Lan egiteko garaian, nahiago du emakume talde batekin egin Tessa Andonegi aktoreak (Donostia, 1968). Ez zoriz. Izan ere, «energia» eta «konfiantza» sentitzen du espazio horietan. Urte asko egin ditu aktore lanetan, eta eskarmentuak erakutsi dio «egiteko beste modu bat» dela emakumeena. Eta, hain zuzen ere, egiteko modu hori interesatzen zaio Andonegiri.
Littletonen egin zenuen aktore izateko lehendabiziko pausoa, Ameriketako Estatu Batuetan.
Bai. 17 bat urte izango nituen orduan. Ingelesa ikastera eta esperientzia bizitzera joan nintzen. Antzerkia lantzen nuen lehenengo aldia izan zen hura. Ez neukan oso argi hori egin nahi nuen. Estatu Batuek alde txar asko dituzte, baina eskoletan baliabide asko dituzte, behintzat. Urtebete egon nintzen han, eta hor esan nuen: «Hau asko gustatzen zait». Begira: duela gutxi egin nuen topo Estatu Batuetara joan aurretik ikaskide izandako batekin, eta esan zidan: «Zuk txikitatik esaten zenuen aktore izango zinela». Buruan ez nuen aktore izatearen ideia. Nik dantzaria izan nahi nuen, ballet dantzaria. Hala ere, urte zoragarria izan zen Littletonen bizi izan nuena. 17 urterekin etxetik atera, eta antzekoa izanik ere gureaz bestelako kultura bat ezagutzea... zoragarria izan zen. Oso-oso ondo pasatu nuen, eta oso oroitzapen polita gordetzen dut ordutik.
Antzertin hasi zinen segidan, Donostian, eta handik atera zarete euskal aktore asko. Nola oroitzen dituzu ikasketa urte horiek?
Han ezagutu nituen asko lagun ditut orain: Miren [Gojenola] eta Mikel [Laskurain], esaterako. Gurasoentzat, Antzertin ikastea afizioa zen, eta ez serio har zitekeen ezer. Antzertin egonda, oso argi neukan horixe nahi nuela; argiegi zegoen nire familiakoentzat. Oso ezohikoa zen Antzertiren pareko zerbait izatea. Gaur egun Dantzerti dago Bilbon, baina, urte askoan, ez da antzerki ikasketak egiteko ezer egon.
Gillermo Tellek triste ditu begiak. Horixe izan zen jendaurrean egin zenuen lehen antzezlana, Bederen 1 konpainiarekin. Zer moduz ibili zinen?
Oso talde potentea zen garai horretan Bederen 1. Makroespektakulu bat egin genuen Guillermo Tell tiene los ojos tristes lanarekin. Mutilarena egiten nuen, Guillermo Tellen semearena. Gogoan dut oso ona izan zela. Garai horretan ez nuen inolako beldurrik. Orain ere ez. Baina gurasoen etxean bizi nintzen orduan, eta, denborarekin, zailagoa egiten da aktore izatez bizitzea. Horregatik uste dut, urteekin eta lanbidearen segurtasun faltarekin, zeure buruaren gaineko zalantzak areagotu egiten direla. Zaila da segurtasuna sentitzea lanbide honetan.
Zergatik?
Lanbideak berak ez du laguntzen. Ziurgabetasunean bizitzen ikasi behar izan dugu, eta ez gaituzte horretarako hezten. Gure gurasoen helburua da seme-alabek lan egonkor bat bilatzea; gehienei gustatuko litzaieke seme-alabak funtzionario izatea. Beraz, munduak ez du laguntzen horretan, ezta gure lanbideak ere. Beti esan izan zaigu zer den segurua eta zer ez, zer komeni zaigun eta zer ez... Aktoreok badaukagu presio hori, noski.
«Beti esan izan izan zaigu zer den segurua eta zer ez, zer komeni zaigun eta zer ez... Aktoreok badaukagu presio hori, noski»
Izango da ziurgabetasun horren ondorioz aktore izateari utzi dionik ere, ezta?
Asko dira, bai. Oso zaila da ez jakitea bi hilabete barru non egongo zaren edo lanik izango duzun. Nik, esaterako, 24 bat urte nituela, ETB1eko Ene ba bideoak saioa aurkezten ari nintzela, ziurtasun osoz pentsatzen nuen: «Hemen nago, eta betiko egongo naiz». Gero konturatzen zara hori ere bukatzen dela, eta pentsatzen duzu: «Eta orain zer?». Uste dut, halere, nik eta nire inguruko aktore gehienek ikasi dugula lanbide hau horrelakoa dela eta fedea izan behar dela bizitza honetan.
Fede kontua da, orduan?
Askotan, bai. Gure bidea egin dugu, eta fedeak ekarri gaitu honaino.
Goenkale-k emango zizun fede horri pixka batean heltzeko aukera, ezta? Guztira, bederatzi denboraldi eman zenituen telesail horretan, eta bi pertsonaiarena egin: Idoia eta Alizia.
Bai. Guretzat, luxua zen jakitea irailean hasi eta ekainera arte lana izango genuela. Ekainean esaten ziguten gure pertsonaiak jarraituko zuen edo ez. Hori ezohikoa da aktoreentzat, zeharo. Gainera, 06:45ean sartzen ginen lanera, eta 15:00etan bukatzen genuen. Hori ere luxua zen. Gaur egun, telebistako eta zinemako grabaketak hamabi ordukoak izaten dira. Nik zortea izan nuen alde horretatik. Pentsa: azken-azken kapituluko azken-azken eszena Ainhoa [Aierbe] eta biona da. Harro nago ez nindutelako bota edo Alizia ez zelako hil. Saioa bukatu zelako bukatu zen nire bidea Goenkale-n. Ez pentsa, horrek ere eragiten du gure autoestimuan. Tabernan egiten zuen lan Aliziak, eta tabernan lan egiteak bazuen saioan iraun ahal izateko abantaila bat.
Nolakoa zen Alizia?
Noizbait esan izan dut hasieran Tessak asko ikasi beharra zeukala Aliziarengandik. Oso ausarta zen, ni baino askoz ere ausartagoa. Baina ni garatuz joan nintzen heinean, alderantziz gertatu zen: Aliziak geroz eta gehiago zuela nigandik ikasteko, alegia. Inozoa ere iruditzen zitzaidan batzuetan Alizia. Hala ere, bagenuen antza. Azkenean, gidoilariak idazten du gidoia, baina guk sortzen dugu pertsonaia. Beste aktore batek egin izan balu Aliziarena, zeharo desberdina zatekeen. Gainera, gidoilariak ikusten du zer eman dezakeen aktore bakoitzak, eta horren arabera ere sortzen du trama.
«Aktoreok oso harreman estua izaten dugu proiektu batek iraun bitartean, baina, gero, nork bere bidea hartzen du»
Alizia, gainera, trama askotan zegoen nahastuta. Maitasunezkoak gehienak. Oso dibertigarria zen. Martxelo [Rubio], Asier [Hernandez], Iñigo [Larrinaga]... Zorte handia izan nuen, tokatu zitzaizkidan gizonezkoak oso-oso atseginak zirelako, zentzu guztietan.
Eusten diezue orduko harremanei?
Aktoreok oso harreman estua izaten dugu proiektu batek iraun bitartean, baina, gero, nork bere bidea hartzen du. Baina beti irauten du zerbaitek.
Naiz Irratian ere aritu zara, aurkezle, Dena irailerako saioan. Lehen aldia zen irratian aritzen zinena?
Aurkezle eta zuzendari aritu nintzen Dena irailerako-n, bi udaz. Kolaboratzaile batzuk ere banituen. Parte hartu izan dut podcast batzuetan, baina lehen aldia zen aurkezle eta zuzendari lanak egiten nituena. Lan handia izan zen, baina oso-oso gustura aritu nintzen. Nahi nuena egiten uzten zidaten, eta askatasun hori edukitzea oso ondo dago. Telebista, alde horretatik, hertsiagoa da. Gehiago kontrolatzen dute. Kolaboratzaileak zein izango ziren ere nik erabakitzen nuen, eta gauza asko antzeman nituen hala.
Zer, adibidez?
Nik aukeratzen nituen kolaboratzaileak emakumeak izatea nahi nuen, edo hori lehenesten nuen, behintzat. Iruditzen zitzaidan ez dagoela hain erraz, oraindik ez gaudela hain presente. Urte hauetan aldatuko zen pixka bat, agian? Izan daiteke. Baina oraindik ere gizonak daude lehen lerroan.
Zineman eta telebistan ere bai?
Bai. Historikoki aktore protagonistak beti izan dira gizonak. Paradoxa da, gainera. Begira: gehiago gara aktore emakumezkoak, hobeak gara, zalantzarik gabe, baina lan gutxiago daukagu. Hala izan da beti. Istorioak gizonek idatzi izan dituzte, gizonek zuzentzen dituzte, eta, beraz, protagonistak ere gizonak dira. Pixkanaka aldatzen ari da hori, dena dela. Ez da guk asmatutako datu bat. Badaude estatistikak. Zinema eskoletako ikasleen %75 emakumezkoak dira, baina eskolatik aterata, %35ek bakarrik egiten dute lan aktore gisa. Munduak ez du laguntzen hori aldatzen, eta lanbide honek ere ez.
Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreko emakumeen Hemen elkarteko kide zara, eta hori aldatzea duzue helburu.
Bai. Horren gainean hausnartu nahi du elkarteak, eta ahalduntze ikastaroak egiten dira horretarako. Asmo feminista bat dago horren atzean. Emakumeongandik zer espero duen jendeak, horixe da gakoa. Denek espero dute guk seme-alabak izatea, eta inork ez digu galdetzen guk zer nahi dugun benetan, ezta guk geure buruari ere. Horretarako egiten ditugu ahalduntzeko ikastaro horiek.
«Ikaragarriak dira emakume izateagatik entzun behar izaten ditugun komentarioak. Zera pentsatzen duzu: 'Gizon bati ez liokete hori esango'»
Sektoreko emakumeek nola bizi duzue hori?
Tristuraz eta amorruz. Izan ere, kontua ez da talentua falta dugula. Geure buruengan sinistu behar dugu, eta, gero, munduari aurre egin. Ez da borroka erraza, etsaiak gehiago baitira: barruan daramaguna eta kanpoan dauzkagun guztiak. Ikaragarriak dira emakume izateagatik entzun behar izaten ditugun komentarioak. Zera pentsatzen duzu: «Gizon bati ez liokete hori esango, emakumeak garelako esaten digute hori». Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Pentsatuko dute emakumeok ahulak garela, zapalgarriagoak-edo.
Horrekin lotuko zenuke emakume aktoreek lan gutxiago edukitzea?
Adinak ere asko egiten du. 50 urtetik gora ditugunean, lan gutxiago izaten dugu sektoreko emakumeok. Antza, 50 urtetik gorako emakumeok ez gara interesgarriak. Nik esango nuke inoiz baino interesgarriagoak garela. Badaukagu zer esan. Ez da hemen bakarrik gertatzen zen zerbait, Hollywooden ere gertatzen baita. Ikaragarria da nola behartzen gaituzten fisikoki maila jakin bat ematera.
Hori ere hausten ari da pixkanaka?
Bai. Baina egia da orain dela oso gutxi arte 50 urteko emakume bat ez zela ikusgarria edo interesgarri kontsideratzen. Eta pentsa nola diren kontuak: nire adin bueltan ikusten ditudan emakumeak askoz ere interesgarriagoak gara. Gero, 60 urtetik gora dituzunean, amonarena egitea tokatzen zaizu, eta protagonismoa ez diote emango amona bati, seguru asko. Auskalo! Nik aspaldi ez dut ikusi gizonezko batek zuzendutako pelikularik. Jada ez zait interesatzen gizonezkoek kontatuko didaten hori. Horrela da. Emakumezko sekulako zuzendariak ditugu: Lara Izagirre eta Estibaliz Urresola, adibidez. Lara Izagirre da, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian emakume zinemagileen alde gehien egiten ari den emakumea. Zoragarria da, pertsona ona, gainera. Larak kontatzen dituen istorioetan emakumeak dira beti protagonistak, eta taldeko gehienak ere emakumezkoak dira. Emakume talde batekin lan egitea gustatzen zait niri. Ematen dizun energia, enpatia, konfiantza... Egiteko beste modu bat da, eta egiteko modu hori interesatzen zait niri.
MOTZEAN
Aktore bat?
Meryl Streep August filmean.Gusturen aritu zaren antzezlana?
Me Too; Ainhoa Aierberekin egiten dut.Eta telebista saio bat?
Goenkale.Gustura interpretatuko zenukeen antzerki obra bat?
Shakespeareren baten bat.Oholtzarako kide bat?
Ainhoa Aierbe.Zuzendari bat?
Lara Izagirre.