Musika

Gipuzkoako Ahotsak musika zikloa abian da, Donostiako Kutxa Fundazioa Klubean

Kutxa Fundazioak musika ekinbide bat abiatu du, herrialdeko sorkuntzaren aniztasunari garrantzia emateko asmoz. Hamabost kontzertu izango dira abenduaren 6ra bitarte, Tabakaleran duen egoitzan.

(ID_14326019) (/EZEZAGUNA) screenshot_2024-10-09-21-56-01-808_com.miui
Antuxuna musika taldea, joan den larunbatean, Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean. KUTXA FUNDAZIOA
Miren Mujika Telleria.
2024ko urriaren 12a
05:00
Entzun

Kutxa Fundazioak Gipuzkoako Ahotsak musika zikloa abiatu zuen gaur zortzi, Bidean Produkzioak-en laguntzarekin. Herrialdeko musika sorkuntzaren aniztasunari ahotsa ematea da ekinbidearen asmoa. «Ziklo honen helburua da espazio bat ematea beren berezitasunagatik eta sormenagatik egiteko, ulertzeko eta izateko modu berriak proposatzen dituzten ahotsei», esan dute antolatzaileek. Urriaren 5ean izan zen lehen kontzertua, Antuxuna taldearena, eta hamabost kontzertu izango dira abenduaren 6ra arte. Kontzertu guztiak Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioa Klubean izango dira, 21:00etan.

Musika zikloak gaur izango du bigarren eguna, eta bi kontzertu izango dira: Zahra Moreno eta Ayvee, eta abenduaren 6ra bitarte, Eraul, Eneritz Furyak, Hatxe, Postal Kolekzionistak, Aria, Sara Mansilla, Nuria Culla, Mark Duti, Letagin, Peachy Joke, Ander Zubillaga, Ke Lepo eta Alai ariko dira.

«Ziklo honen helburua da espazio bat ematea beren berezitasunagatik eta sormenagatik egiteko, ulertzeko eta izateko modu berriak proposatzen dituzten ahotsei»

KUTXA FUNDAZIOA

Kutxa Fundazioaren esanetan, «kalitatea eta aniztasuna bermatzen duten funtsezko adierazle batzuen arabera» hautatzen dute zer taldek parte hartuko duten zikloan. Sexu berdintasuna ere izan dute irizpide hautaketa egiteko garaian, bai eta proposamenen originaltasuna eta estiloa ere.

Antolatzaileek azaldu dute «lurraldeko talentu berri eta finkatua babesteko eta ikusarazteko plataforma» bat dela Gipuzkoako Ahotsak. «Musikaren bidez, artista eta sortzaileek ezarritako arauak desafiatzen dituzte». Horrek «urrunago begiratzeko inspirazioa» ematen diela esan dute, «gizarte irekiagoa, inklusiboagoa eta toleranteagoa sustatuz».

Artebidea programa

Kutxa Fundazioak ardatz hartu du talentu artistikoa sustatu eta babestea. Hain zuzen ere, helburu hori duen programa bat du abian: Artebidea. Artistek banaka zein taldean sortzaile gisa egiten duten lanari «prestigioa» emateko asmoarekin sortu zuten programa. Artebidearen barruan, bederatzi proiektu ditu Kutxa Fundazioak, eta, hain justu, Gipuzkoako Ahotsak da horietako bat. «Proiektu bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina badute helburu bat amankomunean: arteek, humanitateek eta kulturak ezagutzaren eraikuntzan egiten duten ekarpenari balioa ematea».

EGITARAUA

  • Gaur. Zahra Moreno eta Ayvee. 
  • Urriak 19. Eraul.
  • Urriak 25. Eneritz Furyak eta Hatxe.
  • Urriak 26. Postal Kolekzionistak eta Aria.
  • Urriak 31. Sara Mansilla eta Nuria Culla.
  • Azaroak 22. Mark Duti eta Letagin.
  • Azaroak 30. Peachy Joke eta Ander Zubillaga.
  • Abenduak 6. Ke Lepo eta Alai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.