Adriana Uraldek (Hernani, 1969) betidanik izan du haur bat etxean hartzeko ideia, eta, familiarekin luze hitz egin ondoren, 2015ean hasi zuten prozesua. Orain, bost dira etxean: gurasoak, 30 urteko Aingeru eta Haritz semeak, eta, 2016az geroztik, 16 urteko alaba. Uraldek eta haren bikotekide Alberto Otxotorenak (Hernani, 1968) azaldu dute semeak ere «konprometitu» izana ezinbestekoa izan zela, eta helburua ez zela izan «amatasun edo aitatasun sena» asetzea, haur bati «laguntza ematea» baizik.
Ikusi gehiago
Nola ezagutu zenuten haurra?
ADRIANA URALDE: Prozesua hasi genuenetik urtebete pasatu zen ezagutu arte. Hilabeteak eman genituen frogak egiten eta bileretara joaten.
ALBERTO OTXOTORENA: Eta halako batean deitu egin ninduten, 7 urteko neska bat zegoela esanez. Familiarekin hitz egingo nuela esan, eta baiezkoa eman genien. Haurraren egoera azaldu ziguten lehenik, eta, baiezko ziurra ematean, hurrengo pausoa elkar ezagutzea izan zen.
Eta orduan?
URALDE: Haurra pisu batean zegoen, eta senarra eta biok bisitan joan ginen. Urduri, jolasten aritu ginen, eta gogoan dut bere zapatilak erakutsi nahi izan zizkidala. Hurrengo bisitak parkean izaten ziren, eta etxeko laurak joaten ginen. Aste batzuk pasatuta, etxera etortzeko momentua iritsi zen; lehenengo, gau bat. Dena prest utzi genuen, baina haren bila joatean haurra negar batean zegoen eta ez zuen etorri nahi izan. Lasai egoteko esan genion.
Ezberdin egin zenuten hurrengoan.
URALDE: Motxilarekin etortzea gogorra egingo zitzaiola pentsatu nuen. Hurrengoan ezer gabe etorri zen, presiorik gabe. Egunpasa joan ginen, eta lotan gelditu zitekeela esan genion; baietz esan zigun. Pisa egin zezakeela edo amesgaiztoak eduki zitzakeela abisatu ziguten, eta nik ondoko ohean egin nuen lo, badaezpada. Hamahiru ordu jarraian egin zituen lo.
OTXOTORENA: Azkenean, gu lorik egin gabe, eta hura, seko. Gure artean esaten genuen: «Ez al da esnatuko?».
Egun batetik aurrera, zuen etxean gelditu beharko zuen, ezta?
URALDE: Bere gauza guztiak gainean zituela: maletak hartu eta etxera.
OTXOTORENA: Hasieran kostatu zitzaion etortzea; anaiak pisuan utzi zituen, gainera. Guk ez genuen behartu nahi izan, baina hezitzaileak zera esan zion: «Trena behin pasatuko da; zuk erabaki hartu ala pasatzen utzi». Bizitza osoan hartu behar izan ditu erabaki gogorrak.
URALDE: Etorri zen azkenean. Haurrarentzat egoera berrira egokitzea gogorragoa da guretzat baino: familia berria, etxea, ikastola...

Zailtasunik izan al zuen egokitzeko?
OTXOTORENA: Lo egiteko ez zuen arazorik, baina egunerokoan nabari ziren zailtasunak. Otorduak txintik esan gabe pasatzen zituen, eta baimena eskatzen zuen edozertarako. Egoera konplexua zen: harritu egiten zen arropa erosten genionean, bere partidak ikustera joatean, hamaiketakoa prestatzean...
URALDE: Azaldu genion bera ere etxekoa dela, eta dena denona dela. Baina kalean ez zigun eskua ematen, ez baikinen bere aitatxo eta amatxo. Nirekin alderatuta, Albertok gehiago sufritu zuen; nik banekien haurra noizbait nireganatuko nuela eta pazientzia behar zela.
OTXOTORENA: Aldiz, nik beldur nuen ea ikastola gustatuko zitzaion, eta behin ere ez da kexatu.
URALDE: Ikastolan oso maitatua izan da beti. Iritsi zenean, jendeak ez zekien harreran egotea zer zen ere, eta berak erabaki zuen ikasgelan klasekideei bere egoera azaltzea. Estereotipoak saihesteko, naturaltasunez hitz egin eta harrera normalizatu behar da.
Eragiten al zioten jatorrizko gurasoekin izaten zituen bisitak?
OTXOTORENA: Bai, oso gogorrak izaten ziren haurrarentzat. Kontziente zen egoeraz, eta nahastua egoten zen; bai lehenago, baita ondorengo egunetan ere.
URALDE: Beti esan diogu hitz egiteko, ezin diogula lagundu, bestela. Haserre etortzen zen, eta denbora behar izaten zuen, baina kontatzeko ohitura hartu zuen azkenean. Bisitatik itzuli, gelan sartu, eta ordu eta erdi egoten zen hizketan.
Nolakoa da etxeko egoera gaur egun?
OTXOTORENA: Elkarrekin afaltzen dugu egunero, eta hor izaten dugu hitz egiteko tartea. Batzuetan txanda eskatu behar izaten dugu, alaba isildu ere ez da egiten, bestela!
URALDE: Zortea izan dugu. Haurrak gure laguntza jaso du, baina guk asko ikasi dugu hari esker. Oso maitekorra da, gauero esaten dit maite nauela. Atzera begira jarrita, pentsatu ohi dut: «Eskerrak familia batean egon ahal izan duen».
Eta 18 urte betetzean?
OTXOTORENA: Edozein bide hartuta ere, badaki etxea daukala hemen.