Dorleta Kortazar: «Ipuinek erakutsi didate bestelako mundu bat posible dela»

Arrasateko Udalean gazteria saileko hezitzaile aritzen da Dorleta Kortazar, baina fantasiazko munduetan aurkitu du bere bokazioa: ipuinak kontatzen ditu Euskal Herri osoan zehar.

(ID_14251907) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2024-09-13, Ozaeta.  Dorleta Kortazar ipuin kontalaria
Dorleta Kortazar, ostiralean, Ozetako Garaion sorgingunean (Araba), ipuin saio baten aurretik. IDOIA ZABALETA
jone arruabarrena
Ozaeta
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Eszenatoki gainean ibiltzen da Dorleta Kortazar (Eskoriatza, 1974), Euskal Herri osoan zehar, baina aspaldiko lurralde urrunetara bidaiatzen du aldi berean. Ipuinek inoiz ikusi gabeko lekuetara eramaten dute, eta Kortazarrek entzuleak eramaten ditu berarekin, ipuinak ibilgailu dituela. Esperantza ematen diote ipuinetako munduek, eta kontakizunak tresna aldarrikatzaile gisa ikusten ditu.

Norekin hasi zinen lehenengo ipuinak entzuten?

Ez daukat ipuinen akordurik, baina bai kantuena. Amaren baserriko tximiniaren ondoan kantatzen zizkigun izeba zaharrak, Leitzan. Eskolan bai, Isabel Guridi irakasleak txotxongiloekin kontatzen zizkigun istorioak, eta andereño Maritxuk zuhaitz baten azpian, jolas orduan. Etxean, amona Juli kontalari aparta zen, baina ez zituen ipuinak kontatzen, baizik eta bere bizitzako pasadizoak. Koldo Ameztoi ere etortzen zen eskolara, eta txundituta geratu ohi nintzen hura entzuten. Baina, orokorrean, esango nuke helduaroan hasi nintzela ipuinak entzuten.

Nola hasi zinen ipuin kontalaritzaren munduan?

Duela hamabost urte inguru hasi nintzen. 30 urterekin izugarrizko krisi pertsonal bat izan nuen, eta neure buruari galdetzen hasi nintzaion zer egin nahi nuen nire bizitzarekin. Konturatu nintzen herri antzezlaria izan nahi nuela. Antzerkian ibiltzen zen lagun bati idatzi nion, eta esan zidan ipuinak kontatzeko ikastaro bat zeukala martxan. Hartan hasi nintzen ipuinak kontatzen ikasten. Hortik aurrera, hainbat ikastaro egin ditut.

Nola profesionalizatu zinen?

Hasieran, nire asmoa ez zen ipuinak kontatzen hastea, baina, horrenbeste ikastaro egin ostean, konturatu nintzen jada baneukala errepertorio bat, ikastaro horietan sortutako ipuinekin. Duela bederatzi urte, emanaldi baterako ipuin kontalari bat behar zuten, eta galdetu zidaten ea joango nintzen ipuinak kontatzera. Horrela hasi nintzen.

«Ipuinek bilakaera bat izaten dute, norberak bilakaera bat izaten duen heinean»

Zein izan zen zuk sortu zenuen lehenengo ipuina?

Helduentzat sortu nuen lehenengo ipuina Hitzen lapurra izan zen. Beste ipuin baten bertsioa da, baina bederatzi urte hauetan bere bidea egin du ipuinak, eta, orain, oinarrian zegoen ipuin horrekin antzekotasunak dituen arren, oso bestelako zerbait kontatzen dut. Gaur egun dauzkadan kezka, haserre eta ezinegonak ez dira duela hamar urte neuzkanak, eta, beraz, aldatuz joan da. Ipuin berari fokua leku batean edo bestean jarriz gero, ez da gauza bera kontatzen.

Beraz, ipuinak ez dira estatikoak?

Ez. Ipuinak, azkenean, tresna bat dira, eta benetan kontatu nahi dugun hori kontatzeko balio dute. Orduan, ipuinek bilakaera bat izaten dute, norberak bilakaera bat izaten duen heinean.

(ID_17266407689995) (/EZEZAGUNA)
Irudian, Eskoriatzako ikastolako udalekuak, 1978an. Zuhaitz horren azpian entzun zituen Dorleta Kortazarrek lehenengo istorioak, andereño Maritxuren ahotsean. Kamerari begira dagoen umea da Kortazar. DORLETA KORTAZAR
Norberaren egoera islatzen da ipuinean?

Askotan ipuinak intentzio batekin kontatzen ditugu, eta entzuten ari denak beste zentzu bat hartzen die. Ipuina guk kontatzen dugu, baina sorkuntza lana partekatua da. Azkenean, entzule bakoitzak bere ipuin propioa egiten du, bere bidaia propioa. Beraz, guk kontatzen dugun horretatik zerbaitek eragiten dio barruan entzule bakoitzari. Nik amamaren istorioak kontatzen ditudanean, bakoitzak bere amamak ikusten ditu. Nik baserri bat aipatzen dudanean, bakoitzak bere haurtzaroko baserria imajinatzen du. Eta horrek asko errazten digu, ikusle moduan, bidaia emozional bat egitea ipuina kontatzen ari den kontalari horrekin batera.

Isildutako istorioei ahotsa emateko, 80 amandre ipuina sortu zenuen. Ipuinak aldarrikatzaileak ere izan daitezke?

Niretzat, bai, ezinbestean. Esperantzarik ikusten ez dudan mundu honetan, ipuinek itxaropena ematen didate. Erakutsi didate bestelako mundu bat posible dela. Egiaz betetako gezurrak kontatzea da ipuinak kontatzea. Fikzioa da, baina barru-barruan pertsonok mugitzen eta interpelatzen gaituzten gauzez ari gara. 80 amandre ipuinean, esaterako, gure amamek gerra garaian jasan zutenaz hitz egiten dudanean, isildu zituzten horiei ahotsa ematen ari naiz, eta haien bizitzei zentralitate bat ematen. Beraz, bai, ipuinak kontatzea aldarrikatzailea da.

Terapeutikoa da ipuinak kontatzea?

Niri on egiten dit ipuinak kontatzeak, baina terapeutikoa dela esatea gehiegi iruditzen zait. Hala ere, egia da katarsi bat badagoela hor. Ahotsa jartzen diet nire kezka, beldur eta ezinegonei. Eta horiei hitza jartzen diegunean, badago geure buruari egiten diogun aitorpen bat. Nire azken emanaldia, Ispiluak izenekoa, oso lerratuta dago azken bi urteetan bizi izan dudan prozesu pertsonalarekin. Niretzat, pertsonalki, sendatzailea izan da.

«Libre izan nahi duten emakumeen istorioak kontatzeak askeago egiten nau»

Nola sortzen dituzu ipuinak?

Pazientzia handiz, askotan kaosa eta anabasa daudelako tartean. Zer kontatu bilatzeko prozesua oso luzea da. Batzuetan, ipuin bat kontatu nahi duzu, baina konturatzen zara ez dela ipuin horrentzako momentua edo lekua. Eta beste batzuetan, ipuin bati bere lekua aurkitzen diozu, eta puzzleko pieza guztiak bat datoz. Baina prozesu luzea izaten da; azken emanaldia prestatzeko bi urte behar izan ditut.

Gaur egun posible da ipuinak kontatzetik bizitzea?

Oso zaila da. Euskal Herrian banaka batzuk baino ez dira bizi ipuinak kontatzetik, eta, euskaraz kontatzen badituzu, gainera, ezinezkoa da. Gehienok beste lanen bat daukagu, ipuinak kontatzeaz gain. Lanartea elkartea horri buruzko ikerketa bat egiten ari da. Emaitzen berri ez dugu oraindik, baina argi dago Euskal Herriko sortzaile gehien-gehienak ez direla gutxieneko soldatara iristen.

Zu gizarte hezitzailea zara, adibidez.

Bai. Iruñean ikasi nuen Gizarte Hezkuntza. Hiru urtez egon nintzen han, eta bukatzean erabaki nuen Eskoriatzara bueltatzea. Justu orduan, gizarte eta kultur suspertzaile izateko modulu bat jarri zen martxan Eskoriatzan bertan, eta izena eman nuen. Arrasateko Udalean egin nituen praktikak, eta orduz geroztik bertan dihardut lanean. 28 urte daramatzat.

Ispiluak du izena zure azken ikuskizunak. Besteengan bilatzen dugu gure isla?

Sorkuntza prozesuan, gatazka pertsonal bat izan nuen besteek norbera ikusteko beharrarekin. Neure buruari galdetzen nion besteek bueltatzen diguten isla horretan zenbateraino garen gu benetan, eta zergatik nahi dugun besteentzat atsegin izan, eta zer sakrifizio egiten ditugun hori lortzeko. Emakumeak garen heinean, esaterako, zer presio dugun gure irudi fisikoarekin eta besteek gugandik espero dutenarekin. Nire baitan lehertu zen hori duela hiru edo lau urte, eta gatazka gogor bat eduki dut. Ikuskizunak balio izan dit horretaz guztiaz hitz egiteko.

Emakumeak dira ikuskizuneko protagonista nagusiak.

Ispiluak ikuskizunean emakume boteretsuak ageri dira. Niretzat, garrantzitsua da hori. Nire ipuin guztietan, emakume transgresoreak oso presente daude. Ispiluaren beste aldean zer dagoen begiratzera ausartzen dira, badakiten arren zigortu egingo dituztela. Libre izan nahi duten emakume horien istorioak kontatzeak askeago egiten nau.

Zer erakusten diozu zuk ispiluari, gaur egun?

Kostatu zait, baina uste dut ispiluari begirada atsegin bat eskaintzen diodala. Neure buruarekin bakean egoten ikasi dut, eta ispiluak eskaintzen didan isla hori bueltatzen. Onartu dut beti ez dela atsegina izango bueltatzen didan hori, baina nire parte dela.

MOTZEAN

Ipuin bat?
Mari Errauskin.

Kontalari bat?
Asko, baina Virginia Imaz da nire maistra.

Nori kontatu?
Entzuteko gogoz dagoen edozeini.

Gustuko liburu bat?
Winnie Pooh, A.A. Milnerena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.