Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Donostiako Gros auzoko La Central arte galeriak Arte en femenino izeneko kultur programa aurkeztu zuten orain hilabete. Hainbat jarduera, tailer eta solasaldi antolatu dituzte galerian bertan, emakumeek sortutako artea ikusarazteko eta diziplina artistiko guztietako andreen espazioa aldarrikatzeko. Jardueren artean, La Centralen erakusketa bat jarri dute ikusgai: Hamarreko 10 emakume. Bilduma horretan Gipuzkoako hamar emakume artista garaikideren lanak bildu dituzte: Julia Otxoa, Ainize Txopitea, Susana Ferreira, Dorleta Diaz, Elena Arrese, Maria Castilla, Martxe Arana, Nora Pilarte, Adriana Ibargoien eta Nisa Goibururenak. Batetik, arteak sexurik ez duela erakusteko, eta, bestetik, andre artisten lana ikusarazteko. Erakusketa ekainaren 6ra bitartean izango da zabalik, astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Duela hilabete galerian egindako agerraldian, Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak esan zuen Arte en femenino garrantzi handiko kultur programa bat dela. «Historian zehar, emakumeen ahotsa isilarazi, baztertu edo bigarren maila batean utzi izan da artearen esparruan. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu emakume sortzaileei leku bat eskaintzea, eta duten talentuari eta begiradari inportantzia ematea». Izan ere, diputatuak esan zuen erakunde publikoei dagokiela lan hori egitea. «Erakundeok, eta bereziki erakunde publikook, arrakala hori desagerrarazteko ahalegina egin behar dugu, emakume artistei merezi duten tokia eman behar diegu, eta esku hartu behar dugu emakumea interpretazio eta arte sorkuntzako prozesuetansar dadin».
«Erakundeok, eta bereziki erakunde publikook, emakume artistei merezi duten tokia eman behar diegu»
GOIZANE ALVAREZGipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatua
Agerraldian izan zen Lourdes Perez La Centraleko zuzendaria ere, eta azaldu zuen andreek artean izan duten papera «artelanen objektuena» edo «musarena» izan dela mendeetan. «Historikoki, ikusezintasunak eta aitortzarik ezak markatu dute emakumeek artean izan duten presentzia», esan zuen. «Oztopoak oztopo, haien sormena ezinbestekoa izan da arte garaikidearen bilakaeran». Horregatik, programak egoera hori irauli nahi du, eta artea eta emakume artistak lehen lerroan jarri. «Erakusketa honekin, emakume sortzaileen lana nabarmentzeaz gain, Gipuzkoako egungo panorama artistikoan izan duten ezinbesteko eginkizuna aldarrikatu nahi dugu».
Nork bere aztarna
La Centraleko erakusketarako bildumako sortzaile guztiak andrazkoak dira, eta bakoitzak erabiltzen dituen estiloa, gaia eta formatua jarri dituzte ikusgai. «Erakusketa honetako hamar sortzaileek gonbidapena egiten digute araka dituzagun artea ikusteko eta ulertzeko modua zabaltzen duten unibertso askotarikoetan eta hizkuntza berezietan», adierazi zuen galeriako zuzendari Perezek. «Haien lanek zalantzan jarriko gaituzte, hunkitu egingo gaituzte, eta erakutsiko digute emakumezkoen artea agorrezina bezain ezinbestekoa dela».
«'Hamarreko 10 emakume' erakusketako lanek zalantzan jarriko gaituzte, hunkitu egingo gaituzte, eta erakutsiko digute emakumezkoen artea agorrezina bezain ezinbestekoa dela»
LOURDES PEREZDonostiako La Central galeriako zuzendaria
Erakusketaz gain, antolatzaileek hainbat tailer, hitzaldi, solasaldi, dantza ikuskizun eta film proiekzio prestatu dituzte Arte en femenino programaren barruan, eta emakumeek kulturaren arloan duten zeregina izango dute ardatz emankizun horiek guztiek ere. «Gipuzkoako kulturan erreferente» diren emakumeak izango dira saio guztietan, hala nola Lucia Lakarra, Isabel Verdini eta Montse Fornells.
«Gainera, artista entzutetsu batzuk ere izango dira», jakinarazi zuen galeriako zuzendariak. Carmen Lahozek, esaterako, Deconstrucción performancea aurkeztuko du. Sahar Mirhoseini artistak ere parte hartuko du, «gonbidatu berezi» gisa. Saio guztiak La Central galerian izango dira.
EGITARAUA
APIRILA
- Gaur. Carmen Lomanaren Pasión por la vida liburuaren aurkezpena, 18:30ean.
- Bihar. Zetazko pintura sormen tailerra, Marta Arritokieta diseinatzailearekin, 11:00etan
- Apirilak 11.Maria Paz Jimenez, abangoardiako aitzindaria hitzaldia, 18:30ean.
- Apirilak 12.Paperezko mundu bat bitxigintza garaikidea ikasteko tailerra, Giovanna Bittanti diseinatzailearekin,11:00etan.
- Apirilak 25.
Gombrichetik harago: arauen atzean dagoen tradizio artistikoa hitzaldia, Maialen Larruzearekin, 18:30ean.
Apirilak 26.Argizarizko moldetik harribitxira bitxigintza tailer tradizionala, Isabel eta Adriana Astiazaranekin, 11:00etan.
MAIATZA
- Maiatzak 2. Artea, moda eta plataforma digitalakhitzaldia, Margarita Ruiyra de Andrade Zuloaga fundazioko zuzendariarekin, 18:30ean.
- Maiatzak 9.Zerua urdina da nonahi hitzaldia, Sahar Mirhoseini artistarekin, 18:30ean.
- Maiatzak 15. Sotto nuovi cielo filmaren aurkezpena, Gabriella Lanzili zinema zuzendariarekin, 18:30ean.
- Maiatzak 16.Dos veces Vera liburuaren gaineko solasaldia, Itxaso Martin idazlearekin, 18:30ean.
- Maiatzak 22. Lucia Lakarra eta Matthew Golding dantzarien dantza emanaldia, 18:30ean.
- Maiatzak 23.Emakumearen papera komunikabideetan solasaldia, Itziar Altuna kazetariarekin.
- Maiatzak 24. Zeramikazko pintura tailerra, Dorleta Diaz margolariarekin.
- Maiatzak 31.Bizitzako koadernoak topaketa literario musikatua,Marina Ramos konpositorearekin.