Zientzialaria, gaztea eta esperientzia gutxikoa. Entrenatzaileen artean rara avis bat izan daitekeela aitortu du Mikel Odriozola (Donostia, 1989) Gipuzkoa Basketeko entrenatzaileak, baina lan bikaina egiten ari da. Oraingoz, jokatutako hogei partidetatik hamalau irabazi ditu taldeak, eta sailkapeneko laugarren postuan dago.
Garai ederrean dago taldea. Zer moduz zaude zu?
Ondo nago, nahiko lasai nabil zentzu guztietan. Gogoa daukat denboraldi bukaera ona egiteko.
Lana errazagoa izango da gauzak ondo doazenean, ezta?
Bai, kirolean bereziki horrela izaten da. Gauzak gaizki doazenean, presioa sartzen da alde guztietatik. Gu gara dena ondo egin nahi duten lehenengoak, eta, denboraldia ondo doanez, lasaitasun puntu batekin ari gara lanean.
Lehiakortasunean aurrerapausoa eman du taldeak. Nola ikusi duzu aldaketa barrutik?
Helburu gisa jarri genuen talde lehiakorra izatearena. Egia esan, lortutakoaren meritua jokalariena da, nork bere izaeran darama-eta lehiakortasuna. Taldearen ezaugarria da, jokalarien ezaugarria da, eta emaitza onak lortzen direnean segurtasun handia ematen du.
Laugarren postura iritsi zarete.
Bai, goiko postuetan gaude, baina partidak irabazten jarraitzeko anbizioari eusten diogu. Astero irabazteko beharra nabaritzen dugu, eta hori da taldearen nahia. Ziur denboraldia amaitu bitartean momentu txarragoak izango ditugula, eta egoera horiek kudeatzen ere ikasi beharko dugu. Jendea ondo ari da lanean, eta arlo guztietan hazten eta hobetzen jarraitu behar dugu.
Irabazi beharrak presioa sortzen du?
Ez, ez dut presiorik nabaritzen. Presioa nabarituko nuke dena gaizki joango balitz, baina ez da kasua. Jardunaldi asko geratzen dira oraindik, eta ikusi beharko da nola amaitzen den liga. Agian, denboraldia goran amaitzen badugu, presio pixka bat sentitu dezakegu. Hala ere, gure helburua igoera fasean sartzea da.
Zuzeneko igoera helburu bihurtu daiteke?
Printzipioz ez. Astez aste lehiatzen jarraitu behar dugu. Liga amaitzear dagoenean, aukera izango bagenu, egoerarik onena litzateke, baina orain ez gaude horretatik gertu. Are, horrek ezin digu denbora galarazi.
«Pozik gaude egiten ari garenarekin, eta sentipena da edozein talderen aurka irabazteko gai garela. Nolanahi ere, badakigu erlaxatzen bagara edozein talde dela gure aurka irabazteko gai».
Denboraldi hasieran horrelako errendimendua espero zenuen?
Etorri nintzenean igoera fasean sartzeko helburua ezarri zidan klubak. Nik hori bete nahi nuen, ez nuen bestelako espektatibarik. Behin jokatzen hasita, egia da espero nuena baino altuagoa izan dela taldearen errendimendua. Aldaketa hori jokalarien jarrerak eragin du, merezitako gorakada izan da. Pozik gaude egiten ari garenarekin, eta sentipena da edozein talderen aurka irabazteko gai garela. Nolanahi ere, badakigu erlaxatuz gero edozein talde dela gure aurka irabazteko gai.
Talde berritua hartu zenuen, baina azkar egokitu dira jokalariak zure asmoetara.
Iazko denboralditik bost jokalarik jarraitzen dute taldean, eta ezinbestekoa izan da horiek egindako lana. Bertako hiru jokalariek lagundu didate gehien, Aitorrek [Zubizarreta], Mikelek [Motos] eta Xabik [Oroz]. Lehenagotik ezagutzen genuen elkar, eta asko erraztu didate bidea. Manex Ansorregi ere Azpeitian entrenatu nuen. Orduan, hamaika jokalarietatik seik egonkortasun handia eman didate hasieratik. Gainera, kanpotik etorri diren jokalariak oso onak dira, eta oso azkar egokitu dira bertako jokora. Pixkanaka hobetuz joan gara, eta erritmo onean goaz. Hala ere, asko geratzen da oraindik, eta forma onean iritsi behar dugu partida erabakigarrietara.
Hortaz, bigarren itzuliko helburua lehiatzen jarraitzea izango da?
Bai, hori da. Horrez gain, kontziente izan behar dugu ligako maila igotzen doala denboraldiak aurrera egin ahala. Helburuak gertuago ikusten ditugu, eta talde guztiek ematen dugu aurrerapausoa. Partidak gogorragoak izango dira, eta, hobetzen ez badugu, galtzeko aukera gehiago izango ditugu. Helburu nagusia da astez aste hobetuz joatea, oraingo mailan aritzen bagara ez delako nahikoa izango.
«Galdetu izan didate ea amets bat betetzen ari naizen; nik denei ezetz erantzuten diet, egoera hau ez nuelako amestu ere egiten lehenago»
Gazte donostiar batentzat zer da Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea izatea?
Ilusio berezia eragiten du norbere etxean entrenatzeak. Galdetu izan didate ea amets bat betetzen ari naizen; nik denei ezetz erantzuten diet, egoera hau ez nuelako amestu ere egiten lehenago. Niretzat esperientzia oso positiboa izaten ari da. Badakit rara avis bat naizela: zientzia mundutik nator, ez daukat esperientziarik, gaztea naiz... Dena den, argi daukadana da klubak asko laguntzen didala, eta jokalarien babesa sentitzen dudala. Oso pozik eta eskertuta nago.
Babesa aipatuta, zaleena ere sentitzen duzu?
Bai. Nabaritzen da pixkanaka jende gehiago etortzen dela partidetara, giroa jada ez da hain hotza. Tentsio uneetan animatu izan gaituzte, eta bultzada nabaritu dugu. Hala ere, aldaketa bat nahi badugu, barrutik hasi behar dugu hori sustatzen. Lehenengo guk eman behar dugu ondoren jasotzeko. Iruditzen zait pixkanaka aldatzen ari dela egoera, eta bide horretan jarraitu behar dugu.
Nola irudikatzen duzu denboraldi amaiera?
Ez dakit nolakoa izango den, baina badakit zer gustatuko litzaidakeen. Igoera fasean sartzea da helburua, eta harmailak nahiko beteta ikustea. Asko gustatuko litzaidake hemen bertan, Donostian, Gipuzkoatik datozen saskibaloizaleek talde lehiakor bat ikusteko aukera izatea.