Musika

Iñigo Martin: «Herritarrek blues musika benetan zer den jakitea da nire asmo bakarra»

Tolosandblues jaialdia Tolosaren kultur eskaintza mardula gehiago aberasteko asmoz 2005ean antolatu zuten lehen aldiz. 20. urteurrena ospatzen ari dira. Martinek dio jendeak gustuko duela.

Iñigo Martin Tolosandblues jaialdiko koordinatzailea, lehengo astean, jaialdiaren aurkezpenean, Tolosan. JON MIRANDA
Iñigo Martin Tolosandblues jaialdiko koordinatzailea, ekainaren 13an, jaialdiaren aurkezpenean, Tolosan. JON MIRANDA
Tolosa
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Goi mailako musikarien doinuak aditzeko aukera izango da Tolosan igandera bitarte, Tolosandblues jaialdiaren 20. aldian (2005ean sortu zuten). Hasi dira ospatzen, eta Billy Branch Chicagoko blues musikaria izango da aurtengo izar nagusia, Euskal Herrira egingo duen bigarren bisitan. Bihar emango du kontzertua, Plaza Berrian. Aurtengo jaialdia hasi aurretik, «gogo eta ilusio berezia» zuela aitortu du Iñigo Martin jaialdiko koordinatzaileak. 1992an piztu zitzaion bluesarekiko zaletasuna, Donostiako Jazzaldian lehen blues kontzertua ikusi zuenean: «Bat-bateko maitemina sentitu nuen».

Gogoan duzu nola hasi zinen jaialdia antolatzen?

Lehen, Getxo [Bizkaia], Baiona edo Donostiako jaialdietara joan behar izaten genuen blues taldeen kontzertuak ikustera. «Eta Tolosan, zergatik ez?», pentsatu nuen duela hogei bat urte. Orduan, Euskadi Irratiko Kostaldeko trena saioan kolaboratzen nuen, eta blues musikari buruz aritzen nintzen. Beraz, banuen genero horren gaineko ezagutza. Lehen jaialdia antolatzen hastea proposatu nion udalari.

Orduan pentsatzen zenuen jaialdi hau Tolosan garrantzitsu bilakatuko zela?

Ez. Herritarrek blues musika benetan zer den jakitea da nire asmo bakarra, eta, batez ere, jazz musikatik bereizten jakitea. Askorentzat, ezusteko polita izan da hori.

Zer ematen dio Tolosandblues jaialdiak Tolosari?

Dagoeneko aberatsa den herriko kultur eskaintza gehiago aberasten du. Ni, berriz, ikusleen gozamen aurpegiekin geratzen naiz. Kontzertuetan, ia beti, publikoaren atzean jartzen naiz, nahita, kontzertua nola jarraitzen duten begiratzeko.

Nola hasten zarete aldi bakoitza antolatzen?

Orokorrean, garaiz mugitu behar izaten dugu. Aurtengoa, esaterako, azarorako jada antolatua genuen. Lehenik, aurrekontua zenbatekoa izango den ikusten dugu. Ondoren, publikoarentzat gustagarriak izan daitezkeen taldeen zerrenda bat egiten dugu; nik etxean badaukat bat, 30 bat izenekin. Azkenik, taldeek Tolosara etortzeko aukera duten jakin behar izaten dugu. Gogoan dut iaz etorri zen Tommy Castro estatubatuarra gurean izateko hamar urtez egon behar izan nuela haren atzetik. Azkenean, Tolosakoa izan zen 2023an Europan egin zuen lehen emanaldia.

«Kontzertuetan ia beti publikoaren atzean jartzen naiz, nahita, kontzertua nola jarraitzen duten begiratzeko»

Zein oroitzapen gordetzen dituzu Tolosandblues jaialdiaren urte hauetatik?

Gogoan ditut etorri diren artista handienen emanaldiak, hala nola Mitch Kashmar, Shakura S’Aida edo Tommy Castrorenak. Duela hamar edo hamabost urte, talde horiek Tolosan egongo zirela pentsatzea amets bat zen niretzat, utopia hutsa.

Baduzu anekdota gogoangarririk?

2008an, gure jaialdira etortzekoa zen Little Charlie & The Nightcats taldea, baina hiru hilabete lehenago, mezu bat jaso nuen. Taldea banandu egin zela zioten: betiko gitarra jotzaileak taldea utzi zuela eta gitarra jotzaile berri bat zela hastekoa. Sekulako ezustekoa izan zen niretzat, betiko taldea etortzea nahi bainuen. Azkenean, taldea osorik ekartzea lortu genuen, gitarra jotzaile historikoarekin eta hasi berriarekin. Ikaragarria izan zen kontzertua. Gainera, taldekoek asko gozatu zuten Laier tabernako Mikel Zubiriak egindako patata tortillarekin. Oraindik gogoan izango dute. Beste urte batean, Duke Robillardek, Ero Etxe elkartean afaldu ondoren, bertan zuten koñak onenaren kopa bat eskatu zuen, eta kopa hura eskuan hartuta igo zen Plaza Berriko oholtzara.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo jaialditik?

20. urteurrena modu berezian ospatu nahi genuen, eta beste aldietan egondako taldeak eta berriak elkartu nahi izan ditugu. Benetan pozgarria da aurrekoetan egondako zenbait artistak berriro etortzeko gogoa dutela jakitea.

«20. urteurrena modu berezian ospatu nahi dugu, eta beste aldietan egondako taldeak eta berriak elkartu nahi izan ditugu»

Billy Branch Chicagoko artistaren presentziak are bereziago egiten du aurtengo aldia, ezta?

Sekulako luxua da Billy Branch gure herrian izatea. Erreferente bat da, bizirik eta sasoiko dagoen legenda bat. Gainera, Chicagoko bere bandarekin etorriko da, Sons of Blues taldearekin. Ia 50 urte daramatzate elkarrekin kontzertuak egiten. Etzi, Nico Wayne harmonika jotzailearen kontzertuan, jaialdiko azkenekoan, sekulako festa izango dugu. Amaiera ikusgarria emango diogu aurtengo aldiari. Ezin dut ezer aurreratu, sorpresa izango baita, baina ziur naiz ahaztezina izango dela.

Hala ere, Tolosandblues-en, oihartzun txikiena duen musikaria ere oso ona izan ohi da.

Kontzertu guztiak izaten dira goi mailakoak. Bi gitarra jotzaile gazte nabarmenduko nituzke nik: Ander Zubillaga tolosarra eta Martin Burguez bartzelonarra. Burguezek Gipuzkoa plazan egingo du emanaldia, gaur, eta ziur nago zoragarria izango dela. Euskal Herrian joko duen lehen aldia izango da. Igandean, sei emakumez osatutako Indigo Blues taldeak ere kontzertu bikaina eskainiko duelakoan nago. Garai bateko emakumezko blues abeslarien kantuen bertsioak egiten dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.