Gipuzkoan gizarte gaiek zeresan handia eman dute aurten: etxegabetzeen auzia, afari solidarioak debekatzea, Pasaiako hilketa matxista... Pasaiako Trintxerpe auzoko bizilagunak kalera atera ziren ekainean, Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak ezarri nahi duten proiektuaren aurka egiteko eta bizilagun batzuk etxetik kanporatzea eragozteko. Otsailean hasi, eta urte osoa iraun du bizilagunen eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuaren borrokak. Donostian, berriz, urrian oihartzun handia izan zuen kaleko afariak debekatu izanak. Urriaren 23an, udalak debekatu egin zion KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeari egunero berrehun afari banatzea Egian, Parte Zaharrean eta Amaran. Azaroa bereziki lazgarria izan da: azaroaren 30ean, 53 urteko gizonezko batek 45 urteko bikotekide ohia hil zuen Pasai Antxon. Hainbat eragilek gaitzetsi zuten hilketa, eta, biharamunean, elkarretaratzera deitu zuen Pasaiako Mugimendu Feministak.
1
Pasaiako hilketa matxista
Indarkeria matxistak aztarna utzi du aurten ere Gipuzkoan. Azaroaren 30ean, 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Villabona-Amasan, 45 urteko emakume bat (bikotekide ohia) hiltzea egotzita. Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean gertatu zen hilketa. Emakumea hil ondotik, gizonezkoak ihes egin zuen; gero, Villabonako Udaltzaingora joan, eta bikotekide ohia hil zuela aitortu zien agenteei; han atzeman zuten. Eusko Jaurlaritzak, Emakundek, Eudelek, EH Bilduk eta hainbat erakundek gaitzetsi zuten hilketa.
Biharamunean, abenduaren 1ean, Pasaiako Mugimendu Feministak mobilizazioa egin zuen, Biteri plazan. Matxismoak hiltzen gaitu, aurrean izango gaituzue! lelopean egin zuten elkarretaratzea. Jendetza elkartu zen bezperako hilketa matxista salatzeko.
Egun berean, Pasaiako Udal Batzordeak ezohiko bilkura bat egin, eta adierazpen instituzionala kaleratu zuen. Guztiz gaitzetsi zuten hilketa, eta hiru eguneko dolua ezarri. Babesa eta elkartasuna helarazi zieten biktimaren senideei eta hilketa hurbiletik bizi izan dutenei.
2
Donostiako kaleko afari solidarioak
Urriaren 23an, Donostiako Udalak debekatu egin zituen kaleko afariak. Afariak banatzen zituzten boluntarioei, ahoz eman zieten abisua, udaltzainen bitartez. Boluntario taldeak berrehun bat afari banatzen ditu gauero Egia, Parte Zaharra eta Amara auzoetan, etxean janaria prestatu ondotik. Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziaren arabera, «delituek gora» egin zutelako hartu zuten kaleko afariak banatzea eragozteko erabakia, eta adierazi zuen ez zuela «inolako zerikusirik janari banaketarekin». Urriaren 24an, debekuaren berri eman eta biharamunean, KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak elkarretaratzera deitu zuen Ama Teresa Kalkutakoa plazan. Dozenaka lagun elkartu ziren babesa erakusteko. «Momentu oso beltzak» espero zituzten; Donostiako Udalaren eraginez, besteak beste. «Jarrera arrazistak eta faxistak ikusten ari gara udalean eta udalaren erabakietan». KASek bere jarduera «kriminalizatzea» leporatu zion udalari.
Horrez gain, salatu zuen bazirela zenbait hilabete KASeko boluntarioei mehatxu egiten zietela, eta kriminalizatu egiten zituztela. Lo que no te cuentan de Donosti taldea egin zuen kriminalizazioaren erantzule: «KAS suntsitu nahi du, desagerrarazi. Segurtasuna eta KAS lotzen ditu, eta, haren arabera, KAS omen da segurtasun faltaren jatorria».
Taldeko ordezkarien hitzetan, 2020tik lau edo bost aldiz elkartu dira udaleko Gizarte Zerbitzuetarako arduradunekin. Aterabide bat «exijitu» diete kalean bizi direnentzat, eta, batez ere, «elikadura eskubidea bermatzea».
3
Trintxerpeko Herrera kalea
Pasaiako Trintxerpe auzoko Herrera kaleko 10. eta 11. etxe multzoetako —Escalerillas esaten diete— biztanleen etxebizitzen etorkizuna ezbaian jarri dute. Izan ere, Pasaiako Portu Agintaritzak bertan bizi diren hamabi familiari jakinarazi zien etxea utzi beharko zutela. Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak merkantziak portutik eramateko trenbidea eraiki nahi dute eremu horretan. Hain zuzen ere, portua Euskotrenen ibilbidearekin lotu nahi dute, Europatik datozen bobinak Durangora (Bizkaia) igortzeko. Martin Bautista Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak esplikatu zuen bertako biztanleei inork ez ziela eskaini inongo konpentsazio ekonomikorik, ez etxebizitzarik, ezta alternatibarik ere. «Gutxi batzuei miseriazko kalte ordain batzuk eskaini dizkiete, baina gehienei, kale gorria baino ez».
Bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatuak 2.047 sinadura jaso zituzten etxegabetzea eragozteko asmoz. Herritarrek manifestazioa egin zuten ekainaren 1ean, Etxebizitza Sindikatuaren babesarekin. Manifestazioan ez zen ordezkari instituzionalik agertu. Jon Serrano bizilaguna kexu agertu zen horregatik, eta esan zuen «penagarria» zela. Abenduaren 3an, bizilagunak kalera atera ziren, eta salatu zuten Pasaiako Portu Agintaritza etxebizitzak husteko aginduak azkartzen ari zela.