Gazteentzako doako psikologia zerbitzua jarri du martxan Hernaniko Udalak bigarren urtez. Jone Murua psikologoak (Donostia, 1996) ematen ditu saioak, ostegunero, 18:00etatik 21:00etara, udaleko Gazteria sailean. Muruak azaldu du iaz egindako probak «itxaron zerrendak» sortu zituela eta, hortaz, aurten saio gehiago eskainiko dituztela. Zerbitzua 16 eta 30 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta erabiltzaile bakoitzak bost saio egin ditzake gehienez. Bi modu daude hitzordua hartzeko: [email protected] helbidera idatzita edo 747 487 343 telefonora deituta.
Hernaniko Udalak psikologia zerbitzua sortu zuen iaz. Zer eskaintzen duzue?
Oso kontziente ginen gazte bakoitzari bost saio eskaintzea ez dela terapia oso bat. Zera eskaintzen dugu: psikologiara lehen aldiz erraz eta leun gerturatzeko modu bat, batzuetan beldurra ematen baitigu. Ezer baino lehen, etortzen den hori zein den ulertzen saiatzen naiz: zertara datorren, zergatik, eta zer nahi duen. Ondoren, orientabideak ematen saiatzen naiz: zer egin, zer landu eta zerk lagun diezaiokeen.
Zergatik gazteentzat?
Orain arteko ikerketetan ikusi da gazte askok osasun mentaleko arazoak dituztela, eta udalak ardura hartu nahi izan zuen. Bestalde, esango nuke umeak eta helduak joaten direla psikologoarenera, eta gazteak, aldiz, linbo batean gelditzen direla. Gaztaroa bizitzako etapa oso sensiblea da; aldaketa asko ditu, eta erabaki garrantzitsu asko hartu behar dira. Nork bere buruarekin duen harremana ere oso aldakorra eta desegonkorra izaten da. Gazteek ez dute guraso edo lagunekin horrenbeste hitz egiteko joerarik, baina barnean asko izaten dute askatzeko.
«Zerbitzuan zera eskaintzen dugu: psikologiara lehen aldiz erraz eta leun gerturatzeko modu bat»
Zer kezka nagusi izaten dituzte saioetara doazenean?
Artatzen ditugunak 16 eta 30 urte bitarteko gazteak izanik, kezkak ezberdinak izan ohi dira bizitzako momentuaren arabera. Orokortu beharko banu, esango nuke harremanetan zailtasunak dituztelako etortzen direla saioetara. Eta harremanak edozein motatakoak izan daitezke: lagunekin dauzkatenak, bikotekidearekin, anai-arrebekin, gurasoekin, irakasleekin, lankideekin, kalean topatzen dituztenekin, autobuseko jendearekin... Sozializatzean gertatzen den horretan guztian egon daitezke zailtasunak.
Eta zehaztu beharko bazenu?
Batxilergoan eta unibertsitate garaian izaten diren lan kargak eta azterketek sortzen duten estresa,estutasuna eta urduritasuna ere ohikoak izaten dira. Helduen kasuan, laneko estresa, ordutegiak... Eta harremanei buruz hitz egiten dugunean, autoestimuari buruz ere ari gara. Aldi berean, presioaz eta gorputzaz-eta hitz egiten dugu, baita elikaduraz ere.
Adinaz gain, generoak ere baldintzatzen al ditu kezka horiek?
Aldagai garrantzitsu bat dela esango nuke. Aurrerapausoak ematen ari gara feminismoari dagokionez, baina gezurra litzateke esatea hezkuntza bera jasotzen dugula denok. Askotan, adibidez, zalantza izaten dugu mutilak nola erakarri terapiara. Generoari lotutako aurreiritziak daude oraindik, neskak emozionalagoak direla esaten da, eta mutilek, aldiz, badirudi ez dutela laguntzarik behar. Arrazoia edozein dela ere,ondorioa da mutilek ez dutela psikologiara jotzen, edo ez behintzat terapiara.
Eta erabiltzaileen kezkei dagokienez?
Antzekoak dira, generoa edozein dela ere. Kezkak bizitzeko eta horiei aurre egiteko modua, ordea, ezberdina izaten da. Horri dagokionez, egon daitezke generoaren arabera bereiz daitezkeen ezaugarriak.
«Jakintzak prebentziorako balio du, eta, kasuaren arabera, baita konponbiderako ere»
Aipatuko zenuke beste aldagairik?
Testuinguruak eta egoera sozioekonomikoak guztiz baldintzatzen dute bakoitzaren osasun mentala; gainera, normalean ez dago norberaren esku aldagai horiek aldatzea.
Azkenaldian, maiz entzuten da osasun mentalaren auzia.
Hitz egite hutsak badu ikusgarritasunetik, normalizaziotik. Positiboa iruditzen zait; batetik, horri buruz gehiago hitz egiteak kontua hobeto ulertzea dakar, eta, bestetik, hobeto ulertzen bada errazago lortuko da gizarteak behar duen hori. Alde negatiboa da askotan ezjakintasunetik hitz egiten dela osasun mentalaz, eta arriskutsua izan daitekeela gai batzuk gaizki azaltzea edo ulertzea.
Gazteen osasun mentalari buruzko ikerketetan suizidioa ere aipatzen da. Hitz egin behar al da suizidioaz?
Bai, zalantzarik gabe. Kontu eduki behar da, eta ondo pentsatu zer, noiz, nola eta nori esaten diogun. Baina hitz egitea, entzutea, ulertzea ezin da arriskutsua izan; tabu bilakatzea da arriskutsua. Hitz egiteak, ordea, prestatzea eskatzen du, ikastea identifikatzen nor egon daitekeen egoera horretan, eta konponbidea jarri ahal izatea. Gazteei eskertu behar zaie suizidioari buruz hitz egitea; haiek ari dira horretaz hitz egiten, eta ez da batere erraza.
Aurrera begira, zeinena da osasun mentalaren ardura?
Osasunari buruz ari gara; hortaz, nire ustez zerbitzuak publikoa beharko luke. Eskuragarri egon behar du denontzat. Ardura hartuta, psikologook oso ohituta gaude terapia indibidualak egitera, baina milaka tailer daude maila indibidualetik harago, eta taldean ere lan egiten dute. Horrek indar handia du, eta handiagoa hartu beharko luke. Baina, orokorrean, osasun mentala denon ardura dela esango nuke. Profesionalek emango diote konponbidea arazoari, baina prebentzio eta sentsibilizazio lanak denon ardura dira. Ikas dezakegu zer den depresioa, zer den suizidioa, nola lagundu geure buruari eta ingurukoei. Jakintzak prebentziorako balio du, eta, kasuaren arabera, baita konponbiderako ere.