Elkarrizketa

Iker Iriarte: «Ez dut uste bertsolaritzak niri ezer zor didanik; agian, nik zor diot zerbait bertsolaritzari»

Iker Iriarte Iribar bertsozalea da txikitatik, eta gai jartzaile aritzen da gaur egun. Esan du «transmisioa» egiten ari direla Gipuzkoako gai-jartzaile taldean. Bidaiari sutsua eta Iñaki Artola pilotariaren botileroa ere bada.

(ID_14606416) (/EZEZAGUNA) ikeririarte
Iker Iriarte, astelehenean, Tolosan. JOSU ARTUTXA DORRONSORO
Tolosa
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Hamaika saltsatan aritzea gustuko duten horietakoa da Iker Iriarte Iribar (Alegia, 1984), eta bere txoko kutunenetako batean elkartu da kazetariarekin: Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Iriarte Alegiakoa da, baina Zaldibian bizi da gaur egun. Bidaia gidaria da ofizioz, eta azken hamabost urteetan uda osoa igaro du Euskal Herritik kanpo. Aurten, bertako turismoan lan egiteko aukera suertatu zaio, eta pozik dago horregatik. Bertsozalea ere bada, baita gai jartzailea ere. Ia hogei urte daramatza gaiak jartzen; abenduan, esaterako, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean egin zituen lan horiek, Donostiako Illunben. Frontoian ere aritzen da, Iñaki Artola pilotariari botilero gisa aholkuak ematen.

Gai jartzailea, bidaia gidaria, dokumentalista, botileroa... Nor da Iker Iriarte?

Oraindik bere bizitzarekin zer egin nahi duen oso ondo ez dakien pertsona bat, baina, era berean, zer egin nahi ez duen gero eta argiago duena. Bizimodu propioa egiten saiatu izan naiz, lanari, aisiari, militantziari eta zaletasunei dagokienez. Akaso, ez da ohikoena izan, baina bai nire erara egin ahal izan dudana.

Urriaz geroztik aita ere bazara.

Bidaia zoragarria izaten ari da. Ardura handia da, baina ondo daramat. Zorte handia dut etxeko eta gertukoekin. «Nolako mundua utziko diegu gure seme-alabei?», galdetzen dute askok. Nik alderantziz pentsatzen dut askotan: «Nolako seme-alabak utziko dizkiogu munduari?». Ahal dudan guztian asmatzea gustatuko litzaidake.

Txikitan, Zazpi Astoren Gainean bertsozale taldearen bidez murgildu zinen bertsolaritzan, ezta?

Bai. Nire gurasoei eta anaia zaharrari zor diet bertsozale izatea. Etxean, Hitzetik hortzera saioaren zain egoten ginen. Herriko festetako bertso saioa ikustera ere joaten ginen. 10 urterekin liluratuta egoten nintzen bertsoak entzuten. Ez nuke esango Alegia herri oso bertsozalea denik, baina badira bertsolaritzan funtsezkoak izan diren zenbait herritar; besteak beste, Felix eta Aitor Irazustabarrena. Oso bertsozaleak dira biak, eta haien inguruan ibili izan naiz beti. Bertsozaleak ez ezik, oso eragileak eta militanteak dira, eta asko ikasi dut haiengandik. 15-16 urterekin ezagutu nituen, eta horrek balio izan zidan etorkizunerako zenbait oinarri izateko.

«Bada garaia gai jartzaile taldean beste ahots eta iritzi batzuk entzun eta haiek erdigunean jartzeko»

Eta, halako batean, gai jartzaile hasi zinen.

Herrian egin nuen lehen saioa, Felix Irazustabarrenak animatuta. Garai berean, Gipuzkoako gai-jartzaile taldea jendez urri samar zebilen: 5-6 lagun izango ziren. Felixek haiekin hitz egin zuen, eta nigana jo zuten. Une jakin hartan gai jartzaile izatea egokitu zitzaidan, eta gerora horretara eraman nau korronteak. Gipuzkoako Txapelketa hartan kanporaketak osatzeko bertsolariak falta izan balira, orain bertsolari izango nintzatekeen, akaso.

Baina bertsolaria bazara, ezta?

Ez dakit... Ausartegia litzateke naizela esatea. Hala ere, asko gustatzen zait bai bat-batean aritzea, baita bertsoak idaztea ere, eta herrian edo inguruan ere bertsotan aritzen naiz, lagun giroan.

Abenduan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean gaiak jarri zenituen. Zer moduz sentitu zinen?

Opari handia izan zen, bizitza osorako gordeta geratuko zaidan oroitzapen bat. Finalaren aurreko egunak asko gozatu banituen ere, ondorengoak oso txarrak izan ziren. Egunean bertan, etxera itzuli, eta ezin nuen lorik egin. Hurrengo egunetan sukarra izan nuen; tanke bat gainetik pasatu izan balitzait bezala sentitzen nintzen. Emozioak eragindako tentsioagatik-edo izango zen.

Eta zer sentitu zenuen finaleko gai jartzaile gisa hautatu zintuztenean?

Kontziente naiz badirela ni bezain aurkezle onak edo ni baino hobeak, eta asko direla finalean egotea merezi dutenak. Hala ere, azken txapelketa horretan hala erabaki zuten eta esango nuke sari bat izan dela, urte askoan Bertsozale Elkarteko arlo askotan itzalean egindako lana aitortzeko. Oso eskertuta nago. Ez dut uste bertsolaritzak niri ezer zor didanik; agian, nik zor diot zerbait bertsolaritzari.

(ID_14606418) (/EZEZAGUNA) eskolarteko_29__bertsolari

Iker Iriartek urteak daramatza bertsotako gai emaile izaten. Irudian, Iriarte 2009an, 29. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, alboan Haritz Mujika, Amaia Agirre, Aratz Irazustabarrena eta Alex Goikoetxea dituela. TOLOSALDEKO ATARIA

2007an hasi zinen txapelketetan gai jartzaile. Uzteko asmoa duzu?

Ziurrenik, bai. Nolabaiteko transmisioa egin dugu gai-jartzaile taldean. Ez genuen gauza guztiak egiten asmatuko, baina gure aletxoa jartzen saiatu gara, eta errezeloa daukat hemendik aurrera ni taldean egoteak mesede baino kalte handiagoa egin dezakeela. Bada garaia beste ahots eta iritzi batzuk entzun, eta haiek erdigunean jartzeko.

Indartsu dago taldea?

Bai. Oso aberatsa da. Ni hasi nintzenean, bospasei lagun ginen, denak Tolosaldekoak edo Goierrikoak, eta bakarra zen emakumezkoa. Gaur egun, kopuruz handiagoa da, gainerako eskualdeetako kideak ere badaude, adin desberdinetakoak, eta parekidea da. Transmisio lanean asko zaindu dira gauza horiek denak, eta orain oinarri sendoak dauzkala esango nuke. Hala ere, ezin gara gehiegi despistatu, ez gai-jartzaile taldean bakarrik, baizik eta, oro har, bertso mugimenduan. Udazkenean saio bat antolatu genuen Tolosan txapelketan aritutako lau bertsolarirekin, eta hamar lagun besterik ez ziren azaldu. Gauzak ondo egin izan direla iruditzen zait, baina beharrezkoa da transmisioan eragitea.

Gaur egun, 6-8 plaza egiten dituzu urtean. Asko al da hori?

Nahi baino gutxiago. Nahiko kritikoa naiz gai horrekin. Horregatik diot transmisio lanean jarri behar dela fokua. Eta, horretarako, lan horretan ari den jendea zaindu beharra dago. Gai-jartzaile taldean badira zenbait kide itzaleko lan handia egiten dutenak eta txapelketatik aparte ere saioak egin nahiko lituzketenak, baina ez dute aukerarik. Noski, bertso saio bat antolatzen duenak askatasun osoa du nahi dituen gai jartzaileari eta bertsolariei deitzeko.

Txapelketan gai jartzaile izatea esker txarreko lana da. Lan handia eskatzen du eta aitortza pertsonala oso txikia izaten da. Gainera, ez du errekonozimendu ekonomikorik. Luzimendurako tartea ere txikia da. Plazako eta txapelketako gai jartzaileen artean oreka bat bilatu behar dugu, bat gabe bestea ez delako izango, baina kontu handiz ibili behar da.

Zer eman dizu gai jartzaile izateak?

Jende asko ezagutzeko aukera. Tartean, niretzako idolo edo eredu ziren eta diren zenbait bertsolarirekin momentu berezi asko partekatu ditut. Bertsozale Elkarteko kide ere izan naiz, eta, pertsonalki, asko ikasi dut. Azkenik, bikotekidea eta familia ere eman dizkit.

Harituz bertsozale taldeko kide ere bazara. Nolako garrantzia du eskualdean?

Gure belaunaldiak Tolosaldean egin duen gauzarik onena da Harituz. Lauzpabost su txiki zeuden eskualdean, bakoitza lan egiteko bere moduarekin, eta Harituz sortzean, hutsetik hasi behar izan genuen. Hasieran, Tolosaldeko bertso munduko zenbait ahots aurka izan genituen. Dozena bat urteko ibilbidearen ondoren, denborak arrazoia eman digu. Gaur egun, eskualdean bertsozaletasunean eragiten du Harituzek, eta toki kutuna da niretzat.

«Hamabost urte dira uztailean eta abuztuan Euskal Herrian egon ez naizela; urtero, batez beste, lau hilabete egin ditut etxetik kanpo»

Turismo gidari ere bazara. Hori al da zure ofizioa?

Bai. Ingeles Irakaskuntza ikasketak egin nituen eta urtebete egin nuen Irlandan. Ondoren, hiruzpalau urtez aritu nintzen irakaskuntzan, baina errezeloa nuen ez zela nire tokia. Urtebeterako Hego Amerikara joan nintzen, eta handik etorri nintzenean, oso garbi nuen ez nintzela irakaskuntzara itzuliko. Garai hartan, Agurtzane Belauntzaran eta Josu Iztueta ezagutu nituen, eta beste bide batzuk hartzera animatu ninduten, baita profesionalki ere. Bizitzan, oro har, zorte handia izan dut une jakinetan ezagutu dudan jendeagatik. 25 urte nituen orduan, eta talde eta agentzia desberdinekin bidaiak egiten hasi nintzen. Hamabost urte dira uztailean eta abuztuan Euskal Herrian egon ez naizela. Lurreko bidaiak egin ditut, gurutzaontzietan ibili naiz eta hamaika toki ezagutzeko aukera izan dut. Urtero, batez beste, lau hilabete egin ditut etxetik kanpo.

Turismorako zaletasun handia duzu, beraz.

Bai. Zaletasun bati jarraituz sortutako ofizioa izan da. Azken urteetan, ordea, iruditzen zait turismo mota jakin bat sustatu dela hemen: Donostiako Zinemaldiarekin, Michelin izarrekin eta pintxoekin lotutakoa. Hori bada Euskal Herria, baina Euskal Herria ere bada daukagun hizkuntza, dauzkagun herri txikiak, bertako produktuak, bertsoa, pilota edota tokian tokiko hedabideak. Aurtengo udan bertako turismoan lan egiteko aukera sortu zait. Zorte handia izan dut. Kanpotarrei gustuko dudan munduaren zertzelada batzuk azaltzeko eta balioa emateko aukera izango dut. Motibatuta nago.

Iñaki Artola pilotariaren botilero ere bazara. Nolatan sortu zitzaizun aukera hori?

Artola-Izagirre familia oso gertukoa dut aspalditik. Bizilagunak izan gara, eta Iñaki bera ikasle izan nuen bertso eskolan. 2023ko udazkenean bi anaiek deitu zidaten, Mikelek eta Iñakik, eta proposatu zidaten Iñakiren botilero izatea. «Zergatik jo dute nigana eta zer espero dute nigandik?», pentsatu nuen. Azkenean, baiezkoa eman nien. Etxeko altzari batekin laguntza behar zutela esanez gero ere baiezkoa emango nien, lagun minak garelako, eta hori ere bizitzak emandako beste opari bat da. Haiez gain, Aitor Zabala eta Xabi Lasa ere oso pertsona bereziak izan dira nire bizitzan. Erortzeko zorian egon naizen guztietan egon dira laguntzeko prest, eta oraindik ere asko laguntzen didate.

Nolako esperientzia izaten ari da botilero lana?

Nik, behintzat, jakintza baino gehiago, denbora eta laguntasuna eskaintzen dizkiot Iñakiri, eta ez dut uste pertsona bati eskaintzeko gauza txarrak direnik. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta begirada bakarrarekin jakiten dut zer behar duen. Normalean, gainera, askotariko gaiez aritzen gara hizketan, hala nola feminismoaz, Palestinaz, bertsoaz, literaturaz edo politikaz. Pilotaz ia ez dugu hitz egiten.

Motzean

Alegia ala Zaldibia? Alegia.

Zer da zailagoa, bertso on bat sortzea edo gai aproposa pentsatzea? Gai txar batekin bertso on bat kantatzea.

Bidaia gidari ala turista? Bidaia gidari.

Berriro joango zinatekeen herrialde bat? Laponia.

Eta berriro bisitatuko ez zenukeen bat? Ez nintzateke itzuliko bertako errealitatea aldatu den herrialde batera, izan pobreziagatik, gerragatik edo asko sufritzen ari direlako.

Zein bertsolarirekin joango zinateke bidaia batera? Unai Mendizabalekin.

Kanpotik bizitzeko, bertso afari bat edo pilota jaialdi bat? Arratsaldean pilota jaialdia, eta ondoren, bertso afaria.

Mikel ala Iñaki Artola? Haien ama: Lurdes.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.