Joan den astean bete ziren 40 urte euskararen normalizazioa helburu duen AED Arrasate Euskaldun Dezagun taldea sortu zutela Arrasateko zenbait herritarrek. Euskal Herriko beste hainbat elkarteren eredu izan da urte askoan. Eta horrexegatik, hain justu, asmo bertsuko taldeak sortu zituzten gerora inguruko hainbat herritan. Hala nola Jardun, Bergaran; Laixan, Oñatin; Beinke, Aretxabaletan; Axtroki, Eskoriatzan; Idolaz, Antzuolan; Txirritola, Aramaion (Araba); eta Goibeko, Elgetan. Aretxabaletan, Beinke eratu ondotik, Loramendi euskara elkartea sortu zuten 1993an, Beinke eta Loramendi ikastola batzearen ondorioz. Horregatik, 30. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egingo dute igandean, udaletxeko atarian, eta elkartea sortu zuen zuzendaritza taldea omenduko dute.
AEDko bazkide ziren orduan Loramendi sortu zuten kideak, eta Aretxabaletan ere gisa horretako zerbait sortzeko grina piztu zitzaien. Horretarako, elkartea sortzeko bilkura batera deitu zituzten herritarrak. Hala jaio zen Loramendi, eta harrera ona izan zuen herrian, jende asko inplikatu baitzen proiektuan. Denboraren joanarekin, hainbat lantalde sortu zituzten elkartean; besteak beste, emakume talde bat, kultur arloko beste bat, euskalkiak lantzeko taldea eta haurrentzako aisialdi talde bat. Aretxagazeta izeneko egunkari bat ere sortu zuten hastapenetan. Etengabeko lanean aritu dira ordutik, euren herrian euskaraz eragiteko asmoz.
«Euskara normalizatzea lortu nahi du elkarteak Aretxabaletan, eta, horrekin batera, askotariko esparruetan euskaraz bizi daitekeela erakutsi».AINHOA SANCHEZ Loramendi elkarteko arduraduna
«Bizirik» eta «osasuntsu» dago oraindik elkartea, baina belaunaldi berriek hartu dute ordukoen lekukotza. Gaur egun, Ainhoa Sanchez da arduraduna, eta hark esan du ekintza andana egiten dituztela urtean zehar euskararen erabilera bultzatzeko: «Euskara normalizatzea lortu nahi du elkarteak herrian, eta, horrekin batera, askotariko esparruetan euskaraz bizi daitekeela erakutsi. Horretarako, proiektu desberdinak antolatu ohi ditugu». Gaineratu du, halaber, herriko bestelako eragileekin aritzen direla elkarlanean: «Herriko bizigarritasun hori euskaraz izango dela bermatu nahi dugu denon artean. Hartara guk ere, elkarte gisa, erreferentzialtasuna lortzeko».
Euskaraz, hamarretik lauk
Sanchezek sinisten du Aretxabaletak «beharrezkotzat» daukala eurena bezalako proiektu bat, eta «gogoz» daude lanerako. «Luze gabe, behintzat, lanean jarraitu beharko dugu elkarteko kideok, sekula baino indar handiagoarekin eta inoiz baino gogorrago. Euskara hari fin baten gainean dago. Beraz, beharrezkoa da egiten duguna, egunero-egunero euskaraz eragiten jarraitzea». Izan ere, herriko euskararen egoerak kezkatzen du Sanchez. «Euskal Herrian geroz eta txikiagoa da euskaraz egiten dutenen kopurua. Pentsa: gure herrian, adibidez, hamar pertsonatik lauk egiten dute euskaraz». Horren gainean hausnartzeko eta egoera konpontzeko tresna izan nahi du, hain zuzen ere, Loramendik.
«Euskal Herrian geroz eta baxuagoa da euskaraz egiten dutenen kopurua. Pentsa: gure herrian, adibidez, hamar pertsonatik lauk egiten du euskaraz».AINHOA SANCHEZ Loramendi elkarteko arduraduna
Orain arteko bide beretik jarraitu nahi du elkarteak, baina Sanchezek zehaztu du badutela erronka nagusi bat: «Erronka handi bati heldu nahiko genioke aurrerantzean: euskaltzaletasunetik urrun dagoen jendearengan eragitea. Horiei hizkuntzarekiko maitasuna piztu nahiko genieke». Hori aurrera eramateko moduez hausnartzeko, herriko hainbat eragilerekin bilduko dira aurrerago. Gaur-gaurkoz, badakite ez dutela Loramendi elkartearen 30 urteko ibilbidea «edonola» ospatu nahi, eta urte osoko egitaraua ixteko lanetan dabiltza. «Oraindik zehaztu gabe ditugun ekintza ugari ditugu eskuartean, baina ari gara dena prestatzen. Ekintza guztiak izango dira bereziak. Aurrerago zehaztuko dugu dena, baina esango nuke urte polita dugula aurretik».