Hondakinak itsasora irits ez daitezen, etxeko lanak

Itsas Zaintza Sareak itsas hondakinak bilduko ditu bihar Gipuzkoako sei herritan.

mater2
Hainbat pertsona Pasaiako Alabortza inguruan hondakinak biltzen, irailaren 26an.
2023ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Itsas Zaintza Sareak deituta, itsas hondakinen bilketak egingo dituzte bihar Gipuzkoako sei herritan. 11:00etan hasiko da herri guztietan. Zehazki, zona hauetan egingo dituzte hondakin bilketak: Pasai Donibaneko Alabortza inguruan, Hondarribiko kirol portuan, Donostiako Urumea ibaian, Zarauzko hondartzan, Zumaiako Itzurun hondartzan eta Mutrikuko Saturraranen. Mater Ontzi Museoko Ekoaktiboko zuzendari eta Itsas Zaintza Sareko kide Izaskun Suberbiolak jakinarazi du aurrez pentsatutako guneak direla denak: «Gune estrategikoetan egingo dira bilketak. Sareko eragileen ezagutzari esker identifikatu dira leku horiek». Gaineratu du, halaber, «ingurune naturala garbi mantentzeko» eta «hondakinek ingurumenean duten eraginari buruzko kontzientzia sortzeko» antolatu dituztela bilketok.

«Itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen» duten Gipuzkoako hogei eragilek osatzen dute Itsas Zaintza Sarea. Itsasoaren kontserbazioren gainekoak sustatzea du helburu, jendearen kontzientzia astintzeko asmoz. Pasaiako portuan dagoen Mater Ontzi Museoak sustatutako sarea da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. Eragile horiek, itsasoaren eta ingurumenaren zaintza aktiboa euren zeregina izanik, badute premisa bat: ez sortzea hondakinik. «Hondakinik onena sortzen ez dena da».

Edonola ere, zaintza sarea ez da hutsetik sortu. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko kideek esperientzia handia dute itsasoaren zaintza lanetan, egitasmo ugari landu baitituzte askotariko eragileekin; hala nola ikastetxeekin, itsasoarekin harremana duten eragileekin, herritarrekin, erakundeekin... Egina dute saretze lana horietako askorekin. «Oraingoan hogei eragile bildu gara era formalean. Itsasoaren inguruan dugun ezagutza itsasoaren zaintza sustatzeko erabili nahi dugu. Itsas eragileak zaintza horretan erreferente bihurtu nahi ditugu. Arrantzaleak, surflariak, arraunlariak, itsasoarekin harremana diten materiala egiten duten enpresak... Denetik dugu sarean», azaldu du Suberbiolak.

Sarekideek jakin badakite, erakundeek nahiz ikerketan aditu direnek badutela itsasoaren gaineko ezagutza, eta horren parte izan nahi dute. Herritarren zientzia deitzen diote horri. Suberbiolak azaldu du ezagutza hori herritarrei zabaltzea dutela helburu: «Gure aldetik badakigu itsasoak nola dauden, behaketa aktiboa da gurea, egunerokoa. Zaintza sarearen lan ildoetako bat da guk dugun ezagutza hori partekatzea eta administrazioari zein ikerketa zentroei eramatea». Eginbeharren artean, bat dute nagusi: itsasoaren zaintzaren tokiko erreferente izatea, «ingurunea zaindu behar dela adierazteko».

Suberbiolaren arabera, «gizartearen zati handi batek» badu ingurumenaren gaineko kontzientzia, eta gaineratu du auzi horren inguruko «jarrera baikorra» duela multzo horrek. Jarrera baikorra izatetik ingurumenaren aldeko jarrera aktiboa izatera, ordea, aldea dagoela nabarmendu du: «Guk itsasoa maite dugu. Itsasoa zaintzen dugu. Ingurumen praktika onak ezartzen lagun dezakegu, elikaduratik hasita hondakinak sortzea ekiditera. Lan dezente dugu egiteko, eta gure esperientzian oinarritutako laguntza dezente ere eskain dezakegu, helburu txiki eta egingarriekin. Aukerarik naturalena, gure ustez, gutxien kutsatzen duena da».

Aurrena, izen ematea

Zaintza sareko kideek ohartarazi dute biharko bilketetan parte hartu ahal izateko izena eman beharra dagoela aurrez. Bi modutara eman daiteke izena: [email protected]helbide elektronikora idatzita, edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deituta. Izan ere, bilketarako materiala prestatu behar dute, eta, horretarako, lehenagotik jakin beharko dute zenbat diren joatekoak.

Hondakinak jaso eta ezaugarrien arabera sailkatuko dituzte. Ondoren, zakar hori itsasora nola iritsi den hausnartzeko tartea hartuko dute, eta hori berriz ere gerta ez dadin zer bide hartu beharko litzatekeen azalduko diete partaideei. Antolatzaileek adierazi dute itsas hondakinen arazoaren «soluzio» direla biharko bilketetan parte hartuko dutenak. Horregatik, ekintza ugari planteatuko dizkiete, norberak bere inguruan zabal ditzan. Azkenik, piknik jasangarri batekin bukatuko dute goiza.

Hondakinen Prebentziorako Astearen barruan antolatu du Itsas Zaintza Sareak bilketa. Horrez gain, herrialdeko hainbat herritan topaketak egiten ari dira, sarea indartu, eta kontzientziak astintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.