Proposamena: Bi Harri txapelketa

Herria gurutzatzen duen txapelketa

Bihar jokatuko da Zarauzko Bi Harri txapelketa, eta hamabi harri jasotzailek hartuko dute parte. Bi lagunen arteko bazkari batean sortu zen txapelketa egiteko ideia, eta 2016an antolatu zuen lehen txapelketa Zarauzko Kirol Elkarteak.

(ID_13972471) (/EZEZAGUNA) 1121490_a99c76c0b4eb
Karmele Gisasola 'Zelai III.a', iaz, Zarautzen, Bi Harri txapelketa irabazi ondoren, txapela eskuetan duela. ARITZ MUTIOZABAL
Zarautz
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Herri askotan topatu daitezke harri baldarrak; hau da, herrian bertan aurkitu eta bere horretan jasotako harriak, ukitu gabekoak, heldulekurik ez dutenak. Horietan ezagunena da, ziurrenik, Donostiako Igeldoko harria, baina badira gisa horretakoak Gipuzkoako beste hainbat herritan: Amezketan, Astigarragan, Elgoibarren, Usurbilen, Errezilen eta Adunan, esaterako. Zarauzko harria ere halakoa da, eta badu plazara irteteko urteroko eguna: Zarauzko Bi Harri txapelketa. Bihar izango da, Aritzbatalde kiroldegian. Harri batekin nahikoa ez, eta bi harri baldarrez osatuta dago txapelketa hori. Jai Txiki da bata, 117 kiloko oboide formakoa, eta Morralli harria bestea, 119 kilokoa, Jai Txiki baino handiagoa eta forma luzexka duena. Zazpi minutuan bi harriei txandaka altxaldi gehien egiten dien harri jasotzailea gailenduko da.

Juan Mari Iraola (Zarautz, 1946) herri kirolzale amorratuak ederki ezagutzen ditu harri horiek. «Betidanik» atsegin izan ditu herri kirolak, eta ondo gogoan ditu Bi Harri txapelketaren hastapenak. «Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k herri kiroletarako eskola sortu nahi zuen, baina azpiegiturak behar genituen horretarako. Udalarekin hitz egin genuen, eta Zarauzko Kirol Elkartearekin hitz egitea proposatu ziguten. Elkartearen babesari esker sortu genuen orduan Herri Kirolen Saila, eta horrela hasi zen Joxe Ramon eskolak ematen kiroldegian, ni sail horretako lehendakari nintzen bitartean».  

«Harri baldarren txapelketa bat antolatu nahi izanez gero, federazioarekin jarri behar da harremanetan, eta haiek eman behar dute oniritzia»

 JUAN MARI IRAOLA Zarauzko Kirol Elkarteko Herri Kirolen Saileko lehendakariordea

Eskola sortu eta gero iritsi zen Zarauzko Bi Harri txapelketa, 2016an, Iruretagoiena eta Iraola elkarrekin bazkaltzen ari zirela otutako ideia batetik. «Zerbait berezia egin nahian erabaki genuen Zarauzko bi lekutako harriak aukeratzea, biak desberdinak, harri jasotzaileek ere erronkatzat har zitzaten», dio Iraolak. 2021ean, emakumezko harri jasotzaileen kopuruak gora egin zuela ikusita, haientzako beste bi harri aukeratu zituzten, biak izen berekoak, baina pisu desberdinekin: 70 kilo eta 62 kilo. Orduz geroztik, gizonak eta emakumeak aritzen dira txapelketa horretan. Aurten sei emakumezko lehiatuko dira —Ainitze Zumeta, Karmele Gisasola Zelai III.a, Eider Garcia Durana, Lierni Osa, Olaia Esnaola eta Maddi Gesalaga—, eta sei gizonezko —Aimar Galarraga, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Jon Unanue Goenatxo III.a, Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra eta Iraitz Arruti Burni Txiki—.

(ID_13972472) (/EZEZAGUNA) img_3956
Juan Mari Iraola Zarauzko Kirol Elkarteko Herri Kirol Saileko lehendakariordea, astelehenean, Zarautzen. MIREIA GALARZA BASTIDA

Palmaresari dagokionez, Mikel Lopetegi Urra eta Karmele Gisasola Zelai III.a izan dira Bi Harri txapelketako garaile nagusiak orain arte. Izan ere, haiek dira garaipen gehien eta marka onenak lortu dituzten parte hartzaileak. Lopetegik jantzi ditu azken hiru aldietako txapelak, eta 2021. urtean hark egin zituen orain arteko altxaldi gehienak; 31, zehazki. Gisasolak, berriz, emakumezkoen aldi guztiak irabazi ditu, eta iaz 41 altxaldiko marka egin zuen. 

Berezitasunak

Iraolak azaldu du federazioak erabakitzen duela zer neurri izan behar duten urte osoan egiten diren txapelketetan erabiltzen dituzten harriek: «Harri baldarren txapelketa bat antolatu nahi izanez gero, federazioarekin jarri behar da harremanetan, eta haiek eman behar dute oniritzia». Federazioak proposatutako txapelketa onartuz gero, federazioak berak erabakiko du zein izango diren txapelketa horretako epaileak. «Txapelketa horretan egindako lorpenak jasota geratzen dira».

Iraolaren ustez, «beharrezkoa» da kirolarien lana balioestea, eta, hain zuzen ere, horrexegatik erabaki zuten hasiera-hasieratik gutxieneko diru kopuru bat ematea kirolariei, «gastuak orekatzeko, behintzat». Gutxieneko diru horrez gain, beste hamabi euro ematen dizkiote harri jasotzaile bakoitzari egiten duten altxaldi bakoitzeko; marka hautsiz gero, berriz, gehiago. «Begira futbolean zenbat kobratzen duten. Herri kirolariek ere merezi dute hori, batzuek kontrakoa pentsatu arren». 

«Herri kiroletan ere eutsi egin behar zaie txapelketei, eta gazteek lagundu egin behar dute horretan».

JUAN MARI IRAOLA Zarauzko Kirol Elkarteko Herri Kirolen Saileko lehendakariordea

Iraola zortzi urtez izan zen Zarauzko Kirol Elkarteko Herri Kirolen Saileko lehendakari, 2012tik 2020 ingurura arte. Estreinako urtean egindako lanak ekarri ditu gogora, eta esan du txapelketa berria zenez «hutsetik» sortu behar izan zutela guztia: harri jasotzaileei deitu, boluntarioak eta babesleak bilatu, hedabideekin hitz egin, kartelak zabaldu... Dena den, behin martxa hartuta, antolaketa lana «arina» izan dela aitortu du. Lehendakaritza utzi, eta lehendakariorde da gaur egun: «Lehendakaritza uzteak ez du esan nahi ez dugunik laguntzen; beti dago zerbait egiteko». Are gehiago, egungo lehendakariak ezin badu joan hitzordu batera, Iraola joan ohi da.

80 urte beteko ditu hurrengo urtean, eta, sasoi betean badago ere, nabarmendu du gazteak eta txapelketak beharrezkoak direla: «Herri kiroletan ere eutsi egin behar zaie txapelketei, eta gazteek lagundu egin behar dute horretan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.