Aurki artzainak eta gazta protagonista izango dira Ordiziako kaleetan berriro. Ohiko azokaren ordez, Artzain Eguna egingo dute datorren asteazkenean, eta goiz osorako egitaraua prestatu dute. Transhumantzia antzeztu eta artzainen lanari balioa emateko asmoz, artaldeek herrigunea igaroko dute, eta Idiazabal gazta berriaren aurkezpena izango da udaletxeko batzar aretoan. Aurten, Dimako (Bizkaia) Garena jatetxeko Julen Baz eta Peli Perez de Anuzitak moztuko dute gazta, eta ETB2ko Vascos por el mundo programak jasoko du Idiazabal jatorri izenaren kontseilu arautzailearen omenaldia. Idiazabal gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatuko dizkiete Egozkueko (Nafarroa) Marta Perez Loperena artzainari, artzain gaztaren kategorian, eta Idiazabalgo Goiburu gaztandegiari, gaztandegien kategorian. Goiburuko jabe Abel Goiburu «oso pozik» eta «eskertuta» dago sariagatik; izan ere, aukera ezin hobea iruditzen zaio jendea bere «gazta erostera animatzeko». Badaki zer den sari hori irabaztea, 2020an eta 2022an ere jaso baitzuen izendapena. Haren esanetan, gazta on bat ez da edonola egiten.
«Gaztandegi txiki bat daukagu, gurasoek duela 30 urte-edo egindakoa; gazta modu berean egiten dugu orain ere»
ABEL GOIBURUIdiazabalgo Goiburu gaztandegiko artzaina
Abel Goiburuk garbi du «gazta on» bat egiteko gakoa «kalitateko» esnea erabiltzea dela, eta gaineratu du esne «ona» lortzeko ardiek hartzen duten pentsuak ere «kalitatekoa» izan behar duela: «Ardiek, indartsu egoteko, ondo jan behar dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da zelaian libre ibiltzea. Ardi askok sekula ez dute zelairik zapaldu, eta hori nabaritu egiten da ematen duten esnean». Garai batean bere ardiak zituen Goiburuk, baina orain herriko artzain bati erosten dio esnea. Lanerako inguruaren garbitasuna ere «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du artzainak: «Gazta egiten baino ia denbora gehiago pasatzen dugu garbitzen. Ezinbestekoa da lanerako erabiltzen dugun eremua txukun izatea». Era berean, gazta egiteak «denbora» eskatzen duenez, uste du «pazientziaz» eta «presarik gabe» egin behar dela.
Amak erakutsia
Goiburu bera duela hamar urte hasi zen artzain lanetan, baina etxean betidanik ikusi izan du ofizioa. Aita artzaina zuenez, etxean ardiak izatea ohikoa zen harentzat, eta oraindik ere gurasoek irakatsitako teknika bera erabiltzen du: «Gaztandegi txiki bat daukagu, gurasoek duela 30 urte-edo egindakoa, eta, ordutik, gazta modu berean egiten dugu. Niri amak erakutsi zidan gazta egiten, eskuz, eta horrela jarraitzen dut. Amari, berriz, aitak erakutsi omen zion». Etxean gauzak ikasteaz gain, Arantzazuko Gomiztegi artzain eskolan ibilitakoa da Abel Goiburu. Duela gutxi arte Ordiziako azokan izaten zen asteazkenero, gaztak saltzen, baina lan berri batean hasi da, eta aurten «zaila» zaio bertan izatea. Hala ere, gogo berberaz segitzen du gazta egiten. «Nahiz eta lanbide lotua den, gazta egitea oso lan polita da, eta prozesua eta azkeneko emaitza dira gehien disfrutatzen ditudanak. Gazta egindakoan, probatzea ederra da».
Datorren asteazken goizean hainbat ekintza izango dira Ordiziako txokoetan. Garagartza plazan latxa arrazako hogei bat aharien erakusketa-lehiaketa izango da 9:00etan, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, berrehun abelburu inguru izango dira ikusgai, bi motatakoak: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak. Ardi-jezteaeta ardien ile-mozketa ere egingo dira, baita mamia nola egiten den zuzenean ikusteko saioa ere, Garagartza plazan. Eguneko ekitaldi nagusia 11:00etan izango da: garai batean artaldeek negua bukatzean mendira itzultzeko egiten zuten ibilbidea egingo dute 1.500 ardi inguruk Ordizian barrena.
«Ardiek, indartsu egoteko, ondo jan behar dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da zelaian libre ibiltzea»
ABEL GOIBURUIdiazabalgo Goiburu gaztandegiko artzaina
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak esan du Artzain Egunak Ordizia eta azoka «zuzenean» lotzen dituela «hainbeste zor dion» Idiazabal Gaztarekin, baita «euskaldunon nortasunarekin eta tradizioarekin» ere. Udalak antolatu du festa, ELE eta Ardilatxa elkarteekin, Lurgintza kooperatibarekin, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izenarekin eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera.
EGITARAUA
- Goizean. Azoka berezia.
09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa, Garagartza plazan.
10:00-14:00. Haurrentzako Artzainen herri kirolak, Nikolas Lekuona plazan.
11:00. Artaldeak igaroko dira gune historikotik barrena.
11:15. Idiazabal gaztaren 31. denboraldi berriaren aurkezpena, udaletxeko batzar aretoan. Aurretik, omenaldia eta erregulartasun sarien banaketa.
11:30. Gazta egitea eta mamia dastatzea, Garagartza plazan.
11:30. Arkume pintxoak salgai, Garagartza plazan.
12:15. Ile-mozte erakustaldia, Garagartza plazan.
Goizean asteroko ohiko feria izango da, eta saltokiak jarriko dira gazta eta Goierriko artisautza produktuak saltzeko.