Elkarrizketa

Ander Izagirre: «Istorio onek ematen duten plazerak mugitzen nau ni»

Ander Izagirre kazetariak elkarrekin zerikusirik ez duten gaiez idatzi du bere lanetan: Boliviako haur meatzariez, Groenlandiako inuitez, Frantziako Tourraz... Ez du gai jakin batean arreta jarri nahi, «istorio onak» interesatzen baitzaizkio.

(ID_13767623) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-04-08, Donostia. Ander Izagirre kazetari eta idazlea
Ander Izagirre kazetaria, astelehenean, Donostiako Loiola auzoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Bereaz bestelako herrialdeen errealitatea ezagutzea da Ander Izagirre kazetariaren (Donostia, 1976) jakin-minik handienetako bat. Azkura horrek eraginda, hamaika bidaia egin ditu, eta hainbat lur haztakatu ondotik, bertan aurkitutakoa kontatu dio irakurleari bere lanetan.

Zure ibilbidearen eta lanaren puska handi bat dira bidaiak.

Bai. Bidaiak oso garrantzitsuak izan dira nire bizitzan. Bai plazeragatik, bai eta ogibideagatik ere. Gutxi gorabehera asmatu dut bidaia lanbide bihurtzen, eta hori niretzat da munduko zorterik handiena. Gainera, autonomoa naiz, eta ni joaten naiz gustuko dudan plana egitera.

Joan aurretik jakiten duzu zein gairi buruz idatziko duzun?

Bai. Dokumentazio lana aldez aurretik egiten dut, noski. Gaia ez da agertzen bidaian paseoan ari zarela. Kolonbian izan naiz orain dela oso gutxi. Egona nintzen lehenago ere, baina ez nuen gehiegi ezagutu. Hilabete eta erdi bat pasatu dut bertan oraingoan. Andeetara joan nintzen, indigena batzuengana, istorio berezi bat baitzeukaten.

Nola egin zenuen aurreko dokumentazio lana?

Gaur egun errazagoa da kontaktuak lortzea. Ni eremu horretara ez nintzateke joango aurrez kontakturik lotu gabe. Lurralde autonomo bat da indigenena, eta, biolentzia handia izan duen eremu bat izan denez, haiengana ezin zara iritsi ez badakite oso ondo nor zaren. Erraza izan zen kontaktua egitea hango jendearekin, aurkitu nuen buruzagi izandako baten telefonoa, eta hark jarri ninduen kontaktuan beste batzuekin. Dokumentazioa ere pasatu zidan, haien historia irakur nezan. Gaur egun erraza da sare hori egitea, baina inportantea da aldez aurretik zerbait jakinda eta lan pixka bat eginda joatea.

Behin lan hori eginda, nolakoa izaten da bidaia bat hasi eta idazten hasterainoko prozesua?

Izaten dira egunak ordu asko eta asko eskaintzen dizkiodanak lanari, eta oso nekatuta bukatzen dut eguna. Beti izaten dut koadernoa aldean, eta oso obsesiboa naiz oharrak hartzeko garaian eta jendeak esaten dizkidanak grabatzean, mantendu nahi izaten baititut hitz egiteko moldeak eta halako hainbat detaile, testua aberasten baitute horiek. Ez zait gehiegi gustatzen jendearekin elkarrizketa formalak egitea; niri gustatzen zait bidaiatzen dudan lurraldeko jendearekin tokiko inguruetan mugitzea, eta horretan saiatzen naiz. «Nik joan nahi dut zuk lan egiten duzun lekura eta zu bizi zaren herrira, erakutsidazu», esaten diet. Modu horretara naturalki ateratzen dira kontakizunak. Orduan, lana izaten da esponja batena egun osoan: zita batetik bestera, paseoan eta detaile guztien oharrak hartzen koadernoan.

«Ezagutzen duzunean bertako jendea eta erakusten dizutenean zer egoeratan bizi diren, askoz ere sakonagoa da bidaia, eta nik asko disfrutatzen dut horrekin»

Horregatik definitzen duzu sareetan zeure burua kazetari alderrai gisa?

Bai, bidaiatzea asko gustatzen zaidalako. Ez dut ukatuko afizio hori izan dudala idazteko bulkada. Egia da, hala ere, ordu, egun eta hilabete asko pasatzen ditudala ordenagailuaren aurrean eserita, erreportajeak ez baitira bakarrik idazten. Jendeak uste du beti bidaiatzen eta abentura desberdinetan nabilela, baina nire denboraren zatirik handiena pasatzen dut bulegoko lana egiten: edo bidaia prestatzen edo bidaia idazten. Kolonbiara joaten bazara bi hilabetez, eta bertan zaudela sare sozialetan kontatzen badituzu bizi izandako lau kontu eta sareratzen badituzu bi argazki, jendeak pentsatzen du une oro zaudela abenturan, ez duzulako egunero jartzen: «Hemen nago, ordenagailuaren aurrean, idazten». Horren berri ez dugu ematen. Askotan gertatzen zait norbaitek deitzea eta esatea: «Hara! Ordenagailuaren aurrean harrapatzen zaitut?». Eta zera erantzuten diet: «Noski! Nik horrela pasatzen ditut orduak eta orduak».

Hala ere, esan behar dut asko bidaiatu dudala baina beti izan dudala Donostia oinarrizko kanpaleku. Ez naiz inoiz egon kanpoan bizitzen denbora luzez, eta ez pentsa, pena pixka bat ere badaukat horrekin. Badira denbora luzez kanpoan berriemaile gisa aritzen direnak, baina ni neu ez. Egin izan ditut bi bidaia oso jarraian, baina bien bitartean etxera itzultzen nintzen. Nire lagun batek esaten du bidaiatzen duenean gustura joaten dela, baina, itzuli ere, gustura itzultzen dela. Bi bidaietako bat gustura egin ezean, zerbaitek huts egingo luke prozesu horretan. Nik, oraingoz, gustura egiten dut joan-etorria, eta seinale ona da hori.

Zer ematen dizute halako bidaiek?

Gaztetatik eman dit plazera gainerako lurrak ezagutzeak, eta ikustea zeinen desberdina den bizitza Kolonbiako Andeetan edo Groenlandian. Jakin-min hori izan dut beti. «Nola bizi ote dira horrelako egoera bat duten lurraldeetan?», horixe nuen jakin-min. Beti jakin nahi izan dut nire errealitateaz bestelako errealitateetan nola bizi diren. Hori ezagutuz asko gozatzen dut bidaietan. Istorio onek ematen duten plazerak mugitzen nau ni. Turismoa ere egiten dut, noski. Baina ezagutzen duzunean bertako jendea eta erakusten dizutenean zer egoeratan dauden, askoz ere sakonagoa da bidaia, eta nik asko disfrutatzen dut horrekin. Kasik esan nezake idaztea aitzakia bat dela bidaiak sakonago bizitzeko. Izan ere, aitzakia bat daukazu jendearengana joan eta esateko: «Aizu, joan naiteke zure etxera, eta kontatuko didazu zer gertatu den hemen?»; eta horrek eramango zaitu zure zalantzak argituko dituen beste norbaitengana. Hori sekulako pagotxa da; kazetari gisa bizi dezakezu; turista gisa, ez.

Sakonki ezagutzen dituzun errealitate horiek zure lanen bitartez kontatzen dizkiozu jendeari. Zer garrantzia du norberarenaz bestelako errealitateen berri emateak?

Esan dut idaztea aitzakia bat dela bidaiak sakonago bizitzeko, baina sinisten dut ez dela aitzakia bakarrik, uste baitut bidaia kazetaritzak baduela zentzurik. Gurea bezalako gizarte batentzat onuragarria da munduan zer beste bizimodu, zer beste aukera, zer beste egoera dauden ezagutzea. Bestela, pentsatzen dugu guk ezagutzen duguna dela bakarra eta onena munduan, eta ez da horrela izaten normalki. Gizarteak konektatuta daudenean eta elkarren berri dutenean, aberatsagoak dira, eta nik uste dut hori beharrezkoa dela. Izan daiteke azken orduko larrialdi bat edo gerra bat, eta han ere kazetariak behar ditugu, baina aktualitatearekin lotuta ez dauden gaiak ezagutzea eta kontatzea ere beharrezkoa dela iruditzen zait.

Zuk aktualitatearekin lotuta ez dauden gaiak lantzen dituzu normalki.

Bai. Nik ez dut aktualitatearekin lan egiten normalean, atenporalagoak dira nik idazten ditudan gaiak. Uste dut jendeak baduela interesa jakiteko nola bizi diren beste leku batzuetan, jendeak badauka jakin-min hori, eta komenigarria da.

(ID_13769515) (/EZEZAGUNA) la_cabezonada

Bidaia asko egindakoa da Ander Izagirre kazetaria. Egindako bidaia horien artean, Espainiari bira eman zion Vespa baten gainean, 2006. urtean. Vespaña deitu zion proiektu hari, eta han bizi izandakoak kontatu zituen blog batean. Irudian, Izagirre, Vespa baten gainean, Huescako La Cabezonada herrian, 2006ko udan.

Besteak beste, El Diario Vasco egunkarian zutabea idazten duzu, ostegunero, Plaza de Gipuzkoa txokoan. Astero idatzi behar izatea presiotzat duzu?

Pixka bat, bai. Mantentzen dut arrazoi batengatik: gustatzen zaidalako idazketa erritmo desberdinak izatea. Nik hiru erritmotara egiten dut lan. Askotan izaten dut liburu bat martxan, eta hori da arnasa luzeko lan bat, patxada handikoa. Izaten ditut erreportajeak ere, eta horiek aste gutxi batzuetan egin beharreko lanak izaten dira. Eta, bestalde, El Diario Vasco-ko zutabea, goiz erdi batean-edo egiten dudana. Zutabea idazteko, gainera, erreflexuak eduki behar dira, eta zerbait interesgarria esaten saiatu. Agian, liburuan sartuta nago zutabea idatzi behar izaten dudanean, patxadaz, baina albo batera uzten ditut goiz erdi batez liburuko lanak, zutabearekin jartzeko. Gustatzen zait hiru erritmo horietan lan egitea. Niretzat da kasik gimnasia bat: txirrindulari bat lehiatzeko entrenatzen denean bezala, erritmo desberdinetako saioak egiten ditut.

Eta entrenamendu bateko zer erritmo izango litzateke zutabea?

Esprint bat. Eta gero eusten diot erritmo mantsoagoko saioari. Baina beti erritmo mantsoan ari bazara, aspertu ez, baina inertzia moduko batean sartzen zara. Orduan, esprintak egin behar izateak ematen dizkizu baliabideak mantsoago ari zarenean erabil ditzakezunak.

«Tematuta banago testuren bateko paragraforen batekin edota testu baten bukaerarekin ez banaiz gustura gelditu, burua arintzen laguntzen dit bizikletan ibiltzeak»

Bistan da kirolaria ere bazarela. Txirrindularitza, ikusi bakarrik ez, praktikatu ere egiten duzu.

Bai. Bizikleta erabili dut gauza oso desberdinak egiteko. Gaztetan lehiatzeko erabiltzen nuen, eta, aurrerago, lagunekin hasi nintzen bizikletaz bidaiatzen. Beraz, eman dit mundua ezagutzeko aukera. Txirrindularitza, gainera, literaturarako edo idazteko oso lehengai ona dela iruditzen zait.

Zergatik?

Txirrindularitzari lotutako sekulako istorioak daudelako. Niretzat bizikleta da kasik historiako asmakizunik onena. Gainera, beste edozer gauza idazten ari naizela ere, arnasa hartzeko modu bat ere bada niretzat: tematuta banago testuren bateko paragraforen batekin edota testu baten bukaerarekin ez banaiz gustura gelditu, burua arintzen laguntzen dit bizikletan ibiltzeak. Azenarioa zuritzen ere gerta daiteke, baina kontua da hiru erritmo horien bukle horretatik ateratzea.

Amaitu berri da Euskal Herriko Itzulia. Ikusi duzu?

Kanpoan harrapatu nau, eta berandu heldu nintzen, baina azkeneko etapa ikusi nuen. Bizikletaz joan nintzen, lasterketa pare bat lekutatik ikusi eta buelta, trenez. Etortzen zaizkit 15-16 urte nitueneko oroitzapen eta sentipenak: eskolara bizikletaz joaten ginen lagun bat eta biok, klaseren batera piper egiten genuen eta etapa ikustera joaten ginen elkarrekin. Poz handiko egunak izaten ziren niretzat halakoak, askatasun moduko bat sentitzen nuen. Orain, 30 urte beranduago, gauza bera sentitzen dut etapa ikustera bizikletaz joaten naizenetan. Nire bikotekidea konbentzitu dut, eta elkarrekin egiten dugu plan hori. Asko gustatzen zait txirrindularitzak duen hori.

Zer du?

Begira: iaz, adibidez, egon zen une bat txirrindulari danimarkar bat bi txirrindulari euskalduni aurre hartu ziena, eta bertan zeuden ikusleek txalotzen zuten etxeko bien aurretik zihoan kanpotar hori. Hori da kirola ulertzeko interesatzen zaidan modua, eta hori mantendu nahiko nuke. Futbola da gu besteen kontra, eta txirrindularitza, ez.

Futbolaz ere idatzi duzu zure azken lanean, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera idatzi duzun Subcampeones liburuan.

Bai, eta beti pentsatu izan dut inoiz ez nintzela beste norbaitekin liburu bat idazteko gauza izango. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan erabat. Oso maniatikoa naiz idazteko garaian, eta ez naiz hasiko negoziatzen beste norbaitekin nola idatzi. Horretan oso diktadorea da idazlea. Baina Zuhaitzekin sorpresa handiak izan ditut. Idatzi zidan mezu elektroniko bat esanez bere bizitza kontatu nahi zuela liburu batean, eta proposatu zidan berekin batera idaztea. Oso gutxi ezagutzen nuen hark bizi izandakoa, baina pentsatu nuen interesgarria izango zela kontatu nahi zuena.

Zer erantzun zenion mezu hari?

Hotz samar erantzun nion hasieran: esan nion jarriko genuela hitzordu bat, baina lanez gainezka nenbilela. Donostiako Okendo kafetegian jarri genuen zita, eta Zuhaitzek pasatu zituen hiru ordu bere bizitza kontatzen, eta nik hiru ordu pasatu nituen aho zabalik. Txundituta itzuli nintzen etxera, eta argi ikusi nuen nire proiektu guztiak alde batera utzi behar nituela denbora batez. Hala egin nuen. Oso istorio bitxia iruditu zait Zuhaitzena: futbol jokalari profesional baten mugak erakusten ditu, hain publikoa den jardun baten atzean zegoena. Gehien txunditu ninduena izan zen bizi izan zuena kontatzen duenean, nola nahasten dituen tragedia eta komedia. Pentsa: barrez lehertuta iritsi nintzen etxera hitzordu haren ondotik, eta esaten nuen: «Zeri egiten diot barre? Oso gauza gogorrak kontatu dizkit Zuhaitzek». Baina kontatzen ditu halako umore batekin... Horrek liluratu ninduen, eta altxor bat izan da niretzat halako kontakizun bat ezagutzea. Azken batean, jokalari profesional bat zen Zuhaitz, dirua zeukan, 21-22 urterekin etxe bat erosi zuen Donostian, baina, noski, bizi zuen egoera gordin hartan, ez zion ezertarako balio. Hondoratuta zegoenean eta bizitzeko gogorik gabe, ez zuen arazo ekonomiko bat gainean, baina beste batzuk zeuzkan.

«Euskaraz eta gazteleraz egiten dut lan nik, euskalduna naiz, baina argi daukat askoz ere errazago idazten dudala gazteleraz»

Nork kontatzen ditu bere lanean edo bikote harremanetan bizi izan dituen porrotak, lotsak, egoeraren bat disimulatzeko egin dituen tranpak, ahuldadeak...? Denok ditugu gure zuloak eta gure putzuak, eta Zuhaitzek oso sakonak eta beltzak izan zituen. Publikoki hain gordinki kontatzera ausartu izanak balio handia duela iruditzen zait.

Hitzordu hartatik aurrera, nola egin zenuten lan?

Oso erraza izan da, Zuhaitz oso narratzaile ona delako eta antzeko umorea dugulako. Hark bere bizitza osoa idazten zuen testu jarraitu batean, atalka, inolako kezka literariorik gabe. Gero nire etxean elkartzen ginen, irakurtzen nituen atalak, eta galderak egiten nizkion. Topaketa horietan bildutako materialarekin bertsio bat idazten nuen, hari pasatzen nion, eta hark doikuntza batzuk egiten zituen. Oso erraz aritu ginen ping-pong ariketa hori egiten. Erronka gisa hartu nuen Subcampeones idaztea, eta Zuhaitzen ahotsa neukan etengabe buruan.

Eztabaida sortu du sareetan liburua gazteleraz soilik argitaratu izanak. Zer erantzun du horrek?

Niretzat, erantzun erraza du. Euskaraz eta gazteleraz egiten dut lan nik, euskalduna naiz, baina argi daukat askoz ere errazago idazten dudala gazteleraz. Nire lanik garrantzitsuenak gazteleraz egin ditut; tresna gisa, askoz ere hobeto maneiatzen dudalako gaztelera. Zuhaitzek niregana jo zuen; besteak beste, hark ere gazteleraz kontatu nahi zuelako. Esaten du askoz ere errazago egiten duela umorea gazteleraz, nahiz eta euskalduna den eta umetan kostatu egiten zitzaion gazteleraz hitz egitea. Urte asko pasatu ditu kanpoan futbola dela eta, eta sentitzen du bere bizitzako une horiek gazteleraz bizi izan dituela eta hala adierazi nahi zituela. Natural atera zen zerbait izan zen, ez genion minutu bakar bat ere eskaini horri, ez baitut neure burua gai ikusten maila hori euskaraz emateko. Diruagatik, behintzat, ez genuen egin. Hori pentsatzea erridikulua da. Saltzen den ale bakoitzeko euro bat irabaziko du Zuhaitzek. Orduan, ETB1en bi hilabetetan jasotzen zuen soldata jasotzeko, badakizu zenbat liburu saldu behar diren?

Euskaratzeko asmorik badagoen badakizu?

Nik ezin dut egin, gazteleraz daukadan maila euskaraz ez dudalako emango. Gainera, gogoa daukat beste proiektu berriei heltzeko.

Askotariko gaiak landu dituzu zure lanetan: Boliviako haur meatzariei buruz idatzi duzu, Groenlandiako inuitei buruz, Frantziako Tourrari buruz... Zer irizpide erabiltzen duzu gaiak aukeratzeko garaian?

Nik sentitzen dut istorio bakoitzaren atzean dagoen lilura. Berdin du gaia zein den; istorio ona bada, kito. Begira: behin irakurri nuen kronika bat ronari buruz, nik ez dut rona edaten, eta ez zait interesatzen, baina kronikak kontatzen zuen istorioa oso ona zen. Orduan, istorioa ona bada, jakin-mina pizten zait, baita jendeari kontatzeko gogoa ere.

MOTZEAN

Egin duzun bidaia bat?
Azkena egin dudana: Kolonbiakoa.

Bizikletaz ibiltzeko, bakarrik edo taldean?
Bakarrik.

Txirrindulari bat?
[Roger] Walkowiak. Tour bat irabazi zuen txirrindulari horrek, eta damutu egin zen irabazi izanaz. Mespretxuak jaso zituen publikoki, txiripaz irabazi zuela esaten zioten, eta erretiratu egin zen. 80 bat urte zituela elkarrizketa bat egin zioten, eta aipatu zioten irabazi zuen Tour hura, eta negarrez hasi zen, asko sufritu zuelako.

Eredutzat duzun kazetari bat?
Martin Caparros.

Idazle bat?

Philiph Roth.

Azkena irakurri duzun liburua?
Un manicomio en el fin del mundo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.