Elkarrizketa

Maite Gurrutxaga: «Irudipena daukat ahaztu egiten zaigula ilustrazioak irakurtzeko direla»

Maite Gurrutxaga ilustratzaileak ez ditu gustuko ilustrazio literalak. Marrazkien bidez kontatzeko modua aurkitzen du, ilustrazioa narrazioa dela uste baitu. Ibilbide oparoa du egina, eta erronka berriak ditu aurretik.

(ID_13814717) (/EZEZAGUNA) img_7089
Maite Gurrutxaga ilustratzailea, joan den astean, bere etxeko lan mahaian, Amezketan. JOSU ARTUTXA
Amezketa
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Argitaletxeetatik jasotako enkarguak egitetik bizi da Maite Gurrutxaga Otamendi ilustratzailea (Amezketa, 1983). Bestelako enkarguak ere egin izan ditu, hala ere; esaterako, Oneka Emakume Pentsiodunen Plataformaren Egunaren adinak izeneko lanerako egin ditu ilustrazioak. Beka bat jaso berri du orain gutxi, eta lan pertsonal bat dauka esku artean. Etxean du lan mahaia, eta bertan hitzartu du zita kazetariarekin. Txukun dauka mahaia, horrek ematen baitio zirriborroak egiteko gogoa.

Egunaren adinak izeneko kontakizuna ilustratu berri duzu.

Lan berezia izan da hori, zenbait arrazoirengatik. Batetik, Mariasun Landarekin berriro kolaboratzeko aukera izan dudalako, hamahiru urteren ondoren. Bestetik, Oneka Emakume Pentsiodunen Plataformak egindako eskaera bat izan delako, eta poz handia hartu nuen emakume talde batekin lan egiteko aukera izan nuelako. Gainera, ilustrazioak egiteko eta liburuaren diseinua nolakoa izango zen erabakitzeko askatasun handia izan dut.

Zeri buruzkoa da lana?

80 urteko emakume bat da protagonista. Ipuinean zehar, oraindik ere presente dituen adin desberdinak sentituko ditu. Asko gustatu zait lan hau egitea; erabat konektatu dut kontakizunarekin.

Duela bi aste, gainera, eslovenierara itzuli dute zuk ilustratutako Martin ipuina.

Alaine Agirrek idatzitako album ilustratu bat da. Lazarillo saria irabazi zuen 2015ean, eta orain bere ibilbidea egiten ari da.

Zure lana zabaltzeko aukera ona iruditzen zaizu itzuli izana?

Bai. Ikaragarri pozten nau nire izena daraman lan bat beste hizkuntza batera itzultzeak, baita beste toki batzuetan gustuko dutela jakiteak ere. Lan nahiko bakartiak izan ohi dira idaztea eta ilustratzea, eta ezjakintasun betean bizi zara. Ez duzu jakiten norekin konektatuko duzun, edo nori gustatuko zaion.

Zuri nondik datorkizu ilustraziorako zaletasuna?

Beti esaten dut denok txikitatik marraztu izan dugula, baina askok marrazteari uzten dio, gaizki egiten duela uste duelako edo nahiko lukeen emaitza lortzen ez duelako. Kaligrafiarekin antzeko zerbait gertatzen da, eta idazten jarraitzen dugu. Sentitzen duguna adierazteko tresna boteretsua da ilustrazioa, baina askotan baztertu egiten dugu. Nik ez nuen albo batera utzi, eta marrazten jarraitu nuen.

«Gurasoek erakutsi didate xehetasun txikienak ere ondo begiratzen, eta hori oso garrantzitsua da marrazketarako»

Familiak izan al du eraginik?

Amak oso ondo marrazten zuen gaztetan. Aita, berriz, beti izan da abila eskulanetarako. Oso gustuko ditu, eta pazientzia handia du; gauzak mimo handiarekin zaintzen ditu. Haiengandik jaso dudan ezaugarri garrantzitsuenetako bat behaketarako gaitasuna izan da. Gurasoek erakutsi didate xehetasun txikienak ere ondo begiratzen, eta hori oso garrantzitsua da marrazketarako. Margotzea oso gustuko zuen izeba bat ere badut. Marrazketa klaseetara joaten nintzen harekin Ordiziara, eta oroitzapen oso politak ditut harrezkero. Tolosan ere jaso nituen eskulanen inguruko eskolak.

Haurtzaroan eta nerabezaroan marrazki asko egindakoa zara?

Bai. Liburuen ertz guztiak marrazkiz betetzen zituzten horietakoa nintzen.

Zergatik erabaki zenuen ilustratzaile izatea?

Argi nuen Arte Ederrak ikasi nahi nituela, eta ikasketak egiten ari nintzela ohartu nintzen ilustrazioa egin nahi nuela. Beti hunkitu izan nauen jarduna da. Oso zorteko sentitzen naiz argi eta garbi nuelako zein bide hartu nahi nuen. Zaletasuna lanbide bilakatu izana, neurri batean, nebari zor diot. «Ilustratzaile izan nahi baduzu, egin zaitez, zure lanorduak horri eskaini. Nork esango dizu bazaren ala ez?», esaten zidan.

Nola gogoratzen duzu unibertsitate garaia?

Asko ikasi nuen, eta, gainera, gerora zer egin nahi nuen deskubritu nuen. Ziur nago gauza asko geratu zaizkidala garai hartatik. Hala ere, ez zen garai erraza izan niretzat: deseroso sentitzen nintzen, apur bat galduta. Egiten nuena ez zen guztiz pintura, ez zen guztiz ilustrazioa.

(ID_13819002) (/EZEZAGUNA) (;)

Maite Gurrutxaga ilustratzaileak, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Bruselako Fête de la BD / Strip Feest Nazioarteko Komiki Jaialdian parte hartu zuen lehen aldiz 2015eko irailean, Gregorio Muro eta Dani Fanorekin batera. Irudian, Gurrutxaga, 2015ean, Bruselan, bere Habiak lanaren kartela aldean duela. HITZA

Zuk esana da marrazketa inoiz amaitzen ez den ikasketa prozesu bat dela.

Bai. Nik oraindik ikasten jarraitzen dut. Lan bat amaitzen dudan aldiro, hutsetik hasiko nintzateke berriro, lan horren prozesuan zehar ikasi ditudanak praktikan jartzeko. Hutsetik hasiz gero hobeto egingo nukeela sentitzen dut. Bigarren, hirugarren edo laugarren aldian ere gauza bera pentsatuko nuke. Habiak komikiarekin gertatu zitzaidan hori: bi urte pasatu nituen egiten, eta amaitutakoan jabetu nintzen ikaragarri ikasi nuela. Onartu behar dut lan bat amaitzen dudanean ez naizela guztiz konforme sentitzen, baina hori gainditzen ere ikasi behar da.

Joseba Sarrionandiaren Gau ilunekoak izan zen ilustratu zenuen lehen liburua, 2008an.

Nerabezaroan, haren kartzelako olerkiak irakurtzen nituen, eta ikaragarri gustatzen zitzaizkidan. Urte berean, Karlos Linazasororen Zein beste mundukoa liburua ere ilustratu nuen. Sekulakoa izan zen.

Nola hasten zara ilustrazioak sortzen?

Lehenik, denbora nahikoa izatea gustatzen zait, ez dadila izan egun batetik bestera egiteko lan bat; bestela, ez dut gozatzen. Testua jaso ondoren, irakurri, eta albo batera uzten dut denbora batez. Gero, inkontzienteki, irudiak pentsatuz joaten naiz. Askotan, lan mahaian ez nagoenean bururatzen zaizkit ideiak. Hala ere, irudi mentalak izaten direnez, errazagoa egiten zait gerora gogoratzea. Adibidez, ohean nagoenean, lo hartu aurretik, zenbait ideia bururatzen bazaizkit, trikimailu bat dut: liburua mahai gainean badago, hartu eta logelaren erdian uzten dut, biharamunean esnatu eta bertan ikusitakoan gogoratu nadin.

Askatasuna ezinbestekoa izango da zurea bezalako lan batean, ezta?

Idazleak lan artistiko bat egiten du, baina ilustratzailearena ere sormen lana izaten da. Bakoitzak bere lengoaia du, eta askatasuna eman behar zaio horri. Ilustratzaile bati lan bat egiteko eskatzen zaionean, bere kontatzeko moduak testuari lagun diezaiokeelako izaten da. Beraz, nire iritziz, nahi bezala sortzen utzi behar zaio sortzaileari.

Eta presiorik sentitzen al duzu ilustrazioak egitean?

Errespetu handia diet liburuei, eta horietako batzuek nire sormen lanak izango dituztela jakitean, presioa ere sentitzen dut. Hori bai, neure buruari ezartzen diodan presioa izaten da. Norberak bere burua apur bat estutzea beharrezkoa dela uste dut; oreka batean mantentzen zaitu.

«Ilustratzaileak bagaude, eta askoren lana oso interesgarria da, baina profesionalizatu egin behar da»

Zein ilustrazio teknika lantzen duzu?

Ordenagailuan lan egitea ez dut gustuko, deseroso sentitzen naiz. Irudien tamaina handitu eta txikitzeko aukera ematen duen arren, niri neurri erreala jakitea gustatzen zait, bai eta egiten dudana aurrean izatea ere; bestela, galdu egiten naiz. Pintzelekin eta ur margoekin oso gustura aritzen naiz. Lehen, akuarelak erabiltzen nituen, eta gero, tenperekin hasi nintzen. Paperak eskuz moztu eta bertan arkatzarekin edota axotearekin lan egiten erosoago sentitzen naiz. Nahiz eta asko digitalizatu den arloa izan ilustrazioarena, ezinbestekoa da gustura aritzea, eta ni, lanak eskuz eginda, erosoago sentitzen naiz.

Orain ilustrazioren bat edo lan bereziren bat egiten ari zara?

Lan pertsonal bat aurrera eraman ahal izateko beka bat jaso berri dut, eta oso gustura nago. Mexikora egindako bidaia batean sortu zitzaidan ideia.

Zeri buruzko lana da?

Ez dut asko kontatu nahi. Haserre dagoen emakume bati buruzko lan bat da. Aurreiritzi txar asko dauzka, eta lezio bat jasoko du.

Zer izaten da zailena ilustrazioan?

Ez zarela soilik marrazkilaria. Autonomoa zara, freelance modura egiten duzu lan, eta zure sorkuntzak modu egokian zabaldu behar dituzu; gaur egun, batez ere, sare sozialen bitartez. Hori ez zait batere gustatzen.

Merezi al du ilustratzaile izatea?

Nekagarria da. Ez da erraza, eta askotan gogorra ere izaten da, ez baitzara soldatapeko langile bat. Baina honetan jarraitzen dut; beraz, niretzat merezi du. Egun oso bat marrazten pasatu ahal izateak asko pozten nau oraindik.

Hasi zinenetik gaur egunera arte, aldatu al da ilustrazioa?

Euskal Herrian emakume ilustratzaile dezente ginen lehen, eta orain ere bagara. Akaso, teknika da aldatu dena. Lehen, ilustratzaile gehiagok egiten zuten lan eskuz, eta orain erraztasun handiagoak ematen dituzte digitalki aritzeko. Produkzioari dagokionez, helduentzako ilustrazio eta komiki gehiago egiten dira orain.

Eta publikoak ilustrazioaren inguruan duen ikuspegia aldatu al da?

Irudien eta digitalizazioaren garaian bizi bagara ere, oraindik egiteko asko dagoela iruditzen zait. Ilustrazioaren alorrak duen komunikaziorako gaitasuna oso handia dela uste dut, baina irudipena daukat ahaztu egiten zaigula ilustrazioak irakurtzeko direla. Ilustrazio on batek komunikatu egiten du.

Gaur egun osasuntsu al dago ilustrazioa?

Ilustratzaileak bagaude, eta askoren lana oso interesgarria da, baina profesionalizatu egin behar da. Oinarri batzuk ezartzeko aukera izan behar dugu.

MOTZEAN

Nor da Maite Gurrutxaga?
Lanbidearenganako errespetuz eta kontzientziaz lan egiten saiatzen den emakume bat.

Zer ilustrazio egingo zenioke zure buruari?
Naturarekin lotuta egongo litzateke, eta elementu asko izango lituzke.

Egin duzun ilustraziorik kutunena?
Ezin dut bat aukeratu.

Eta lan handiena eman dizuna?
Hasieran, guztiak. Orain batzuek luze jotzen dute, eta hustuta uzten naute, baina, era berean, interesgarriak dira.

Inoiz ikusi duzun onena?
Narratiboki harritu nauen edozein.

Eredutzat duzun egile bat?

Jutta Bauer. Haren Selma liburua xumea bezain ederra da.

Sormenerako leku kutunena?

Nire lan mahaia. Gauero txukun uzten dut, hurrengo egunean berriro bertan lan egiteko gogoa izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.