Gipuzkoako Halterofilia Federazioak modalitatea indartzeko plana zehaztu du

Jende gehiagorengana iristea da Gipuzkoako Halterofilia Federazioaren helburu nagusia; orain arteko jarduteko modua aldatuta, kirola bera indartu eta erakargarriago bihurtu nahi dute.

(ID_13385166) (/EZEZAGUNA) (;)
Gipuzkoako Halterofilia Txapelketa, aurtengo martxoan, Zarautzen.
Zarautz
2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Gipuzkoako Halterofilia Federazioa sortu zenetik, asko aldatu da kirola lurraldean. Orain 55 urte sortu zen federazioa, Zarautzen, eta, hain justu, oso errotuta dago bertan halterofilia. Gipuzkoan bazkide kopururik handiena duen udalerria da —berrogei kirolari, bost entrenatzaile eta hemezortzi epaile—. Federazioa ez ezik, lehenengo halterofilia kluba ere bertakoa da. 1968n sortu zuten Zarauzko kluba, eta, harrezkeroztik, bizirik irauten duen bakarra da, talde asko sortu eta desegin baitira bidean. Zarauzkoarekin batera, hiru besterik ez dira egun Gipuzkoan dauden taldeak: Villabona-Amasako eta Zizurkilgo Danok Danena eta Irungo Argitrans. Horrenbestez, talde gutxi direla iritzita, 2030erako gehiago sortzea eta federatu kopurua handitzea du federazioak helburu.

Horretarako, plan estrategiko bat gauzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta argitara eman dute oraintsu. Jaizki Mendizabal (Zarautz, 1977) federazioko presidentea aritu zen, besteak beste, hura osatzeko lanetan. Mendizabalek dioenez, kirola indartzeko irizpideak jasotzen ditu planak: «Halterofilia jende gehiagorengana modu erakargarriagoan iristeko bide orria osatu dugu. Hala, argi ditugu zein diren eman beharreko pausoak: entrenatzaileak formatu, txapelketak eta entrenamenduetako azpiegiturak hobetu, epaile gehiago izan eta diru laguntza gehiago eskuratu».

Jarraitu beharreko mapa zehaztuta, «bide onetik» doazela uste du Mendizabalek, baina, aldi berean, uste du «gehiago lantzeko beharra» ere badutela. Horregatik dio, hain justu, «jendea inplikaraztea» dutela erronka nagusi: «Denon artean eraiki behar dugu Gipuzkoarako nahi dugun halterofilia, eta, horretarako, gauza asko aldatu behar ditugu. Urte askoan izan dugu jarduteko modu bera, eta argi dago ez dela eraginkorra izan».

Gainera, «belaunaldi aldaketa bat» beharrezkotzat jotzen du federazioko presidenteak. Horregatik, bere aldia amaitutakoan, besteren batek lekukoa har dezala nahiko luke. Bat dator harekin Juan Mendizabal (Zarautz, 1951) Gipuzkoako Halterofilia Federazioko presidente ohia eta egungoaren aita. Gaineratu du, halaber, «harro» dagoela semeak egindako lanaz: «Guk genuena baino ikuspegi zabalagoa du Jaizkik, eta sekulako lana egin du. Izan ere, inoizko egoerarik onenean ikusten dut halterofilia. Behea jo zuen duela sei edo zazpi bat urte, eta goranzko joeran dago orain».

Jatorria, Aginagan

2000ko hamarkadaren hasieran bete zuen federazioko presidente ohiak bere kargua. Gainera, lehen lerroan bizi izan zituen federazioaren zein klubaren sorrerak, Zarauzko lehen taldeko pisu altxatzaile hasiberrietako bat izan baitzen. «Garaiko Espainiako Halterofilia Federazioko presidentea donostiarra zen, eta Gipuzkoan sartu nahi zuen kirola. Horretarako, pertsonarik egokiena Emilio Olazabal zela pentsatu zuen, nahiko ezaguna zelako kirol arloan. Maratoiak egiten zituen, eta Zarautz Kirol Elkarteko sortzaileetako bat ere bazen».

Olazabalek ez zituen halterofiliako arauak ezagutzen orduan. Kirol horretara hurbiltzen zen beste kirolen bat egina zuen, ordea, aurretik: Aginagan bi urtetik behin egiten zuten pultsularien erakustaldia, hain zuzen ere. «Barra batekin pisua altxatzen zuten erakustaldi horretan, baina ez olinpiar halterofiliaren teknika edo mugimenduekin», zehaztu du Juan Mendizabalek. «Hortik abiatu zen Olazabal, eta herriko gazte talde bat animatu zuen parte hartzera; tartean, nire kuadrillako mutil bat. Hala hasi nintzen neu ere, lagunak bultzatuta». Dena den, herriko kirol elkartean halterofilia sekzioa sortu ahal izateko federazioa egotea beharrezkoa zen legez. Horregatik, Espainiako Federazioak Gipuzkoakoa sortzeko eskaera onartu, eta segidan sortu zen lehen kluba.

Hasiera hartan, gizonezkoak baino ez ziren Gipuzkoan federatutako lehenengo pisu altxatzaileak. Presidente ohiak jakinarazi du gerora hasi zirela emakumezkoak halterofilian: «1980ko hamarkada amaieran edo 1990ekoaren hasieran hasi ziren lehenengo emakumeak». Gaur egun, federatuen %35 dira emakumezkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.