Behobia-Donostia probako korrikalariek azaro erdialdera indarrak neurtu behar izaten dituzte urtero, lasterketa txakalaldirik gabe bukatzeko. Erritmoa kontrolpean izan, arnasari arreta jarri, hanka bakoitzaren gainean jarritako pisua kalkulatu... Badaude, ordea, lasterketa guztian beste adierazle batzuei begiratu behar dietenak: momentu oro odolean zenbat glukosa daukaten erreparatu behar diote diabetikoek. Gaixotasun hori daukaten atletek, 2007az geroztik, arreta jasotzen dute Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteak lasterketako zenbait gunetan jartzen dituen postuetan, eta hala izango da igande honetan ere.
«50 urte dauzkat nik, eta horietatik 30 diabetesarekin daramatzat», esan du Jose Llanderasek (Hernani, 1973). Hogei Behobia-Donostia baino gehiago dauzka eginak, eta Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko kide da. Urtebeteren buruan, bi «debut» egin zituen duela 30 urte. Bata, 19 urterekin, orduan egin baitzuen lasterketa lehen aldiz. Bigarrena, 20 urte zituela: 1 motako diabetesa duela esan zioten. «Mononukleosia eduki nuen, baina ez nintzen behar bezala sendatu. Orduan hasi nintzen sekulako egarria izaten, pixagura handia, eta asko argaldu nintzen. Azkenean, analisi batzuen bidez jakin nuen diabetesa dudala. Astebete eman nuen ospitalean». Kirolzalea zen Llanderas, baina diabetesa diagnostikatu zioten garaian, medikuek intentsitate apaleko jarduera fisikoa soilik gomendatzen zieten gaixotasun hori zutenei. Hala ere, Llanderasek hasieratik erabaki zuen ez zuela kirola utziko: «Erabaki nuen ez nuela nire bizitza gaixotasunera egokitu behar, alderantziz baizik: gaixotasuna egokitu behar nuen nire bizitza normalera». Hain zuzen, kirola egin eta glukosa maila egokia mantentzeko estrategiak ikasi ditu Llanderasek urteen poderioz: «Korrika egitera joaten naizenean, adibidez, intsulina gutxiago hartzen dut, kirolarekin intsulinarekiko sentsibilitatea handitzen delako. Bidean noanean ere, glukosa daukaten elikadura osagarriak hartzen ditut, maila egokian mantentzeko».
Kirola, osasun iturri
Diatletic Espainiako mugimenduak diabetesa dutenen kirolzaletasuna sustatzen du, eta 2007an jarri zen harremanetan Gipuzkoako Diabetesaren Elkartearekin, bertako lehendakari Xabier Amunarrizek (Donostia, 1991) azaldu duenez: «Diatleticeko kideek esan ziguten Behobian parte hartu nahi zutela, eta laguntza eskatu ziguten zenbait puntutan diabetesa zuten pertsonak lagundu eta hornitzeko postuak jartzeko. Orduz geroztik, urtero egin izan dugu».
Aurten hiru postu jarriko ditu Gipuzkoako elkarteak: bosgarren, hamargarren eta hamazazpigarren kilometroetan. Hasi zirenean, zerbitzu gehiago ematen zituzten; esaterako, odoleko gluzemia kalkulatzeko kontrolak eginez. «Orain, gluzemia neurtzeko sentsoreak ditugu diabetesa dugun gehienok, eta bakoitzak era indibidualean kudea dezake», dio Amunarrizek. Hala ere, Llanderasek nabarmendu du batzuetan balitekeela korrikan «sentsorerik gabe» geratzea edo bestelako intzidentzia batzuk izatea: «Horrelakoetan, ondo datorkigu postu horiek izatea».
Elkarteari esker, Llanderasek kirolari lotutako bestelako ekintzetan ere parte hartu du; besteak beste, New Yorkera (AEB) eta Parisera joan dira, hango maratoiak egitera. Dena den, nabarmendu du Behobia-Donostia ez dutela «inoiz» alde batera uzten. Aurten lesionatuta dago Llanderas, eta beste modu batera hartuko du parte: hura izango da elkarteko postuetan egongo dena korrikalari batzuei laguntzeko. Izan ere, argi dauka kirola bidelagun ona dela diabetesa daukatenentzat: «Kirolak zure gorputza ezagutarazten dizu, eta sentsibilitatea ematen dizu intsulinarekiko. Gutxiago behar duzu, beraz. Niri, pertsonalki, glukosa egonkorrago mantentzen laguntzen dit».