Herrigunerainoko distantzia murrizteko

Bedaiok Tolosako auzo izateari uztea eta Amezketako auzo bihurtzea nahi dute hango biztanle gehienek. 90 herritar daude erroldatuta. Prozesua egiteko prest daudela adierazi dute hala Tolosako alkateak nola Amezketakoak.

Tolosako Bedaio auzoa, artxiboko argazki batean. HITZA
Tolosako Bedaio auzoa, artxiboko argazki batean. HITZA
Bedaio
2025eko apirilaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egun, Tolosako auzo bat da Bedaio, baina hala izateari utz liezaioke. Izan ere, Tolosako auzo izateari utzi eta Amezketakoa bihurtzea nahi dute hango biztanleen erdiek baino gehiagok, auzoa Tolosatik urruti dagoela argudiatuta. Izan ere, ia hamazazpi kilometro daude Bedaiotik Tolosako herrigunera; Amezketako Ugarte auzora, berriz, sei kilometro pasatxo, eta erdigunera, bederatzi. Auzotarrek martxoaren amaiera aldera aurkeztu zuten eskaeraren eskutitza Tolosako Udaleko erregistroan. «Egoera ondo aztertu dugu, eta hausnarketa prozesu baten ondorengo barne bozketa batek erakusten digu zein den Bedaioko bizilagunon nahia», zioten idatzian. Bedaion 90 bizilagun daude erroldatuta; herri aldaketari buruzko bozketa bat egin dute, eta 62k hartu dute parte; 53k egin dute Bedaio Amezketaren parte bilakatzearen alde, eta bederatzik kontra.

El Diario Vasco hedabidea izan zen bedaiotarren nahia jakinarazten lehena, otsailean, eta, albistearen arabera, «auzotar talde batek» proposatu zuen aldaketa. Berria eman eta hurrengo egunean, hedabide berak publikatu zuen Bedaioko herritarrak «erabakia hartzeko bilera» bat egitear zirela. Auzotarrek argitu zuten, ordea, bilera «gaiaz hitz egiteko» baino ez zela eta ez zutela une hartan erabakirik hartzeko asmorik. Horrenbestez, auzotarrek esan zuten «harritu» egin zituela albiste hark. Mikel Arteaga Amezketako alkatea ere zur eta lur gelditu zen berriarekin. «Bedaioko auzotarrek esan ziguten bilera bat egin zutela. Gaia aztertzea eskatu ala ez erabaki nahi zuten, eta ez Tolosatik joan ala ez erabaki».

Gaia Tolosako Udalaren martxoko osoko bilkurara iritsi zen, eta Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi zuen auzotarren asmoak entzuteko «prest» zeudela. «Haiek udalerritik aldendu nahi izanez gero, laguntza emango diegu legezko aukera guztiak ebaluatzeko prozesuan». Iritzi berekoa da Amezketako alkatea, eta gaineratu du prozesu horretan «laguntzeko prest» egongo direla.

«Bedaioko auzotarrek Tolosatik aldendu nahi izanez gero, laguntza emango diegu legezko aukera guztiak ebaluatzeko prozesuan»

ANDU MARTINEZ DE RITUERTO Tolosako alkatea

Baina Martinez de Rituertoren ustez, ezer erabaki aurretik «lasai» aztertu behar dira halako erabaki batek eragin ditzakeen ondorio guztiak, eta, gero, «inplikatutako alderdi guztientzako irtenbiderik onena» bilatu. Arteagak dio denbora eskatuko duela prozesuak. «Erabaki bat hartzea urruti ikusten dut oraindik. Bedaioko auzotarrengandik eskaerarik iritsiz gero, azterketa oso sakona eta bateratua egin beharko genuke», esan du Amezketako alkateak; «denbora beharko litzateke, eta alderdi guztiek izan beharko genuke prozesuaren parte, akordio bat lortu arte. Erabaki bat hartu nahi izatekotan, prozesu luze baten aurrean geundeke».

Bedaio Amezketako auzo bihurtuko balitz, herriko biztanleriak %10 egingo luke gora. «Amezketan mila biztanle gara, eta Bedaion, ehun inguru. Eguneroko zerbitzuetan izango luke eraginik handiena», adierazi du Arteagak.

Martinez de Rituertori iruditzen zaio Bedaion Tolosarekiko «mesfidantza historiko bat» dutela aspaldi: «Uste dut Bedaion beti sentitu dutela udala ez dela euretaz askorik arduratu, ez orain, ez duela lau urte, ezta duela 50 urte ere». Dena dela, Tolosako alkateak dio auzotarrak «pozik» daudela udal gobernuak abian jarritako Auzoen Mahaia estrategiarekin eta AuzoEkin proiektuarekin.

«Bedaioko auzotarrengandik eskaerarik iritsiz gero, azterketa oso sakona eta bateratua egin beharko genuke»

MIKEL ARTEAGAAmezketako alkatea

Martinez de Rituertok adierazi du Tolosako Udala auzotarrekin bildu zela martxoaren hasieran, eta 50 lagun agertu zirela: «Giro oso onean egon ginen haiekin. Esan ziguten auzoan galdetu nahi zutela ea prozesua abiatzeko gehiengo bat alde ote zegoen. Oso argi adierazi ziguten Amezketarekiko gertutasuna sentitzen dutela eta ez daukatela ezer Tolosako Udalaren aurka». Nolanahi ere, Tolosako alkateak esan du nahiz eta haiekin bilerak egin dituzten «ofizialki» jaso duten berri bakarra erregistrotik sartu den eskutitza izan dela.

Prozesurako «prest»

Tolosako alkateak aitortu du «gehiengo zabal batek» prozesua zabaldu nahi duela, baina aurrena «abiatu» egin behar dela. «Lehenago ondo aztertu behar da zer-nolako ondorioak izan ditzakeen prozesuak alderdi guztientzat». 

Era berean, esan du «prestasun osoa» dutela auzotarrei eta Amezketako Udalari laguntzeko: «Beti esan dut prest gaudela prozesua aztertzeko eta erraztasunak emateko. Gai hau ez dugu erasotzat hartzen, baizik normaltasun osoz, eta eman beharreko pauso guztiak emango ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.