Gorka Urbizuk berak esan duenez, zalantzak izan zituen Etxe bat kantuarekin, bereziki kantuaren hitzengatik: pertsonalegiak ote ziren, ez ote ziren aterako Hasiera bat disko berrirako hautatuak zituen gainerako kantuen ildo nagusitik... Baina entzuleen estimazio handiena jasotako kantuetako bat izaten ari da, estimazio handienekoa ez bada.
Antzeko zerbait gertatu zen, eta gertatzen da, Xabier Lizardiren Etxe-barne bizia artikuluarekin. Aspaldi ikusi gabeko adiskide bati zuzendutako gutun gisa idatziz, etxeko afalondo arrunt baten berri ematen du Lizardik testu horretan, etxeko haurren jokabideak gaitzespenez mozorrotutako samurtasunez erretratatuta. XX. mendeko euskal poesiaren gailur eztabaidaezina da Lizardi, baina prosagile gisa ere aski laudatua. Ez zuen asko uste izango, hala ere, bere prosazko testuen artean gogoratuenetako bat izango zenik Etxe-barne bizia; gai, ustez behintzat, askoz ere serioagoak jorratu baitzituen hitz lauzko lan gehienetan.
Etxez etxe jarraituta, hirugarren etxe bat datorkit gogora, Basatxoritxu kanta tradizionalekoa, nik behintzat, beste askok bezala uste dut, Sakabi eta Egañazpiren bidez ezagututakoa. Urbizurenarekin alderatuz gero, Lizardiren testuaren antzekoagoa da kantu horrek erakusten digun koadroa, haur batek alaitutako afalondo batera baitarama entzulea.
Halaxe gertatzen da batzuetan: biluztasunik gorriena izan daiteke babes handiena ematen duena, sinpletasunik handiena korapilo gehien askatzen duena, txokorik ñimiñoena unibertsaltasunaren adierazpen behinena. Ez da beti hala izaten, eta ez dago horretarako trikimailu finkorik, baina batzuetan gertatu egiten da, hemen aipatu ditudan kasuetan gertatu den bezala. Beste asko ere izango dira, ezagutzen ez ditudanak edo orain gogora ez datozkidanak.
Biluztasunik gorriena izan daiteke babes handiena ematen duena, sinpletasunik handiena korapilo gehien askatzen duena, txokorik ñimiñoena unibertsaltasunaren adierazpen behinena.
Etxe bat, Etxe-barne bizia eta Basatxoritxu, hiru etxe zeru txiki bihurtuta. Badakigu ez dagoela beti —are gutxiago betiko— zeru den etxerik, eta ez direla gutxi ia beti infernu direnak. Baina, irakurle eta entzule moduan, eskertzen dira egunerokotasunik ederrenaren horrelako erretratu xumeak.
Etxe-barne bizia eta Basatxoritxu haurrak liluratutako gurasoen zeru txikien erakusle dira; Etxe bat kantuan, aldiz, kronikariaren iloba da osabaren samurtasuna pizten duena, eta, horrekin batera, etorkizunarekiko kezka existentzial lauso bat, ilobak —oraingoz hogei arte soilik— zenbatzen ikasi izanarekin lotua, «zenbat urte dugun galdetu digu gaur / zenbat urte da hori osaba, zenbat?».
Gure etxe-barne bizi gehienetan arrosario santuak hartu zuen aspaldi suaren —eta ipuinen eta bestelako kontuen— lekua, eta gero batzuei telebistak arrosario santua nola ordezkatzen zuen ikustea egokitu zitzaigun. Azken urteetan, berriz, telebistaren gainbeheraren lekuko izaten ari gara, banakako telefono mugikorraren inbasioak azpiratu eta zokoratua. Etxetik kanpokoak bezala, etxe-barnean dugunak ere banakakotasunera bultzatzen gaitu, aurre egitea gero eta zailagoa zaion indarrez.
Badaude, beraz, motiboak pentsatzeko gure etxe-barne bizien une gorenetako edertasunak behera egin duela azken bederatzi hamarkadetan, Lizardiren kronikaren garaitik gaur egun arteko bidean. Baina Urbizuk gogorarazi digu ez dagoela dena galduta; gaur egun ere, askotan —ia beti— konturatu gabe, zorion puskak geureganatzen ditugula gure etxe-barne bizietan.