Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du herritarrak animatzeko harrera familia izan daitezen. Izan ere, 75 haur eta nerabek harrera familiak behar dituzte, eta horietatik zazpik premia handia dute. Egun 848 adingabe daude aldundiaren tutoretzapean; horietatik 303 jada harrera familietan daude.
Ikusi gehiago
Nekane Zabaleta haurren eta nerabeen babeseko zerbitzuburuak azaldu du aldundiak daukala haurren eta nerabeen babesgabetasunaren aurrean «esku hartzeko ardura», eta harrera familien «premia» dagoela; kasu horietan, haur edo nerabearen tutoretza diputazioak du, eta harrera familia zaintzaz arduratzen da. Izan ere, bereizi egin behar dira harrera eta adopzioa, Zabaletak aitortu baitu «nahasmena» dagoela oraindik.
Hiru harrera mota daude: larrialdikoa, gehienez sei hilabete irauten duena, berehalako arreta behar duten haurrentzat; aldi baterakoa, gehienez bi urte irauten duena, jatorrizko familiarengana bueltatzeko aukera duten haur eta nerabeentzat; eta iraunkorra, iraupen mugagabea duena, jatorrizko familiarengana itzultzeko aurreikuspenik ez dagoen kasuetan ezartzen dena. Egun, zazpi dira larrialdiko harrera behar duten umeak.
«Edozein familia gonbidatuko nuke gutxienez deitzera. Garrantzitsua da gizarteak egoera ezagutzea»
NEKANE ZABALETAForu Aldundiko haurren eta nerabeen babeseko zerbitzuburua
75 haur eta neraberentzat eskatu dituzte harrera familiak, baina gehiago dira aldundiaren tutoretzapean daudenak. Zabaletak dioenez, haurrak bi lekutan egon daitezke: harrera familiekin edo egoitzetan, eta baieztatu du bi aukerak direla beharrezkoak. «Gipuzkoan aldundiaren tutoretzapean dauden haur eta nerabeen erdiak baino zertxobait gehiago joaten dira tutoretzapeko egoitzetara, eta beste erdiak, familietara. Baliteke behar beste harrera familia ez edukitzeagatik edo haien egoeragatik erabaki izana egoitzetara bideratzea». Zerbitzuburuak esan du maiz nerabeek beraiek adierazten dutela tutoretzapeko etxebizitzan gelditu nahi dutela harrera familia batera joan ordez. Baina dio badagoela harrera familiara joan nahi duenik ere, eta, kasu horietan ere, aldundiak «saiakera» egiten duela, nerabeei familia bat lortzea «zailagoa» izaten den arren.
Zabaletak kontatu du aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua «estereotipoak» haustea dela, ez baitira «profil jakin bateko familiak» behar. Azaldu du «edonor» izan daitekeela harrera familia. «Ez du axola bi edo bost pertsonako familia den, ezta emakumeek edo gizonek osatzen duten ere. Umeek familia bat behar dute, eta ez dago eredu bakarra». Hortaz, oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira harrera familia izateko: «Dekretuak ezarritako baldintza ekonomikoak bermatu behar dira, eta aldundiaren balorazio prozesua gainditu». Gainera, Zabaletak nabarmendu du harrera familiak «arreta» jarri beharko duela haurraren «behar berezietan»; «onartu» beharko duela «familia biologiko bat» dagoela eta ezinbestekoa dela «bisitak errespetatzea», eta aldundiaren ikuskatzea «onetsi» beharko dela.

Harrera familia izan nahi duenak Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen telefono zenbaki batera deitu beharko du: 682-55 44 33. Datuak hartuko dizkiote, eta helbide elektronikoa eskatuko diote informazio osatua bidaltzeko. Horrez gain, hilero egiten den saio baterako gonbita jasoko du. «Edozein familia gonbidatuko nuke gutxienez deitzera, eta, ahal badute, saioetara agertzera. Behintzat, egoera ezagutzeko eta haurren bizipenen berri izateko. Garrantzitsua da gizarteak egoera ezagutzea».
Beroa elkartea
Gipuzkoako zenbait harrera familiak Beroa elkartea sortu zuten, antzeko egoerak izaten zituztela ohartu zirenean. Harritxu Muxika elkarteko teknikariak azaldu du egungo helburua «harrera familiek dituzten beharrak asetzea» dela; hala formakuntzen bitartez, nola behar zehatzei erantzuteko aholkularitzen bitartez. Horretarako, zuzendaritza batzorde bat dute —bazkide diren familiek osatzen dute—, eta, horrez gain, hiru langile daude.
Harrera familietan dauden haur eta nerabeek bisitak izaten dituzte haien jatorrizko familiekin. Beroa elkartearen bitartez, bisita horietan elkartzeko espazio bat eskaintzen da, Muxikak kontatu duenez: Elkarbizitza gunea esaten diote. «Gela ezberdinak izaten ditugu: batzuk haurrentzat pentsatutakoak, besteak helduagoentzat... Sukalde bat ere badugu. Jatorrizko familiaren eta haur edo nerabearen arteko harremana mantentzea da helburua». Muxikak azaldu du bisitetan gainbegiratzaileak egoten direla, baina ez direla elkartekoak. «Haurra edo nerabea harrera familia batean edo egoitza batean egon, ez da berdin, eta gainbegiratzailea ere ezberdina izaten da. Guk espazioa jartzen dugu, eta haiek etorri egiten dira».
«Ongizatea eta askatasuna ematen dute familiek, ingurune seguru bat»
HARRITXU MUXIKABeroa elkarteko teknikaria
Muxikaren arabera, haur bati laguntza ematera animatzen den pertsona edo familia bat da harrera familia. Horregatik, esan du diputazioaren bitartez egiten den balorazio prozesuan familiak kontuan izan behar duela zer gustatuko litzaiokeen, eta baita zer emateko prest dagoen ere. «Batzuei kostatu egiten zaie haurrari agur esatea, eta beste batzuek nahiago dute epe laburreko harrera egin. Zehaztu behar da bakoitza zer harrera mota egiteko gai den».
Harrera familien premiari dagokionez, teknikariak nabarmendu du ume txikien kasuak areagotu direla. «6 urtetik beherako haurrak harrera familietara bideratu behar izaten dira, baina ez dago familiarik, eta, hortaz, harrera egoitzetan daude». Beraz, Muxikak gogorarazi du harrera familia izatea aukera ezin hobea dela haur bati laguntzeko: «Ongizatea eta askatasuna ematen dute familiek, ingurune seguru bat». Dena den, erabakia sakon hausnartu behar dela berretsi du, familien bizitza «aldatzen» duen erabakia delako.