Proposamena

Herriaren sorrera dute ospatzeko

1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak hiri gutuna eman zion Azkoitiko hiribilduari. Berriki bete dira zazpiehun urte herria sortu zenetik, eta, horren harira, ekintza andana egingo dute urte osoan.

(ID_13480038) (/EZEZAGUNA) azkoitia
Azkoitiko udaletxea, urtarrilaren 4an, zazpigarren mendeurrena ospatu zen egunean. IHINTZA ELUSTONDO
Ihintza Elustondo
Azkoitia
2024ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Historikoki esanahi handia duen efemeride bat ospatzen ari da Azkoitia. Hain zuzen ere, 1324ko urtarrilaren 4an, Alfontso XI.a erregeak hiri gutuna eman zion Azkoitiko hiribilduari, eta beraz, aurten zazpiehun urte bete dira gertaera hartatik. Joan den astean, hilaren 4an, herriaren sorrerak zazpi mende bete zituen egunean, ekitaldi sinboliko bat egin zuten Azkoitian, eta, hala, ofizialki inauguratu zuten urte osora zabalduko den mendeurreneko ekintza sorta. 

Ospakizunak antolatzeko, talde bat osatu dute herrian, eta Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko Turismo eta Ondare zinegotzia da taldeko kideetako bat. Historia gaietan aditua izaki, azaldu du garrantzitsua izan zela Azkoitiak hiri gutuna jaso izana: «Esanahi handia dauka historikoki. Herri batek agiri hori jasotzen zuenean, autonomia lortzen zuen; jada ez zegoen jauntxoen mende, nahiz eta erregearen mende jarraitu. Mundu moderno baterako aukera ematen zuen agiriak: merkataritza lantzen hasi ziren, bideak egiten, udala eratzen... Poliki-poliki, herria sortzen hasi zen». 

«Herri batek hiri gutuna jasotzen zuenean, autonomia lortzen zuen; poliki-poliki, herria sortzen hasi zen». 

JUAN BAUTISTA MENDIZABAL Azkoitiko Turismo eta Ondare zinegotzia

Noiz sortu ziren, baina, Gipuzkoako gainontzeko herriak? Mendizabalek esan du Azkoitia ez dela herririk zaharrenetakoa ez eta berrienetakoa ere. Hain zuzen, herriak sortzeko prozesuan, erdialdean jarri du: «Lehenbizi, itsasoaren kontra dauden herriak sortu ziren, Nafarroako Erresumaren garaian: Donostia, Getaria... Gero, Gaztelarekin edo Arabarekin muga egiten dutenak: Segura, Arrasate... Azkoitia erdi partean sortu zen, eta geroago, Zestoa, Urretxu...».

Ospatzeko nahikoa motibo 

Gertaera historiko hori ospatzeko, urtarrilaren 4an Azkoitian egin zuten ekitaldiaz gain, erakusketak eta organo kontzertuak ere izan dira azken egunotan herrian. Era berean, askotariko kultur ekitaldiak antolatuko dituzte urte osorako: kontzertuak, hitzaldiak... Indar handiko beste bi proiektu ere badituzte esku artean: bi liburu argitaratuko dituzte urtemugaren aitzakian. Batean, Azkoitiko Erdi Aroko eta XVI. mendeko historia jasoko dituzte, eta bestean, berriz, berrogei urtez Azkoitiko andremarietan egin den margolan lehiaketara aurkeztutako lanak bilduko dituzte. Gainera, XIII. mendetik eta XVI.era arteko Azkoitiko dokumentazioa transkribatzen ari dira, baita arkeologiari lotutako gaiak lantzen ere.  

Hori da lehengoari begira gauzatu duten lana, baina, Mendizabalek nabarmendu duenez, geroari begira ere jarri nahi izan dute, «nora goaz?» galderari erantzunez. Horretarako, Herrilab +700 izeneko proiektua sortu zuten, herritarrei nolako herria nahi duten galdetzeko; erregeak emandako gutun hartatik abiatu zen proiektua, herria eraikitzen jarraitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.