Tolosan espazio gastronomiko berri bat ireki dute: Jo topagunea. Bertan tokia izango da eskualdeko hainbat produkturentzat, besteak beste Tolosako babarrunarentzat eta Ibarrako piperrarentzat. Tolosaldea Garatzen agentziak abiatu du gunea, Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planaren barrenean, eta helburua da «bertako produktuak balioestea» eta «esperientzia gastronomiko berriak sortzea». Tolosako Kale Nagusiko 20. zenbakian dago Jo topagunea, eta dagoeneko zabalik ditu ateak, hala herritarrentzat nola eskualdetik kanpoko bisitarientzat.
Espazioak ia ehun metro koadro dauzka. Harategia eta supermerkatua izan zen lehenago; urteak zeramatzan hutsik. Iñaki Lopetegi gunearen kudeatzaileetako batek esan du tokia «eraberritu» egin nahi izan dutela. «Enpresa ekimen berri bat jarri dugu martxan, eta, aldi berean, Alde Zaharrean hutsik eta itxita zegoen lokal bat eraberritu eta zabaldu dugu». Kale Nagusia horrelako gune batentzat egokia dela iruditzen zaio kudeatzaileari: «Berdura plazaren aldamenean dago, udaletxetik eta Santa Maria elizatik gertu, eta bisitariak inguru horretan ibiltzen dira gehienetan».
Izan ere, Jo topaguneak Tolosan eskaintzen dituzten bisita gidatuen «zerbitzu osagarri» gisa funtzionatuko du. Larunbatetan antolatzen dituzten bisita gidatuetara joaten direnek Jo-n bukatuko dute itzulia, eta eskualdeko produktuak dastatuko dituzte: babarrun anoa bat, gilda bat eta sagardoa emango dizkiete probatzeko. Gunearen kudeatzaileek 153 bisita gidatuko programa bat diseinatu dute 2026ko martxora bitartean, eta jakinarazi dute larunbatetako bisitetan ez ezik uztailean eta abuztuan astegunez antolatuko dituztenetan ere produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dela. «Uste dugu gune honek orain arte egon den hutsune bat beteko duela», esan du Lopetegik.

Jo izena eskualdeko bi produktu ezagunenen formekin osatu dute: j hizkiak Ibarrako piperra irudikatzen du, eta o letrak, Tolosako babarruna. Nolanahi ere, topagunean ez dira piperrak eta babarrunak soilik izango, beste produktu batzuk ere jarriko baitituzte salgai: eztia, gazta, txokolatea, garagardoa, sagardoa eta txakolina. «Ekoizleek eskertu dute euren produktuak erakusteko espazio bat jarri izana Tolosako erdigunean. Gune honek sektorea saretzeko balioko du».
Lopetegirekin batera, beste hiru lagunek kudeatuko dute gunea: Joseba Usabiagak, Joxe Mari Barriolak eta Josu Aguadok. Dastaketez eta bisitez Miriam Ortiz arduratuko da. Tolosaldeko ekoizleen produktuak ezagutzera emateko merchandising-a ere sortu dute, hala nola katiluak, botilak, txanoak, amantalak... Mattin Jauregik diseinatu du material horren irudia. «Gure helburua da eskualdeko produktuen zabalpen ahalik eta handiena egitea», dio Lopetegik.
Tokiari baserri bateko sukaldearen itxura eman nahi izan diote, eta, horretarako, garai bateko ekonomika irudikatu dute erdigunean. Su horren bueltan antolatu nahi dituzte dastaketak, baita sukaldaritza tailerrak ere. «Gunea ez da bisitarientzat soilik», aurreratu du kudeatzaileak. «Eskualdean badago bertako produktuak ezagutzen ez dituen jendea, eta toki hau haientzako ere pentsatuta dago. Irekia eta bizia izango da, eta momentuko beharren arabera egokituko dugu». Gainera, epe motzera begira badute tailer bat esku artean, aurreikusita baitute Hika txakolindegiko Roberto Ruizek babarrunaren inguruko ikastaro bat ematea.
Gune estrategikoa
Lehiakortasuna da Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren ardatzetako bat, eta, horrekin lotuta, beste lan lerro bat finkatu dute: bertako produktuak balioetsi eta esperientzia gastronomiko berriak sortzea. Plana 2023an jarri zuten martxan, Europako Next Generation funtsen finantzaketarekin eta Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planarekin batera. Alaitz Labaien Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordeak azaldu du sektoreko 44 enpresa ari direla elkarlanean helburu horiek sustatzeko, garapen agentziako Turismo Sailak koordinatuta: «Gastronomia gure eskualdearen indargune nagusietako bat da, estrategikoa da guretzat».
«Uste dugu Jo topaguneak orain arte egon den hutsune bat beteko duela»
IÑAKI LOPETEGITolosaldeko 'Jo' topaguneko kudeatzailea
Labaienek esan du planaren heren bat gauzatu dutela dagoeneko. Gainera, hainbat ekimen abian jartzeko, hitzarmenak sinatu dituzte eskualdeko hamar udalerrirekin. Iazko urrian egin zuten planeko lehen ekintza: Amezketako Mondeju Eguna.
Jo topagunea izango da «tokiko produktuei ikusgarritasuna emateko» beste ekimen estrategiko bat. Tolosaldeko produktuak ezagutzeko harrera puntua zabalik izango da larunbatero, 09:00etatik 14:00etara, eta kudeatzaileek iragarri dute astegunetan lekua zabaltzeko prest direla, betiere, «eskaripean».