Historiazalea

Patxi Olabarria: «Gipuzkoako armarria arakatuz gure herriaren historia deskubritu dut»

Herrialdeko armarria aztertu du Olabarriak, Nabarralde fundazioarekin argitaratu berri duen liburuan. Armarrien elementuak aitzakia gisa harturik, Gipuzkoako historia kontatu du. Sinboloen garrantziaz ohartarazi du historiazaleak.

(ID_17332397995065) (/EZEZAGUNA)
Patxi Olabarria, azaroaren 27an, Donostiako Okendo kultur etxeko kanpoaldean. HITZA
Xalbat Alzugaray
2024ko abenduaren 8a
05:05
Entzun

Ispilu hautsi bat ageri da Gipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu (Nabarralde)liburuaren azalean. «Historia zatitua» kontatzen du Gipuzkoako armarriak, Patxi Olabarria historiazalearen ustez (Antzuola, 1971). Ez badirudi ere, armarriek «gure herriaren historia» kontatzen dute. Agertzen diren elementuek eta pertsonek esanahi bat dute. Historian zehar herrialdeko armarriko elementu batzuen esanahiak aldatuz joan dira. Edonola ere, inguratzen gaituzten sinboloez «jabetu eta gure egin» behar direla azpimarratu du Olabarriak.

Noiz eta nola sortu zitzaizunGipuzkoako armarria, gure historiaren ispilu liburua egiteko nahia?

Duela urte bat eta erdi, Antzuolako armarriari buruz liburu bat egin nuen: Antzuolako armarriarenalardea. 2009an, Kultura zinegotzia nintzen, eta Nabarralde fundazioak esan zigun gure armarrian hamabi kanoi ditugula eta kanoi horiek Belateko [Nafarroa] liskarraren erakusle direla.Gipuzkoako armarriak Antzuolako armarriarekin harremana dauka, erregea eta kanoiak dauzkalako. Antzuolakoaren liburua aurkeztu ondoren, Hernanin tailerrak antolatu zituzten Gipuzkoako armarriari buruz, eta gonbidatu egin ninduten. Han, hitzaldi bat eman nuen Antzuolako armarriaz, eta Nabarraldek esan zidan merezi zuela Gipuzkoako armarriari buruz liburu bat egitea. Hortik gaur arte ibili naiz liburuarekin hara eta hona.

Gipuzkoako armarria noiz sortu zen?

Lehen bertsioa 1397koa da; Getarian sortu zen Gipuzkoako Ermandadearen zigilua zen. Kontuan hartu behar da 1200. urtera arte Nafarroako Erresuman zegoela Gipuzkoa. Ermandadeetan Batzar Nagusiak egiten hasi ziren. Batzar Nagusiek Gipuzkoatik kanpo bidaltzen zituzten dokumentuetan zigilu bat zegoen. Garai hartako gipuzkoarrek sortu zuten zigilu hori, eta han errege bat ezpatarekin agertzen da, tronuan eserita eta azpian hiru zuhaitz, itsasoa azpian duela.

Erabiltzen zuten zigilua armarri bihurtu zen?

Hala da. Erabili zuten zigilua armarri bihurtu zen. Armarrian bertan hamabi kanoi agertzen dira. Errege nafarrak Biarnora joan ziren 1512ko uztailean, ihesi, Gaztelak Iruñea hartu zuelako. Ondotik, azaroan, Nafarroako tropak saiatu ziren Iruñea berriz hartzen, eta, itzultzean, Belaten Gipuzkoako tropa batzuekin topo egin eta liskar bat izan zuten. Kanoiak utzi zituzten han. Bi urte geroago, Joana I.a Gaztelakoak Gaztelaren aldeko gipuzkoarrei ohorezko sinbolo bat eman zien; kanoien sinboloa erabiltzea baimendu zien, azken finean. Baina ohorezko sinbolo hura opari pozoitua zen, euskaldunen arteko zatiketa bat islatzen baitu Belateko liskarrak. Gaztelak nahi izan du liskar horri gatazka odoltsu baten irudia ematea.

«Erakutsi nahi izan dut ez diegula sinboloei nahiko garrantzirik ematen. Dauzkagun sinbolo asko eta asko, Realaren armarria tarteko, Borboien koroarekin agertzen dira»

Noiz hasi ziren armarriei esanahiak ematen?

XVI. mendean heraldika jakintza arlo gisa zabaltzen hasi zen, eta orduraino sortutako armarriei esanahia ematen hasi ziren. Gipuzkoako armarria hasi zirenean arakatzen, ez zekiten nor zen zigiluetan agertzen zen erregea. Dokumenturik izan ezean, esanahia asmatu egiten zuten. Orduko gipuzkoarrek edota Gaztelako kronistek kontatzen zuten agertzen zen erregea nafarra zela, Gipuzkoa Nafarroaren parte izan zelako orduan. XVII. mendean, berriz, bertsioak aldatzen hasi ziren, Gaztelari ez zitzaiolako gustatzen, ezta komeni ere, Nafarroako errege bat edukitzea armarrian. Alfontso VIII.a zela esan zuten armarrian ageri zen erregea. Hain zuzen, 1200. urtean, Alfontso VIII.a erregeak Nafarroa mendebaldea hartu zuen. Ondoren, zabaldu zen armarrikoa Henrike IV.a zela. Nik nire liburuan froga mordo batekin esan dut armarrian dagoen erregea nafarra dela. Gehiago esango dut eta arriskatzen naiz esatera Eneko Arista dela armarrian agertzen dena.

Eneko Arista dela nola frogatu duzu?

Liburu honetan saiatu naiz erakusten zer errege izan zitekeen armarrian. Gipuzkoako Ermandadeko zigilua egin baino urte batzuk lehenago, Compendio de crónicas de reyes izeneko liburua argitaratu zen, eta, han, zientoka errege azaltzen dira. Ezpatarekin eta makila batekin agertzen den erregea Eneko Arista da. Hark dauka antzik handiena armarriko erregearekin. Hori da nik ekarri dudan nobedadea.

Gipuzkoako armarriak aldaketak izan ditu?

1876an, foruen galerarekin, Euskal Pizkundea sortu zen. Sinboloei garrantzia eman zien mugimendua da Euskal Pizkundea. Jaurgain zuberotarrak Zazpiak Bat kontzeptua sortu zuen. Jaurgainen ondoren, Arana anaiek Bizkaian zeuden sinbolo batzuk kendu zituzten; armarriko bi otsoak, adibidez, Gaztela irudikatzen zutelako. Jose Antonio Agirre lehendakariak, Eusko Jaurlaritzaren armarria egiterakoan, Gipuzkoako armarria kanoirik gabe txertatu zuen, argi eta garbi zeukalako Belateko liskarra anaia artekoa izan zela. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzako armarria kanoirik gabe agertu, Gipuzkoan Franco hil arte ez zuten armarria aldatu. 1979an, berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehen plenoan kanoiak kendu egin zituzten.

Zer frogatu nahi izan duzu liburuarekin?

Erakutsi nahi izan dut ez diegula sinboloei nahiko garrantzirik ematen. Dauzkagun sinbolo asko eta asko, Realaren armarria tarteko, Borboien koroarekin agertzen dira. Jabetu behar dugu, gure egin behar ditugu inguruko sinboloak. Hernialden, adibidez, koroa kendu dute armarritik. Gipuzkoako armarria arakatuz, gure herriaren historia deskubritu dut. Armarriak eta gure herriaren historiak oso harreman estua daukate. Gure herria esaten dudanean, euskararen herria da, noski. Oso lotuta daude biak. Armarriaren aitzakiarekin gure herriaren historia kontatu dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.