Proposamena: Itsaspeko zinema zikloa

Goierri, itsasotik gertuago

Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema zikloa askotariko jarduerak egiten ari da Beasainen eta Lazkaon. Besteak beste, zinema proiekzioak eta argazki erakusketa bat antolatu dituzte, eta urtarrilaren 29ra bitarte iraungo dute.

(ID_14603118) CIMASUB argazki erakusketa
Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema zikloak antolatutako argazki erakusketa, gaur zortzi, Beasaingo Usurbe antzokian. LIDE EGIZALA
Lide Egizala Urteaga.
Beasain
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema zikloak Goierrin egin du geldialdia beste urte batez. Iaz Zumarragan izan zen, eta aurten Beasain eta Lazkao izan dira zinema saioak egiteko aukeratutako herriak. Beasaingo Usurbe antzokian bi ikus-entzunezko proiektatu dituzte dagoeneko: bat urtarrilaren 15ean, eta bestea herenegun. Urtarrilaren 29an egingo dute azken saioa, antzokian bertan. Ohiko jarduerez gain, zaharren egoitzetara iritsi da aurten ekinbidea: atzo Beasaingo Arangoiti zaharren egoitzan eman zuten zikloak antolatutako film bat, egoiliarrek eta haien senitartekoek ikus zezaten. Astelehenean Lazkaoko Txindoki zaharren egoitzan izango da itsaspeko jaialdia. Gipuzkoako beste hainbat udalerritan ere proiektatuko dituzte filmak urte guztian, hala nola Lasarte-Orian, Zarautzen, Deban, Azpeitian, Hondarribian, Errenterian, Zumaian, Pasaian, Hernanin eta Tolosan.

Aurtengo aldirako, Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat leloa aukeratu dute. David Sanchez jaialdiaren zuzendariaren ustez, esaldiak «ezin hobeto» islatzen du Itsaspeko Zinema jaialdiaren izaera. Urtarrilaren 7an egin zuten aurkezpena Beasainen, eta Sanchezek planeta babesteko «elkarlanean jardutearen garrantzia» izan zuen hizpide. Hain zuzen ere, hainbaterakunde publikorekin, enpresekin eta herritarrekin ari dira lanean. «Artearen eta zinemaren bidez, ozeanoko bizitza babesteak duen garrantzia jorratu nahi dugu elkarrekin», esan zuen Sanchezek.

«Artearen eta zinemaren bidez, ozeanoko bizitza babesteak duen garrantzia jorratu nahi dugu»

IDAVID SANCHEZADonostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema zikloko zuzendaria

Ohiko film labur eta dokumentalez gain, beste ekitaldi batzuk antolatu dituzte aurtengo, eta horien artean dira Txikizikloa izendatu duten saioa eta argazki erakusketa. Txikizikloa «hezkuntza ziklo» moduan prestatu duten jarduera bat da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutakoa. Helburua da haurrak itsas biodibertsitatearen eta ozeanoak babestearen garrantziaz jabetzea. Horretarako, hainbat film proiekzio eta hitzaldi egin zituzten hilaren 22an Besainen, Usurben. Gainera, jarduera abiatu aurretik, gaiaren gaineko unitate didaktikoa banatu zieten herriko ikastetxeei, landuta eraman zezaten. 24 argazkiz osatutako erakusketa bat ere antolatu dute Itsaspeko Zinemak, eta Usurbe izango da argazkien erakusleiho, hilaren 29ra bitarte.

Itsasoa argazkietan

Erakusketan itsas espezie eta urpeko askotariko paisaien irudiak daude ikusgai. Azken urteetako lehiaketetako irudiak dira, jaialdiak berak hautatutakoak. Argazki guztiek itsasoarekin eta itsasoko biodibertsitatearekin dute zerikusia, eta, irudiok epaitzeko orduan, teknika, estiloa, originaltasuna, zailtasuna eta kontzientziazioa hartu dituzte kontuan. Antolatzaileen esanetan, aukeratutako irudiek «munduko itsas paisaia ikusgarrienetako batzuetara» eramaten dute ikuslea, hala koralezko arrezife koloretsuetara, nola «izaki misteriotsuak» bizi diren sakonera ilunetara. Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dute zikloko ekintza guztiak irekiak eta doakoak direla.

Donostiako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa irabazi asmorik gabeko elkartea da. Real Sociedad Itsaspekoak urpekari taldeak sortu zuen, 1975ean, eta 48 edizio egin dituzte ordutik. Elkartearen helburua itsas hondoa ezagutaraztea eta ikusleak itsas ekosistemak zaintzearen garrantziaz ohartaraztea da. Jaialdiak oihartzun handia du gaur egun nazioartean, eta antolatzaileek diote munduko itsaspeko zinema jaialdirik luzeena dela. Azken edizioetan laurogei herrialde baino gehiagotako ikus-entzunezko lanak eman dituzte; 250 film labur eta dokumental baino gehiago. Aldi bakoitzean 25 sari pasa banatu ohi dituzte, hiru kategorietan banatuta: dokumentalak, film laburrak eta urpeko argazkiak. Kategoria horietan, askotariko lanak saritzen dituzte, hala nola mundu mailan aurkeztutako lan onenak, Kantauri itsasoan egindako lanak, kontzientziazio ekologikoa jorratzen dutenak eta argazkilariek egindakoak.

Antolatzaileek diote jaialdia «aukera paregabea» dela «munduko lanik onenez» pantaila handi baten bitartez gozatzeko; batez ere, kalitateari, sentsibilizazioari eta itsasoko ingurumen hezkuntzako edukiei dagokienez. Prestatzen dituzten jarduera guztiek «itsasoaren garrantzia» eta «ingurumenaren errespetua» lantzen dute, eta hala, klima aldaketaren larrialdiaz kontzientziatu nahi dute jendea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.