Hezkuntza

Xabier Rico: «Eskolak ikaragarri aldatu dira 1950eko hamarkadatik hona»

'Eskolako oroimenak (1959-2024)' liburua argitaratu du Xabier Rico irakasle ohiak. Eskola publikoaren ibilbidea kontatu du lanean, 1950eko hamarkadatik hona, eta eskarmentua izan du liburua idazteko abiapuntua.

(ID_14070736) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-07-12, Donostia. Xabier Rico idazlea
Xabier Rico irakasle ohia, gaur zortzi, Donostian, Uliako Auzo Elkartean. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Donostiako Ategorrieta auzoan dagoen Uliako Auzo Elkartean jarri dute hitzordua Xabier Rico Lehen Hezkuntzako irakasle ohiak (Donostia, 1959) eta kazetariak. «Begira, ikusten duzu parean dagoen eraikin hori?», galdetu du Ricok, Zurriola ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina seinalatuz. «Irakasle Eskola izan zen garai batean, eta hortxe egin nituen irakasle ikasketak. Bertan ikasi genuen Gipuzkoako irakasle askok». Frantses Filologia espezialitatean hasi zen, baina berehala egin zuen salto Euskal Filologia espezialitatera. «Euskararen mundu miragarrian murgildu nintzen, gertu sentitzen nituen irakasleak, baita literaturarekiko zaletasuna ere». 1980ko hamarkadan sartu zen irakasle, Donostiako Aneja eskolan, eta, han zazpi urte igaro ondotik, hiriko Zuhaizti eskolan hasi zen. Berrogei bat urte aritu da irakaskuntzan, eta, hain zuzen ere, ibilbide hori jaso du, besteak beste, berriki argitaratu duen Eskolako oroimenak (1959-2024) liburuan.

Eskolako oroimenak liburuan zure bizipenak kontatu dituzu, gehienbat.

Bai. Liburu autobiografiko bat da, eta ikasle nintzenetik erretiratu arteko bizipenak kontatzen ditu. Horretarako, testu mota ugari bildu ditut: ipuinak, bertsoak, anekdotak, artikuluak, txisteak... Horien bidez kontatzen ditut nik bizitakoak. Ordena kronologikoan banatu ditut pasarteak: 1950eko hamarkadatik gaur egunera arte. Ni eskolan hasi aurreko garaitik abiatu dut liburua, auzokideei entzundako bizipenetatik. Eta azken pasartean, hainbat irakasle eta irakasle ohiren testigantzak jaso ditut; kontatzen dute zer iritzi duten gaur egungo hezkuntzari buruz.

Zertan aldatu da hezkuntza?

Ikaragarri aldatu da. Francoren diktaduraren garaian, irakasleek edozein tontakeriagatik zigortzen zituzten ikasleak. Jo egiten zituzten. Institutuan, distantzia bat markatzen zuten irakasleek. [Donostiako] Amara auzoko Peñafloridan ikasi nuen, eta usted-ka hitz egiten ziguten. Irakasle Eskolan oso harreman ona genuen irakasleekin. Frantses Filologian sartu nintzen aurrena, baina eskasa zen nire frantses maila. Euskal Filologian sartzeko aukera izan nuen gero, nahiz eta apenas nekien euskaraz. Ordu asko sartu nituen euskara ikasten, eta azkenean lortu nuen espezialitatea ateratzea. Oso irakasle onak izan genituen Irakasle Eskolan, eta horietako bati eskerrak ere ematen dizkiot liburuan.

«Garai bateko klaustroetan pentsaezina zen euskaraz egitea, euskararen alde egiten genuen irakasleak eta euskararen aurka zeudenak biltzen baikinen bertan»

Hizkuntzari dagokionez, asko aldatu da hezkuntza. 1980ko hamarkada hasierako klaustroetan pentsaezina zen euskaraz egitea, euskararen alde egiten genuen irakasleak eta euskararen aurka zeudenak biltzen baikinen bertan. Horiek plazarik gabe gelditzen ari ziren, berriak ginen irakasleok euskara ikasita sartzen ginelako. Gutxi ziren euskararen aurka zeuden irakasleak, eta, erretiroa hartzen hasi zirenean, asko aldatu zen eskola publikoa.

Liburuaren azalak ere islatzen du aldaketa hori: arbela tradizional bat ageri da, eta tableta bat du alboan.

Bai. Aro teknologikorako saltoa ere izugarria izan zen. Pentsa: 1995ean sartu nintzen Zuhaizti eskolako zuzendaritza taldean, eta ordenagailu bakarra geneukan hiru pertsonarentzat: zuzendariarentzat, ikasketa buruarentzat eta niretzat, idazkariarentzat. Orain, ikasle bakoitzak bere ordenagailua du, eta armairu bat dute klasean, ordenagailuak gordetzeko. Orduan, bai, eskolak ikaragarri aldatu dira 1950eko hamarkadatik hona. Baina, oinarri-oinarrian, euskara izan da gehien aldatu dena. Ikasleekiko harremanak asko aldatu dira, eta baita gurasoekikoak ere. Hori ere jaso dut liburuan.

Nola otu zitzaizun Eskolako oroimenak liburua idaztea?

Liburu honen abiapuntua iaz argitaratu nuen liburua izan da: Ategorrietako oroimenak (1959-2023). Ategorrieta auzoaren historia jaso nuen, eta bertako hainbat bizipen kontatzen ditut. Liburuak oihartzuna izan zuen auzoan, eta irakurri zutenek zera esaten zidaten: «Ategorrietari buruzko historia horrela jasota, eskolari buruz ere izango duzu zer kontatua, ezta?». Horixe izan nuen Eskolako oroimenak liburua idazteko akuilua.

«Badut hezkuntzaren inguruko interesa, eta horregatik jarraitzen dut horri buruz idazten»

Nolakoa izan da liburua argitaratu bitarteko prozesua?

Banituen lehenagotik idatzitako ipuin batzuk, eskolako bizipenetan oinarritutakoak, eta horiei tiraka hasi nintzen liburua osatzen.

Uztailaren 3an aurkeztu zenuen liburua, Donostiako Okendo kultur etxean.

Bai. Nire lankide izan diren irakasle eta irakasle ohi asko izan ziren bertan, eta esan zidaten oso identifikatuta sentitzen direla liburuan kontatzen ditudan zenbait gauzarekin.

Orain bost urte hartu zenuen erretiroa, baina ez zara hezkuntzatik erabat aldendu. Liburu hau da horren seinale.

Hori da. Jubilatuta banago ere, badut hezkuntzaren inguruko interesa, eta horregatik jarraitzen dut horri buruz idazten. Saltsero samarra ere banaiz: prentsan, adibidez, idatzi izan dut hezkuntzari buruzko artikuluren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.