ikasketak gaztelaniaz egiten ziren. Lan munduan murgildu behar izan nuenean hasi nintzen euskaraz ikasten, irakurtzen eta idazten. Euskara eta gaztelania dira nire bi hizkuntzak, eta aberastasun horrek elikatu nau irakurketa ibilbidean, biak erabiltzen baititut irakurtzeko, idazteko eta komunikatzeko.
Itzulpen asko dira Haur eta Gazte Literaturako ekoizpenen artean.
Bai. Euskal literaturan urrats handiak egin dira, batez ere itzulpengintzan. Sekulako itzultzaile harrobi ona daukagu, lan bikainak daude. Bere garaian, euskaraz sortutako liburuek zuten abantaila, eta itzulpenak gutxiesten ziren. Gaur egun, berriz, jendeak onartu du itzultzaileak sortzaileak direla: uste ustel hura irauli da. Ondorioz, nik uste dut balio bera ematen zaiola euskarara ekarritako liburu bati eta euskaraz sortutako bati. Niri gehiago irakurtzea gustatuko litzaidake. Dagoen eskaintza zabal eta interesgarria ikusita, denbora eskasa dut: opor luze batzuk beharko nituzke nire eskuetatik pasatzen direnak patxadaz irakurtzeko.
«Bere garaian, euskaraz sortutako liburuek zuten abantaila eta itzulpenak gutxietsi egiten ziren. Gaur egun, berriz, onartu da itzultzaileak sortzaileak direla: uste ustel hura irauli da»
Telebistan ere bizi izan dituzu abentura batzuk: Ipupomamua, Sautrela eta Artefaktua saioetan.
Bai. Ipupomamua saioarekin hasi nintzen. Gauzak esateko gogoak bultzatu ninduen exijentzia maila batera. Ondorioz, behin eta berriz errepikatu behar genituen grabazioak, eta mentalki asko nekatzen ninduen, ez bainekien inprobisatzen. Orduan, are urduriago jartzen nintzen. Oso ekipo ona zuen Ipupomamua saioak, Nagore Aranburu eta Aitziber Garmendia aktore erraldoiak, esate baterako. Anjel Alkainek eta Iñaki Agirrezabalek egiten zituzten gidoilari lanak. Telebista ez da komunikabide erraza. Asko miresten nuen aktoreek zuten patxada eta lasaitasuna. Orain ez nau hainbeste izutzen telebistak, baina hedabideen aurrean nahiago dut aurretik jakin zer galdetu behar didaten, pentsatu eta idatzi.
Zergatik?
Uste dudalako garrantzitsua dela ordenatzea nork bere ofizioari buruz esaten dituenak.
Kutxa fundazioak Donostia literatura sarien ekitaldian ohorezko garaikurra eman zizun azaroan. Espero zenuen?
Ez, ezusteko handia hartu nuen. Banekien sari hori ematen zutela, baina normalean ni baino zaharragoak direnei eman ohi zaie saria, ibilbide luzeago bat egin dutenei. Horixe adierazi nion Kutxako zuzendariari ere, oraindik gaztea nintzela sari handi bat jasotzeko. Oraindik badut egiteko bidea, erronka berriak zain ditut, baina sariarekin ohartu nintzen orain arte egin dudan lana saritu nahi zutela. Beraz, ezin nion uko egin. Gainera, sariak beti dira poz iturri.
MOTZEAN
Irakurtzeko, papera edo pantaila nahiago?
Paperean nahiago dut; egunkariak eta saretik etortzen zaizkidan berriak sakelakoan irakurtzen ditut, baina gozatzeko eta dastatzeko papera behar dut nik.Euskarazko haur eta gazte literaturako libururik gustukoena?
Mariasun Landa, eta, haren liburu bat aukeratu beharko banu, Iholdi aukeratuko nuke. Aurkikuntza bat izan zen irakurri nuenean. Irribarre batekin uzten zaitu liburuak. Egungo lanei dagokienez, Dani Martirena eta Ana Ibañezen lanak azpimarratuko nituzke. Artista hutsak dira liburuak egiten.