Hurrengo geltokia: Andoain

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, '17. logela' izeneko ihes gela antolatu dute Andoainen, gaurtik igandera bitartean.

(ID_13382512) (/EZEZAGUNA) ihesgela
'Euskaraz barra-barra' egitasmoak antolatzen duen '17. logela' ihesgela, urrian, Donostiako Gipuzkoa plazan. HITZA
Miren Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Thotel izeneko luxuzko hotel kateak ehun urte daramatza, mundu osoan zehar, euskal herritarrik ezagunenen loa zaintzen. Hoteleko 17. logelak badu deskubritu beharreko zerbait, eta, hain zuzen ere, horixe du abiapuntu Euskaraz barra-barra egitasmoak orain bi hilabete abiatu zuen 17. logela ihes gelak. Ez da, ordea, edonolako jolasa: ibiltaria da. Euskal Herriko zortzi txoko zeharkatu ditu gaurdaino: Donostia, Elizondo (Nafarroa), Laudio (Araba), Bermeo (Bizkaia), Elgoibar, Balmaseda (Bizkaia), Errenteria eta Gasteiz. Andoaingo Goikoplazan izango da oraingoan, igandean ospatzekoa den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, gaurtik hasi eta igandera bitartean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, euskara hutsezko aisia sustatzeko asmotan abiarazi zuten egitasmoa: «Euskaratik eta euskaraz sortutako ihes gela honek aisia euskaraz gozatzea bermatuko duen formatu erakargarri bat eskaintzea du helburu». Euskararen erabilera areagotu nahi dute hala. «Kontsumitzailea erdigunean jarri eta euskara erabiltzeko aukera eskaintzen duten espazioak identifikatzeko sortu da ihes gela».

Horrexegatik sortu zen Euskaraz barra-barra: Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzeko. Hargatik, eskaparatean seinale bat daramate egitasmoarekin bat egin duten establezimendu guztiek. Antolatzaileen arabera, euskara sustatzeko erronka horretatik jaio da 17. logela egitasmoa ere. «Gizartearen aktibazioa eta kanpainaren zabalpena sustatzeko asmoa du istorio misteriotsuaren formatu honek».

Ihes gelan parte hartzeko hogei txanda egongo dira egunero, eta saio bakoitzean, gehienez bost lagunek parte hartu ahalko dute espazioari eta jokoaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko. Saio bakoitzak 40 minutu iraungo du, eta, denbora tarte horretan ihes gelatik irtetea lortu ezean, amaitutzat emango da jokoa. Antolatzaileek azaldu dute, halaber, «16 urtetik gorakoa den eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork, mugarik gabe», har dezakeela parte. «Gurpildun aulkia behar dutenek bermatua izango dute irisgarritasuna», argitu dute.

Euskararen eguna

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskaraz barra-barra ekitaldia antolatu dute udalak Bastero kulturgunean, 12:00etan. Ekitaldian herritar orok hartu ahal izango dute parte. Egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua erdigunean jarri, eta hizkuntzaren erabileran eragitea izan du udaleko euskara sailak helburu. Izan ere, ziurtatu dute Andoainen badirela «euskaraz lasai aritzeko espazioak». Ekitaldiaren beste helburuetako bat izango da Euskaraz barra-barra egitasmoarekin bat egitea erabaki duten Andoaingo merkatari eta ostalarien apustuari balioa ematea.

Beatriz Egizabal umoregilea arituko da aurkezle, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) Audience musika taldeak girotuko du ekitaldia. 50 euroko lau bonu zozkatuko dituzte bertaratutakoen artean, Andoainen Euskaraz barra-barra marka duten denda eta tabernetan erabili ahal izateko. Ekitaldiaren amaierarako, luntxa ere antolatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.