Euskara

Gu Geok plataforma sortu dute Hernaniko ikastetxeek, euskararen transmisioa sustatzeko

Herriko ikastetxe guztien artean sortu dute egitasmoa, euskararen eta euskal kulturaren transmisioak izan duen moteltzearekin kezkatuta. Dekalogo bat egin dute, hezkuntzan «jauzi bat» egiteko.

(ID_14344476) (/EZEZAGUNA) (;)
Hernaniko ikastetxe guztietako ordezkariak, urriaren 10ean, Tilos plazan. HITZA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Gu Geok plataforma sortu dute Hernaniko ikastetxe guztietako irakasleek —Aratz Ikastola, Elizatxo Ikastola, Hernani BHI Institutua, Hernaniko Haurreskola, Langile Ikastola, Txirrita Ikastetxea eta Urumea Ikastola—. Ikastetxeek diotenez, herriko euskararen eta euskal kulturaren transmisioa moteldu egin da, eta, hain zuzen ere, egoera hori iraultzeko asmoz jaio da Gu Geok. Kistiñe Iraola eta Aitziber Iraola Hernani BHI Institutuko irakasleek esan dute eskolaz kanpoko hainbat faktorek «eragin erabakigarria» dutela euskarari dagokionez, baina hezkuntzan «jauzi bat» egitea ezinbestekoa dela diote. «Hezkuntza komunitate guztiari dagokio euskalduntze prozesuaren eragile aktibo izatea, irakasle, hezitzaile edo guraso izan». Plataformaren berri emateko, agerraldia egin zuten Hernaniko ikastetxe guztietako zuzendaritzako kideek eta irakasleen ordezkariek, urriaren 10ean, Tilos plazan.

Urtebeteko prozesua izan dela jakinarazi dute bi irakasleek. Irakasle eta hezitzaileen artean galdetegi bat zabaltzea izan zen egin zuten aurreneko urratsa, herriko euskararen erabileraren argazki bat izateko. «Antzeman genuen euskararen erabilera eta euskararen egoerarekiko kontzientzia moteldu eta lausotu egin dela», esan du Kistiñe Iraolak. Euskara eskolako ikasgai eta ekintza zehatzetara mugatzen dela hauteman zuten, eta, horrenbestez, ez dela bereizketarik egiten hizkuntza desberdinen arteko trataeran. «Elebitasun orekatu batean biziko bagina bezala da. Eleaniztasuna ulertzeko modu desegokia da hori, euskarak bizi duen egoera soziolinguistikoari eta gizartean nagusi den diglosi egoerari muzin egiten baitio».

«Irakasle guztiok gara euskara irakasle, eta euskararen biziberritzean eredu izateko erantzukizuna daukagu ikastetxeok»

AITZIBER IRAOLAHernani BHI Institutuko irakaslea

Uste dute, gainera, ikasleei ez zaiela tresna nahikorik ematen euskarak bizi duen «azpiratze» eta «minorizazio» egoera ulertzeko, eta, horrexegatik, gero eta konplexuagoa dela «diskriminazio positiboan oinarritutako neurri hezitzaileak» aplikatzea euskalduntze prozesua sustatzeko.Bi irakasleek diote, egun erabiltzen duten ikasmateriala dela horrek adierazle, euskararen lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari «muzin» egiten diola uste baitute; batik bat, geografia, ekonomia eta gizarte gaietan.

Denak erantzule

Behin herriari euskararen erabileraren gaineko diagnosia eginda, beharrezkotzat jo dute euskal hezkuntzaren funtsezko printzipioaren kontzientzia piztea. Aitziber Iraolak esan du «irakasle guztiei» dagokien zeregin bat dela, hala gorputz hezkuntzakoei nola hizkuntzetakoei. «Irakasle guztiok gara euskara irakasle, eta euskararen biziberritzean eredu izateko erantzukizuna daukagu ikastetxeok». Beraz, eskolaz kanpoko faktoreek duten eraginaren jakitun, hezkuntzan eragitea eta «jauzi bat egitea» izan dute asmo nagusi.

Jauzia egiteko, dekalogo batean bildu dituzte Hernaniko eta bertako hezkuntzak eman beharreko urratsen gakoak. Ikastetxe guztiek onartu dute dekalogoak dioena, eta Kistiñe Iraola irakasleak azaldu du hori betetzea izango dela aurrerantzean egin beharrekoa: «Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa azkartu nahi dugu, eta dekalogoan aipatzen diren puntuak garatu eta gauzatzeko konpromisoa hartu dugu denok». Gaineratu du eskola bakoitzak duen egoerara moldatu beharko duela dekalogoaren gauzatzea. «Euskararen erabilerari dagokionez, ikastetxe guztiok ez dugu egoera bera, eta ikastetxe bakoitzaren lana da dekalogoko zein punturi emango dion lehentasuna».

DEKALOGOA

  1. Euskararen diziplinarteko iza­era indartu. Ikasgai guztiak eta ikastetxeko egoera guztiak dira ikasleen hizkuntza gaitasunak eta hizkuntza joerak hobetzeko abagunea, eta gutxieneko eskakizun hori barneratu behar lukete.

  2. Euskal hiztun aktiboak hezi. Ez da aski euskara irakastea. Eskolak euskal hiztun aktiboak sortu behar ditu. Euskal unibertsoarekiko atxikimendua eraiki behar da, arlo arrazionala eta emozionala garatu.

  3. Soziolingustika, ikasleen pres­takuntza arlo gisa eskaini. Heziketa soziolinguistikoa garatu beharra dago, ikasleei gizartearen hizkuntza praktikez hausnartzeko baliabide analitikoak eskaintzeko eta ikasleen hizkuntza jarreretan eragiteko.

  4. Elkarbizitza eta kultura aniztasuna. Euskal kulturaren biziraupenarekin konprometitzeak aniztasunaren alde egitea dakar. Kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik lan­du behar da, euskara eta euskal kultura guztion topaleku izan daitezen.

  5. Arnasguneak eskoletan. Ikasleen multzokatze ereduak berrikusi behar dira: hizkuntza ohiturak zaindu eta indartzeko baliatu. Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortuko dira.

  6. Euskaldunon ahalduntzea. Euskararen eta euskal kulturaren eskubideak bermatu eta aldarrikatu behar dira.

  7. Curriculumaren euskal dimentsioa jorratu. Euskal Herriko zazpi herrialdeak erreferentzia gisa landu behar dira, matematikan, zientzietan, teknologian, gorputz hezkuntzan, musikan eta gainerako arlo eta ikasgaietan.

  8. Testuliburu eta material didaktikoak. Euskararen Herria aintzat hartzen duten testuliburu eta materialak erabili behar dira.

  9. Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortu. Estrategiak adostu behar dira, gazteek euskarazko kulturgintzaren sorkuntzarekiko zaletasuna izan dezaten. Estrategia horiek ikastetxeen lan ildo bilakatu behar dira. Ikastetxea euskarazko kulturgintzaz busti behar da.

  10. Hezkidetza eta euskara. Euskal Herriarekiko atxikimendua sustatu beharra dago, oinarri hezkidetzaileak ardatz gisa hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.