Irakaslea eta ikerlaria

Edorta Arana: «Gure hizkuntza eta kultura gutxituari aitzindaritza ematea da gure helburua»

Aranak 30 urte pasa daramatza ikertzen. Nazioaren eta gizarte errepresentazioa aztertu zuen 1994an aurkeztutako tesian. Geroztik, batik bat, hizkuntza gutxituek hedabideetan duten presentzia eta kontsumo ohiturak ikertu ditu.

Edorta Arana, Donostiako Tabakaleran, urriaren 29an. JON URBE / FOKU
Edorta Arana, Donostiako Tabakaleran, urriaren 29an. JON URBE / FOKU
Xalbat Alzugaray
Donostia
2024ko azaroaren 1a
05:05
Entzun

Tesia egin zuenetik, Edorta Arana irakasle eta ikerlariak (Arrasate, 1960) pasioz ikertzen du nazio errepresentazioa hedabideetan, gazteen kontsumo ohiturak eta euskararen lekua komunikabideetan. NOR eta Ikusiker ikerketa taldeetako kidea da Arana. Hori bakarrik ez, hainbat argitalpen eta transmedia ekoizpenetan parte hartu du. Hedabide tradizionalen eta gizartearen arteko loturez aritu izan da, eta sare sozialetan euskararen presentzia txikia dela nabarmendu du. Hala ere, euskara terreno berrietara sartzeko beharra sentitu du. «Anariren Vesna Vulovic kantuan bezalaxe, erori, jaiki eta aurrera segitu; akatsak eginez eta eroriz ikasten da».

1994an urte aurkeztu zenuen zure tesia. Telenavarrako, Telenorteko eta EITBko albistegietako gizarte eta nazio errepresentazioa aztertu zenuen.

Nik tesia egin nuenean, 1990eko hamarkadan, Euskal Herri errealaren eta imajinarioaren arteko lotura eraikitzen ari zen modu sendoan. Eta garaian irudikatu zuten Euskal Herri bat autonomia gisa, administrazio desberdinetan zatitua eta administrazio bakoitzak nolako izaera izango zuen. Lehenik asmatzen hasi ziren Euskal Autonomia Erkidegoa nolakoa izango zen. Horretarako tresna indartsu bat behar zuten, eta, batez ere, EITBko albistegiek rol handia izan zuten. Beharrezkoa zen autonomia barruko instituzionalizazioa egitea. Jaurlaritza, Ertzaintza, Osakidetza eraikitzen ari ziren heinean, albistegiak behar-beharrezko tresna izan ziren instituzioak finkatzeko.

Ondorioz, albistegietan aipatu dituzun instituzio handi horiek promozionatzen zituzten.

Bai, hala da. Esan dezagun, hala ere, bazegoela EITBren barruan askatasun pixka bat, sinbolismoari emandako eremu batzuk. Nafarroa historikoari ematen zitzaion leku bat eta Iparraldeari ere bai, modu sinbolikoan eta folklorikoan. Azpiegitura aldetik, Baionako EITBren egoitza korrespontsala da. Iruñekoa ere antzekoa zen, apur bat sendoagoa esango nuke, baina ez gehiegi; ez zuten Iurretako [Bizkaia} edo Bilboko egoitzek zeukaten indarra, behintzat.

Garai hartan hasitakoak gaur egun eragina duela esango zenuke?

Garaiko joera hori mantendu da. Orduan sortutako dinamika gauzatzea lortu zuten. Lortu zuten instituzio autonomikoa aipatutako lotura sinboliko batzuekin osatzea. Autonomiari indarra eman zioten. Garbi ikusten zen botere banaketa horretan Eusko Jaurlaritzan egondako alderdien autolegitimazio tresna izan zela EITB.

Euskarak zer leku izan du errepresentazio horretan?

Praktikan oso garbi izan dute erabili nahi zuten joko araua zein zen. Maila sinbolikoan kokatu dira Euskal Herria, euskal kultura eta euskara. Praktikotasunaren izenean, euskara geroz eta maila sinbolikoagoan kokatu da. Gainera, nolabaiteko beste akats bat ere egin dute: pentsatu dute euskara euskaldunentzat soilik dela eta ez euskal herritar denentzat. EITB errealitate soziolinguistikoaren eta politikoaren pare joan da, aurretik tiraka izan ordez. Ez du lortu traktore lana egitea.

«EITB errealitate soziolinguistikoaren eta politikoaren pare joan da, aurretik tiraka izan ordez. Ez du lortu traktore lana egitea»

Alta, euskararen normalizaziorako tresnetan komunikabideak ezinbestekoak dira.

Hor gauza interesgarriak ari dira gertatzen. Urte askoan pentsatu dugu euskarazko komunikabide tradizionalek pisu handia izan behar zutela. Igorle bat eta jasotzaile asko izan dira urte askoan. Uste genuen sortuko zela komunitate sinboliko bat, linguistikoa eta kulturala, komunikabideak tresna oso indartsuak zirelako. Gero, errealitateak erakutsi digu beste bi gauza gertatu direla paraleloan. Batetik, komunitate linguistikoa eraikitzeko, komunikabideak baino garrantzitsuagoa zela hezkuntza sistema. Bestetik, komunikabide tradizionalek indarra galdu dutela. Gaur egun, bereziki gazteek sare sozialak erabiltzen dituzte informatzeko, komunikatzeko eta entretenitzeko. Komunikabide tradizionalek ez dira lehen bezain indartsuak.

Zure argitalpenak eta ikerketak euskaraz egin dituzu, nagusiki. Zure ibilbidean euskarak zer eman dizu?

Euskarak niri dena eman dit. Euskara izan da, neurri handi batean, erabaki baten ondorioa. Gure hizkuntza eta kultura gutxituari aitzindaritza ematea da gure helburua, eta gero gerokoak. Gu esaten dut, taldean egiten dugulako lan eta sinesten dudalako aurrera egiteko tresna eraginkorra dela taldea. Gure ildoa izan da euskaraz argitaratzea. Komunitatearentzat lan egiten dugu, euskaraz. Dena eman dit. Euskarak betidanik izan du leku garrantzitsua niretzat. Gauza asko ezagutzeko bidea ireki dit, ikerketa egiteko aukera eman dit, norberak buruan dituen galdera horiei denbora bat eskaintzeko abagunea sortuz. Ikerketan, guk dauzkagu galdera horiei erantzuteko baliabideak. Posible zaigu denbora eskaintzea hausnartzeari.

Transmedia produktuak ekoiztea izan daiteke hizkuntza edo kultura bat indartzeko modu bat. Euskarak behar luke transmedia produktu gehiago?

Bai, derrigorrean. Euskarak eman behar dizkio buelta batzuk buruari, dauzkan errekurtso mugatu horiek ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzeko. Jadanik egiten dugu, unibertso hori badago. Gurean, kalea tresna gisa oso potentea da. Euskarak badauka jendea mobilizatzeko gaitasuna, eta inplikazio afektibo sendoa du. Nik esango nuke gehiago erabili beharko liratekeela kartelak, kaleko iruditegia.

«Gurean, kalea tresna gisa oso potentea da. Euskarak badauka jendea mobilizatzeko gaitasuna, eta inplikazio afektibo sendoa du»

Kaleko hizkuntza digitalera ekartzea da erronka?

Bai, alde batetik eremu digitalean gehitzea. Euskararen presentzia oso txikia da sarean. Hondar ale bat itsasoan botatzea bezala da. Baina nik uste dut logoak, horma irudiak eta banderolak urteekin pixka bat desagertu direla. Horiek aldarrikatu behar dira, modu kontzientean, digitala egongo delako hemendik aurrera. Oso zaila dugu digitaleko borroka, baina euskarak mantendu eta garatu behar du pantailaz haratago hurbiltasun fisikoa eta afektiboa.

Tirabirak proiektua sortu zenuten. Euskal gatazka egunkarietako zintetan nola islatzen zen aztertu zenuten. Garai zail bat aipatzeko tresna ona izan da?

Begira, guk Tirabirak proiektua 2015ean hasi eta 2018-2019 arte garatu genuen. Bilakaera interesgarria izan du proiektuak. Proiektuarekin 2015ean hasi ginenean, ETAren jardun armatuaren bukaera berriki pasatua zen. Gai zail haietara sartu ginen, Euskal Herriko egunkarietan agertzen ziren zinten bidez. Marrazkilarien zintak biltzea eta sozializatzea izan zen asmoa. Guretzat beharrezkoa izan da orotariko errepresentazio bat egitea; hots, komunikabide desberdinetan agertzen ziren zintak biltzea. Oso ohituak geunden bakoitzak bere begirada murritz horretan bakoitzak bere egunkaria irakurtzera. Bereziki, egunkari nagusiak irakurtzen zituztenak oso ohituak zeuden hori bakarrik irakurtzera. Zeren egunkari txikiagoak irakurtzen dituztenek, irakurtzen dute txikia, eta nagusia ere bai. Gure ahalegina izan zen ikuspegia zabaltzea. Transmedia ekoizpen batek eman zezakeen guztia nahastu genuen: erakusketa bat egin genuen, webgune bat, dokumental bat, agerraldiak, irrati saioak, eta abar. Euskal gatazka bizi izan zutenei iritzi bat eskaini nahi genien, eta gazteei, gatazkaren gaia kontatzea. Baina orain nahiko genuke iragan gatazkatsua eta orotarikoa kontatu zintak irakurtzen ez dituztenei eta gatazka bizi izan ez dutenei. Konplikatu da afera.

Edorta Arana elkarrizketa.

Edorta Arana eta hainbat ikerlari Tirabirak, euskal gatazka zintetan proiektuaren aurkezpenean, 2016ko udaberrian, Bilbon, Bizkaia aretoan. Eskuinetik hasita hirugarrena da Arana. 

Euskal Herritik kanpoko eta bertako marrazkilariek eginiko zintak ziren proiektuan. Zertan nabaritu duzu desberdintasuna?

Nik esango nuke Euskal Herrian argitaratutako egunkari batzuen eta kanpoan argitaratutako batzuen artean ikuspegi ideologikoak ia modu paraleloan joaten zirela. Ez da hainbeste Euskal Herriko egunkarien eta kanpokoen arteko desberdintasuna, baizik eta ideologikoki non kokatzen ziren ikustea. Esate baterako, kanpokoek oso modu gordinean irudikatzen zituzten ETAko kideak eta mugimendu independentistakoak: gaixotasunera, ikuspegi diabolikora edo piztia izateraino eramaten zituzten. Komunikabide abertzaleetan ere aldaketak gertatu ziren garaiaren arabera. Polita da ikustea zinta egileak komunikabide bakoitzaren ildo editorialaren harira joaten zirela eta, aldi berean, eremu berrietan ausartzeko balentria zeukaten sortzaileak zirela. Gure lankide batek esaten zuen umoreak balio izan zuela momentu batzuetan giroa tenkatzeko, mina, nazka, gorrotoa sortu arte. Beste batzuetan, aldiz, errealitatea bere eremutik kanpo ematen zuen, eta sortzen zuen ordenu politikotik aparteko eremu bat.

Uste duzu euskarak gehiago konkistatu behar duela satiraren eremua?

Bai, zalantzarik gabe. Euskarak ikusgaitasuna irabazi behar du. Guk geure erakusketan zinta batzuk animatu genituen. Paperean ez da ikusten zinten mugimendua, baina gazteentzat erakargarria izan zitekeen sareko zinta batzuk izatea, biziak izan zitezkeenak. Hor uste dut terreno interesgarria dagoela. Ausarta izan behar da.

Hainbat ikerketa egin dituzue gazteen kontsumo ohiturez. Zein izan dira gako nagusiak?

Gaur egun, gazte askoren helburuen artean unibertsoa konkistatzea dago. Instagram, Snapchat edo Tiktok bezalakoetan euskara lehen baino gehiago urtu da. Baina hurbileko komunikazioan, Whatsapp, Telegram eta horietan, euskarak presentzia handiagoa du. Gainontzeko sare sozial handietan, aldiz, ez. Egiten diren edukiak gehiengo batentzat egiten dira eta horretan euskarak ez du lekurik. Oso bataila zaila da, baina guk esaten dugu hobe dela gaixorik dagoen pertsona bat gaixorik dagoela ikustea. Guk termometroa hartu, eta neurtzen dugu eskoletan, unibertsitatean, sare sozialetan eta plataformetan dagoen kontsumoa. Datuekin posible da politikak asmatzea. Datuak ez badauzkazu, ez. Edozein dela kasua, hobe da errealitatea ezagutzea.

MOTZEAN

Irakaskuntza eta ikerketa?
Irakasteko beharrezkoa duzu ikertzea.

 

Euskarazko transmedia produkturik gustukoena?
Korrika da politena, nire ustez. Dena uztartzen du Korrikak.

Ikerlari batek deskonektatzen du?
Ez dakit zein den erantzuna. Jarrera ausarta behar du ikerlariak, eremu ezezagunetara jo behar du.

 

Ikerketa gehiago zabaldu beharko litzateke?
Hori, zalantzarik gabe; Euskal Herrian egiten den lana ikaragarria. Dauden sareak indartsuak dira. Beharrezkoa da gure lana hedatzea, oso kalitate onekoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.