San Sebastian egunez dute jarria hitzordua Ibon Gaztañazpik (Orio, 1977) eta Gipuzkoako Hitza-ko kazetariak, eta Orioko kafetegi bateko epelean aritu dira berriketan. Jaioterrian bizi da ETB1eko kirol kazetaria, eta bat baino gehiago gerturatu zaio «egun on» esatera elkarrizketak iraun bitartean. Baita doluminak ematera ere, duela gutxi hil baitzaie aita.
Doluaren erdian zaude...
Bai, aita azaroan hil zitzaigun, hilabete iraun duen gaixotasun baten ondoren. Ez gaude ohituta, eta gogorra ere bada hau esatea, baina ia opari bat bezala ari naiz bizitzen dolua. Oso-oso hilabete goxoa pasatu dugu aitarekin, eta utzi dit halako sentsazio bat... Oraindik tabu handia da heriotza; inoiz hilko ez bagina bezala bizi gara, edo edozein momentutan hil ezin bagintezke bezala. Baina niri gauzei begiratzeko filtro on bat ematen ari zait hau guztia.
Aurretik atzera hasi, edo atzetik aurrera, zure ibilbideaz hitz egiteko derrigor hitz egin behar da kazetaritzaz eta kirolaz, arraunlari ohia izateaz gain kirol kazetaria ere bazarelako.Non identifikatzen duzu gehiago zure burua?
Jendeak arraunarekin lotzen nau, batez ere. Beharbada presentzia handiena hor izan dudalako, baina hamar urte daramatzat kirol erredakzio batean lanean. Nire lan guztia kirolari lotuta dago: herri kiroletan, pilotan eta arraun taldean nago, baina bestelako gauzak egitea ere egokitzen zait.
Herri kirolak aipatu dituzu. Azken urteetan Orion asko mugitzen ari da alor hori. Hala al zen zu txikia zinenean ere?
Bai, hemen dago Joseba Ostolaza harri eskola, Iñaki Oliden dabil idi demetan... Herri kirolek hemen sustrai sakon-sakonak dituzte, eta Euskal Herrian etenik gabe transmititu izan dira. Bestea da zer jotzen den herri kiroltzat; izan ere, askotan mugatzen da harri jasotzean edota aizkoran. Baina arrauna bera erabateko herri kirola dela uste dut, eta korrika egitea; hemen egiten ziren, adibidez, korrika apustuak. Edo, esaterako, hemen, San Martin auzoan,1960ko hamarkadan jende asko erakarri zuen sega apustuak: Polipasok eta Oiartzungo emakume batek egin zuten. Hori atzo arte edo herenegun arte bizi-bizirik egon dela uste dut. Baina oraingo garai likido hauetan hori guztia ere ari zaigu ahazten.
Aldaketak gertatzen ari dira orduan herri kiroletan ere? Harri jasotzera, esaterako, crossfit mundukoak ari dira sartzen...
Uste dut harri jasotzeak eta aizkorak asmatu dutela edo ari direla asmatzen garai hauetara egokitzen; harri jasotzeak, batez ere. Esango nuke, gainera, emakumeak ari direla harri jasotzea desmitifikatzen. Zeren erabat gizasemeei eta nekazari munduari lotutakoa izan baita kirola, eta, gainera, gorpuzkera jakin bati lotutakoa. Gure inguruan, kirol mailan gertatzen ari den gauza interesgarrienetako bat horixe dela uste dut. Iruditzen zait harria adina asmatzen ari den kirolik ez dela izango. Eta, tartean, esango nuke eskualde honetako bi eskola ari direla bidea urratzen nabarmen: Ostolazarena eta Izetarena. Bestaldean daude, berriz, eroritako herri kirolak.
«Oro har, gauza askoren inguruko zentzu kritikoa galtzen ari garela iruditzen zait».
Zeintzuk dira horiek?
Sokatira edo sega, bi aipatzearren. Begira: Iñakiren [Oliden] idi parea ikusten dut hemendik, eta iruditzen zait ia opari bat bezalakoa dela, adierazten duena nondik gatozen.
Orion jaio zinen, eta Orion bizi zara egun.
Herri txikiek ere zer pentsatua ematen didate. Pertsona hitza badakizu nondik datorren? Erromatarrek, antzerkia egiten zutenean, mikrofonorik ez zegoenez, maskara erabiltzen zuten horretarako, eta maskara horrek izena zuen persona. Berez, pertsona, maskara bat zen. Herri txikietan ere horixe ikusten dut: etxetik, eskolatik, kuadrillatik, herritik.... banatu dira rol batzuk, eta kito. Beti izango zara halakoren semea, kirol hura egin zuena, hemen ikasi zuena eta ez dakit zer egin zuena. Baina pertsona bakoitzak du ibilbide bat, pentsatzeko era bat denborarekin aldatuz doana; kaosa bizi dugu... Bizirik gaude, eta, bizia zerbait bada, hori da. Eta horrelako herrietan giroa itogarria izan daiteke horretan gelditzen bagara eta hori elikatzen badugu. Igual, iritsi zaigu garaia gauza horietaz hausnartzeko eta dinamika batzuk apurtzeko.
Hori zergatik esaten dudan? Ez dut nigatik esaten, baina telebistan askotan ikusi dudan zerbait da: denek ezagutzen dute telebistakoa, denek dakite nongoa den, zer ikasi zuen, zer egin zuen, eta noizbait politikoki zuzena ez den edo moraletik kanpoko zerbait egin badu... Denek ematen dute horri buruzko iritzia.
Hori aldatu dela esango zenuke?
Bai, eta denbora oso gutxian. Baserri giroko oroitzapenak ere baditut. Bikamiotan jaiotakoa eta hazitakoa naiz, eta hor, palotak, baratzeak zeuden, eta gogoan dut Goiko kaleko kale baserrietatik idi parearekin nola jaisten ziren lerarekin, eta, arbiz beteta, gora eta behera ibiltzen ziren baserritarrak ia egunero. Baita Goiko Kalen ere nola egoten zen Gorritxo sega-pikatzen, kalean.
Zuk baserriarekin ala itsasoarekin izan duzu lotura handiagoa?
Ni kaletarra naiz, baina aita Ortzaikakoa nuen, eta oso interesgarria den gauza bat gertatu da bertan: baserria, errioa eta itsasoa elkartzen dira. Errioko kultura gisa definitzen dut nik. Bestalde, txikitan joaten ginen itsasora arrain txikietara, eta lagun asko nituen arrantzale eta armadoreen semeak zirenak. Edozein garaitan baporeak ikusten genituen errioan edo hondartzan beita egiten, eta, arrantzaleek jendea behar zutenean sarea palotetan zabaltzeko, deitu egiten ziguten. Kuadrillan joaten ginen, han sarea zabaldu edo jaso, eta gero marmitakoa ordaintzen ziguten 10, 11, 12 bat urterekin.
Horrez gain, gogoan dut frontoiaren pare-parean zegoen Javier Ikazeta Ixarra-ren traineru tailerra ere; etortzen zenean edozein arraun elkarteko atoi bat traineruaren bila, frontoira etortzen ziren jende bila. Han, agian, berrogei mutil koskor ibiliko ginen, mutilak gehienak, eta traineruarekin laguntzen genuen. Horiek opariak iruditzen zaizkit, oroitzapen politak.
Aurkezle eta esataria zara, herriko hizkera aberatsari eusten diona.
Nire hizkera ez al zaizu horrelakoa iruditzen hori dena ikaragarri pobretzen ari delako herrietan? Nabarmena da, nire ustez. Kristoren altxorra dugu, baina asko ari da galtzen. Ni saiatzen naiz hitz horiek erabiltzen. Belaunaldi bat atzera joango bagina, eta mandio edo bisutsa esango bagenu, denek ezagutuko lituzkete hitzok. Gaur galdetu arnasgune batean D ereduan dabilen 14 urteko bati. Euskara irakatsi dugu, baina berdintasun egoeran ez dauden bi hizkuntza ari gara elkarrekin bizitzen, eta horrek gauza asko dakartza. Ez dakit ez garen konturatzen gero eta handiagoa den elur bola batek harrapatuta garamatzala. Borondate on asko dago, lanerako gogoa badago, badago komunitate bat egin nahi duena, baina gure herrian, gu geu ari gara eskatzen gure hizkuntzan egiteko txapa bat jartzea; azkenekoa iruditzen zait hori. Ikaragarri txokatzen dit horrek. Iruditzen zait, oro har, denaren inguruko zentzu kritikoa galtzen ari garela, berrehun karaktereko pentsamendura goazela.
«Niretzat helduleku bat izan zen ‘E, Petrel!’ liburua berrirakurtzea eta euskaratzea».
Nondik datorkizu hizkera aberats hori?
Txikitatik gustatu izan zaizkit hitzak, hizkuntzak eta irakurtzea, eta, kontzientzia pixka bat hartu nuenean, erabat gustatu zitzaizkidan; are gehiago kazetaritzan edo telebistan hasi nintzenean. Aitarekin asko entzun izan dut irratia, eta amak, berriz, hizkuntzetarako erraztasuna zuen. Hiztun on batek, edozein hizkuntzatan, iman bat dauka. Gogoan dut bolada batean hiru ordu pasatzen nituela Itxaspeko buelta egiten: ordubete korrika, eta bi Itxaspeko Luixekin hizketan. Hizketarako sekulako postura zeukan; ez zen hitza edo azentua bakarrik, isiltasuna eta harremana ere nola maneiatzen zituen... Kontuak esateko ohitura eta modu hori galtzen ari den beste gauza eder bat da. Adibidez, gurekin arraunera baserritar mordoa etortzen zen, eta haiekin ere asko ikasi genuen. Ez da ezkutatu behar orain. Kalitateari buruz eta halakoez ari garenean, oraindik baserrian eten ez den berezko transmisio hori maila handiagoan egin dela kalean baino, beste hizkuntzekin erlazio gutxiago izan duelako. Kirolean, adibidez: nire inguruan, oraindik euskara hutsez funtzionatzen duen kirol giro bakarra herri kiroletakoa da; bakarra.
2022an, Julio Villar abenturazalearen E, Petrel!liburua euskaratu zenuen.
Gutxitan berrirakurri dut liburu bat, eta liburu hori bigarrenez irakurtzean, sentitu nuen halako lilura bat... Euskaratzen hasi nintzen askatasun giro hori arnasten segitzeko. Momentu hartan, lana, bi ume txiki eta hipoteka bat nituen, eta niretzat helduleku bat izan zen liburua. Gautxoria naiz, eta tapa-tapa hasi nintzen itzultzen, ez argitaratzeko asmoarekin, baizik eta neuretzat bakarrik. Argitaratuko zela jakin nuenean, ardura handia sentitu nuen, eta ia obsesio bihurtu zen irakurketa errazteko nahia. Testua ez zedila traba izan; korritu zezala, alegia. Esperientzia harrigarria izan da, ederra. Gustura egin dut lan.
Uda sasoian Hereje Fighter musika taldea berpizten duzue urtero, baina orain herriko txarangan ere bazabiltza.
Bai. Udalak hala eskatuta, herrian txaranga jarri zen martxan, eta gustura ibiltzen naiz, gazteagoekin, zaharragoekin... Udan, berriz, Iñaki Etxeberria musikaria etortzen zaigu herrira, eta orduan aritzen gara jotzen Hereje Fighters taldearekin; oparia izaten da niretzat hori.
Arraunean 11 urterekin hasi, eta 22 denboraldi egin zenituen, ia erreskadan. Zeure kabuz hasi zinen, ala norbaitek bultzatuta?
Lagun baten bitartez hasi nintzen. Gorka Etxeberria arraunean hasia zen bere osaba Patxirekin, oso izter-lehengusuak ginen, hau da, lagun minak, eta hark animatuta hasi nintzen. 22 urtez arraunean aritu nintzen, gero arrauna utzi nuen, erreta edo nekatuta nengoelako edo beste zerbait egin nahi nuelako, eta telebistatik [ETB1] jaso nuen Mikel Olazabalen deia, arraun emanaldietan hasteko esanaz. Ezin aukera joaten utzi.
MOTZEAN
Hizlari on bat?
Itxaspeko Luix.
Bete duzun amets bat? Musika talde batean zuzeneko kontzertu bat ematea.
Oraindik betetzeko daukazun bat? Bakean bizitzea. Eta aita hil zenez geroztik dudan bakea, uste dut hori ere betetzen ari dela, dolua eramateko izan dugun moduagatik.
Liburu bat? Irakurri dudan azkena, ikaragarri gustatu zaidalako: Danele Sarriugartek euskaratutako Assata Shakurren Autobiografia bat.
Idazle bat? Ryszard Kapuscinski. Euskaraz, Pako Aristirekin asko gozatu dut, eta orain Joseba Sarrionandia irakurtzen ari naiz.
Nor elkarrizketatuko zenuke gustura? Hori maiz galdetu izan didate, eta beti erantzuten dut Mick Jagger elkarrizketatuko nukeela gustura. Baita nire ama zena ere.