Noiz hasi zinen emagin?
1956ko ekainean bukatu nuen karrera, eta abenduan etorri nintzen Hernanira, Ordiziatik. Udara hartan, Donostiako Amaetxean egoten ziren emaginen oporrak bete nituen, jada karrera bukatua nuelako. Egonaldia praktikak egiteko baliatu nuen, eta erditze batean egon ahal izan nintzen lehenengoz. Orduan ez zegoen eraikia oraindik Donostiako erresidentzia. Bertako zuzendaria izango zena gure irakasle izan zen. Oso zorrotza zen, baina baita irakasle ona ere. Gizon hori ez zen bere etxean bizi; lantokian egiten zuen lo bakoitzak bere lanpostua betetzen zuela ziurtatzeko. Zuzendari horrek eskaini zidan lanpostu finkoa.
Eta zergatik Hernanin?
Bi lanpostu eskaini zizkidan: Hernanin edo Urretxun. Ni Ordiziakoa naiz, beharbada gertuago izango nuen Urretxuko herria, baina Hernanira joanda erresidentzia gertuago izango nuen. Hortaz, aitak Hernanira joateko esan zidan, eta nik ere nahiago nuen, egia esan. Behin dantzatzera joan nintzen Hernanira, eta oroitzapen ona nuen geroztik. Halere, aitari ez nion hori aitortu! Ezin nion esan dibertitu nahi nuenik.
Zergatik erabaki zenuen emagin izatea?
Ez nekien zer ikasi, eta amak bi bide eman zizkidan: erizain ala emagin. Azkenean, emagin. Baina praktikantea ere banaiz; bi karrera horiek egin nituen.
«Behar nindutenean nire bila etortzen ziren, eta erditzear zegoen emakumearen etxera joaten nintzen»
Azkenean, gustatu zitzaizun aukeratutakoa...
Bai, eta nire bizitza izan da. Ez zen leku jakin batean egon eta negarrez aritzeko lanbide bat. Kontrara: emozioaren eraginez egiten nuen negar, bizi berri bat ekartzeagatik mundura.
Zein izaten zen zure egunerokoa?
Behar nindutenean nire bila etortzen ziren, eta erditzear zegoen emakumearen etxera joaten nintzen. Prest eduki behar izaten nuen poltsa: eskularruak, pintzak, guraizeak... Gainera, orduan ez zen autoklaberik izaten; gauzak esterilizatzeko balio duen aparaturik, alegia. Etxe bakoitzean irakin behar izaten genituen tresnak. Zilbor hestea mozteko erabilitako pintza eta guraizeak kazola batean ondo irakin, eta gero eskularruak ere egosten jarri.
Zeinek ematen zizun erditze baten abisua?
Senarra etortzen zen nire bila. Gaur egun, ez nuke berdin egingo. Adibidez, Udaltzaingoari deitzeko esango nieke, ni haiekin joateko. Baina orduan bizkartzainekin joaten nintzela emango zuen. Halere, inoiz ere ez zitzaidan burutik pasatu ezer txarrik egingo zidatenik, eta ez zidaten inoiz ere ezer txarrik egin.

Senarra etorri, eta orduan?
Oinez joaten ginen, ordua edozein izanik ere. Lehen aldian, gamuzazko zapatila isil batzuekin abiatu nintzen, etxea gertu egongo zelakoan. Zeharo hondatuta bukatu zuten zapatilek; pena handia hartu nuen. Erditzea luze joan zen, eta bertan pasatu nuen gaua. Hurrengo goizean itzuli nintzen etxera, bederatziak aldera: gosaldu, zertxobait apaindu eta buelta egin nuen berriz. Nire lehenengo erditzea izanik, nahiago izan nuen bueltatu eta amak hemorragiarik ez zuela ziurtatu; zaindua egongo zela egiaztatu, alegia. Egunero joan nintzen denboraldi batean.
Pasadizo asko izango dituzu...
Behin, baserri batera joatea tokatu zitzaidan, eta beste behin, zubi azpira. Nahiago nuen zubi azpiko emakume hura artatu, baserrikoa baino, emakume baserritarra oso zikina egoten baitzen, zeharo belztuta. Aldiz, zubi azpian bizi zen familiak koaderno bateko orri zuri bat baino arropa zuriagoa izaten zuen umearentzat. Baserrian bizi zenari zesarea egin zioten azkenean, segur aski modu horretan errazagoa izango zelako azala esterilizatzea.
Zenbat erditzetan egoten zinen gutxi gorabehera?
Garai haietan, hilabetean 35 eta 41 erditze bitarte izango nituen. Izaten ziren erditze gabeko egunak, baina beste batzuetan presaka ibili behar izaten nuen. Bazegoen emagin titular bat, zaharragoa zena. Hala ere, hark ez zuen lanik egiten. Nik ez nuen titular izateko posturik: Gizarte Segurantzakoa nintzen. Baina Hernaniko familiek niri deitzen zidaten, ezetz asmatu zergatik... Euskaraz jakiteagatik! Familia batzuek hilero bost pezeta ordaintzen zizkidaten euren etxera joan eta umeei zegozkien txertoak jartzeagatik. Nahiago izaten zuten euskaldun batek artatzea, eta nik nire soldatatxoa lortzen nuen horrela.
Egoera nola aldatu zen lanean hasi zinenetik erretiratu zinen arte?
Donostiako erresidentzia eraiki zutenean, emakume askok bertan erditzea erabaki zuten. Baina aldaketa nabarmena egon zen haurdunaldiaren kontrolei dagokienez: amentzako gimnastika hezitzailea egiten hasi ginen, adibidez. Funtsean, erditze aurreko hilabeteei garrantzia ematen hasi ginen, lehenago ez bezala. Erditze osteari, berriz, ez genion berebiziko garrantzirik eman inoiz ere. Halere, nik ez nuen erresidentzian lan egin; ni Hernaniko emagin eta praktikantea izan naiz beti.
«Egungo gizartean, emakumeak hiru lan esparru dauzka: etxean, kalean eta ohean egiten du lan; hortaz, ez dio lan egiteari uzten»
Jaiotza tasa beherakorra da Euskal Herrian.
Zahar asko gaude, bai. Nik hori azaltzeko arrazoi asko aipatuko nituzke. Hasteko, ez dago nahikoa diru laguntza ume asko izan nahi dituenarentzat. Jarraitzeko, gaur egungo erosotasun mailaz, zera: gure garaian, lehenik garbigailua jarri zen etxeetan, emakumeak deskantsa zezan; orain asko aldatu da egoera: oso egoistak gara. Eta gizona egoista bada, emakumeak ere hala behar du: «Nik zurea egin behar dudala? Ez, ez nauzu menderatuko». Bestalde, antisorgailuak daude, eta horiek eragindako ondorioak orain ari dira argitaratzen. Gainera, aisialdirako joerak ere aldatu egin dira: telebistara begira gaude, eta lehen beste modu batera dibertitu behar izaten genuen. Egungo gizartean, emakumeak hiru lan esparru dauzka: etxean, kalean eta ohean egiten du lan; hortaz, ez dio lan egiteari uzten.
Zuk ere lan handia izango zenuen.
Behin etxe batera joateko deitu ninduten, 03:30 aldera. Nire senarra transportista zen, eta 04:30ean jaikitzen zen. Esnatu eta zera esan zidan: «Ez nauzu utziko hemen umeekin bakarrik, ezta?». Hiru ume geneuzkan: zaharrenak 5 urte izango zituen, bigarrenak 3, eta txikienak ez zuen urtebete ere izango. Deitu ninduenak esan zidan emakumeak hemorragia bat zuela: abortua izan zen. Hortaz, ez nuen joan beharrik izan, nik ez bainuen zereginik bertan. Erresidentziara joan beharra zuen emakume hark. Dena den, familia hark ez zidan hitzik ere egin urte askoan zehar.
Hernaniko jende asko ezagutuko duzu, ezta?
60 eta 70 urte inguruko ia denak ezagutzen ditut; etxean jaiotakoak bai, behintzat. Kalean norbait ikustean, zera pentsatzen dut: «Hori nirekin jaio zen». Azken batean, erditze askotan egon naiz, baina penaz nago ez nuelako datuen erregistrorik egin. Gizarte Segurantzak ere ez zituen datuak modu egokian jasotzen, eta, hori gutxi balitz bezala, nahi bezala ordaintzen zuen. Martxoan zegokidana ekainean, eta egindako lanaren adierazlerik ez. Bestalde, 1957ko otsailean gripea hedatu zen, eta txerto asko jarri behar izan ziren. Gizarte Segurantzako praktikanteek lan asko izan zuten garai hartan, eta ni ere etxeetara joaten hasi nintzen. Jende askok ezagutu ninduen horrela. Emakumeek erditzeetan egoteagatik ezagutu naute, baina familia askok txertoengatik izan dute nire berri.
MOTZEAN
Aholku bat ama izatera doanari?Eman diezaiola garrantzia erditze aurreko prestaketari. Arnasten ikastea ezinbestekoa da uzkurdurak menderatzeko.
Aholku bat ama izan denari?
Amagandiko edoskitzea da, nire ustez, umea hezteko modurik onena.
Erditzeko postura ideala?Pikotxean, baina tokiaren arabera.