Ileordeak: burua eta barrua janzteko

Ileordeak saltzen dituzte Donostiako Luis Diaz dendan. Mota askotakoak dauzkate: ile naturalezkoak, sintetikoak, ile luzedunak, laburragoak... Minbiziaren ondorioz ilea erori zaien pazienteak dira bezeroetako asko.

(ID_13796374) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Donostia. Minbizia izan duten emakumeentzako pelukak egiten dituzten denda, Luis Diaz pe...
Maniki batzuk Donostiako Luis Diaz dendako erakusleihoan, joan den asteko asteazkenean. JON URBE / FOKU
jone arruabarrena
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Donostiako Andia kalean bada atentzioa ematen duen denda bat; ez oso handia, ezta kolore bizikoa ere, baina kalean doan oinezkoari dozenaka buruk begiratzen diote Luis Diaz dendako beiratearen beste aldetik. Maniki bakoitzak orrazkera berezitu bat dauka; ile laburragoa batzuek, adats luzea besteek. Ilehoriak, ilegorriak, kopeta ile iluna daukatenak... Aukerak ez dira falta; norberari aurpegira ondo egiten diona aukeratzea izaten da zailena gehienetan. Minbizia duten edo izan duten bezeroak dira gehienak, ilea hazi arte ileorde bat behar izaten dutenak. «Bezeroak dendako atetik sartzen ikusten dituenean, dendako langileak badaki gutxi gorabehera zein geratuko zaion ondo», dio dendaren jabe Patxi Diazek. «Mundu berezitu bat» da ileordeena, Buzoren esanetan. Ile apainketarekin zerikusia daukana, baina ez guztiz. «Jendea ile apaindegira joaten da bere ilea landu dezaten. Guk, ordea, ilea jartzen dugu ilerik ez dagoen lekuan», dio Diazek. 

Hala ere, ile apaindegietan ditu sustraiak dendak, eta baita dendaren jabeak berak ere. Diazen aitaren familian zortzi anai-arreba ziren, guztiak ile apaintzaileak. 1920ko hamarkadan, Errenterian zabaldu zuten lehen ile apaindegia, eta gero Donostiara zabaldu zuten negozioa. «Gure aita ez zen geldirik egotekoa, eta ikusi zuen ileordeetan ere bazegoela negozioa egiteko aukera. Beraz, arlo horretan hasi zen lanean 1960ko hamarkadan, eta ileordeen denda zabaldu zuen», azaldu du Diazek. Garai egokia aukeratu zuen negozio horretan sartzeko; izan ere, 1970eko hamarkadan ileordeen booma gertatu zen. «Ileordeak modako osagarri gisa erabiltzen hasi ziren garai hartan. Mundu guztiak zeukan etxean bere ileordea, eta normala bihurtu zen erabiltzea. Garai hartan, hiru edo lau langilek egiten zuten lan gure dendan, bezeroak etengabe etortzen zirelako. Gero, moda hori pasatu zenean, denda askok itxi egin zuten, eta beteranoak geratu ziren. Horien artean, gure aita».

(ID_13796355) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Donostia. Minbizia izan duten emakumeentzako pelukak egiten dituzten denda, Luis Diaz pe...
Patxi Diaz, ileorde bat erakusten, Donostiako Luis Diaz dendan, joan den asteko asteazkenean. 
JON URBE / FOKU

Diazek esan duenez, negozio txikia da orain, eta langile bakarra dute, bezeroei laguntzen diena ileordea hautatzen. «Bezeroa etortzen da, eta langileak bospasei ileorde proposatzen dizkio, probatzeko. Normalean, probatu duen lehenengo ileordearekin geratu ohi da, langileak jada begia eginda daukalako». Emakume baten buruak, esaterako, 53-57 zentimetro artean izan ohi ditu. Ileordeak neurri horretakoak izaten dira gutxi gorabehera, eta neurria egokitzeko zinta bat ere izaten dute. Dendan bertan egokitzen dute ileordea; buruaren neurrira pixka bat egokitu behar bada, bertan egiten dute, baina aldaketa handiak egin behar badira, ileordeen lantegira bidaltzen dute atzera. Orrazkera ere egokitzen diete: luzera pixka bat moztu edo kopetako ilean aldaketak eginda.

(ID_13796351) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Donostia. Minbizia izan duten emakumeentzako pelukak egiten dituzten denda, Luis Diaz pe...
Maniki bat Donostiako Luis Diaz dendako erakusleihoan. JON URBE / FOKU

Diazek adierazi du ilea normalean garrantzitsua izan ohi dela norberaren irudian, baina denetariko kasuak egon ohi direla; batez ere, minbizia daukaten bezeroen artean: «Pertsona batzuentzat berebiziko garrantzia izan ohi du, eta ilerik gabe geratzea hautu bat ez denean, denetariko erreakzioak egon ohi dira. Batzuek ez dute ispilura begiratu nahi izaten, eta ileordea jartzeko ilea larru arras mozten diegunean, asko eragiten die. Beste batzuk, ordea, hobeto ikusten dute beren burua ileordearekin berezko ilearekin baino, eta pozik egiten dute aldaketa».

Zein hartu?

Bi multzo handitan banatzen dira ileordeak: ile naturala dutenak eta ile sintetikoz egindakoak. «Kontuan hartu behar da prozesu onkologiko batean dagoen pertsona bat den ala ez, eta gaztea den ala ez. Baita bestelako arlo batzuk ere; kirolaria den ala ez, esaterako», dio Diazek. Bizitza estilo aktiboa duten pertsonen alopezia kasuetan, adibidez, ile naturaleko ileordea gomendatzen du hark, gehiago irauten duelako. Dena dela, ohartarazi du ez dela hain erraza ileorde mota hori mantentzea. «Ileorde sintetikoa gomendatzen dugu gehien. Mantentzeko lana etxean egin daiteke, errazagoa da, eta urtebete irauten dute ileordeek. Gainera, merkeagoak dira», dio Diazek.

Nabarmendu duenez, ileordeak aukera egokia dira paziente onkologikoentzat batik bat, gutxi gorabehera urtebete ematen baitute tratamendua hartu eta ilea berriro hazi arte. Ileordea mantentzeko lanen jarraibideak ematen dizkiete dendan bertan, bezeroak etxetik irten beharrik izan ez dezan, eta bezeroek aukera hori nahiago izaten dute gaixorik dagoen kasuetan. Jarraibideetan azaltzen diete nola garbitu ileordea, nola orraztu, edo ile lehorgailua erabil daitekeen ala ez. Esaterako, ileorde sintetikoak ile lehorgailuaren beroarekin forma gal dezakete, baina ile naturalekoak, aldiz, beroarekin lehortu daitezke arazorik gabe.

(ID_13796376) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Donostia. Minbizia izan duten emakumeentzako pelukak egiten dituzten denda, Luis Diaz pe...
Donostiako Luis Diaz dendako ileorde bat. JON URBE / FOKU

Ileordeak eskuz egindakoak izan daitezke, edo makinaz jositakoak. Hala ere, ez dira asko ileordeak egiten dituzten enpresak eta artisauak, Diazen arabera: «Oso sektore espezializatua da, eta Espainian, adibidez, ileordeak egiten dituen bi edo hiru fabrika soilik geratzen dira. Gainera, ileorde gehienak Frantzian, Amerikako Estatu Batuetan edo Alemanian diseinatzen dituzte, eta, gero, Thailandiako, Txinako edo Japoniako fabriketan ekoizten dira».

Ileordeak egiten dituzten artisauak ere ez dira asko, oso lan neketsua baita ileorde bakar bat egitea: tul erako oihal batean banaka edo binaka josi behar dira ileak, eskuz, eta ile bakoitza ondo korapilatuta, gero eror ez dadin.

(ID_13796353) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Donostia. Minbizia izan duten emakumeentzako pelukak egiten dituzten denda, Luis Diaz pe...
Donostiako Luis Diaz dendako ileorde bat, barrutik ikusita, joan den asteko asteazken irudi batean. JON URBE / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.