Magia

Iago Azkue: «Gaur egun teknologiari aurre egitea ere bada magook dugun erronka»

Iago Magoa da Iago Azkueren izen artistikoa. Gaztea den arren, eskarmentua du jendaurrean magia egiten. 13 urterekin debutatu zuen agertoki baten gainean, Soraluzen.

(ID_17162966934205) (/EZEZAGUNA)
Iago Magoa, lehengo astean, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. MAIALEN ETXANIZ
Azpeitia
2024ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun

Haurra zenean, 7-8 urte zituenean, Gabonetan Magia Borras jolasa jaso zuen opari Iago Azkuek (Azpeitia, 2003). Jolasarekin txunditu, eta trikimailuak egiten hasi zen bere kasa. «Izugarri gustatu zitzaidan jolasa; gauza asko zekartzan, aukera ugarirekin. Ordutik, Gabon guztietan jolas horren beste kaxa bat jaso nahi izaten nuen opari». Iago Magoa du egun izen artistiko, eta hamaika oholtzatan egin ditu trikimailuak. Udaberria hasi zenetik, ia asteburuero egin ditu emanaldiak; aurreko astean Arrasaten aritu zen, eta, bihar, Azpeitiko Sanjuandegi auzoko Umeen Egunean jardungo da.

Umetan hasi zinen magia jolasarekin, baina nolatan egin zenuen jendaurrerako jauzia?

Nire lehenengo ikuskizunaren kartela 2016koa da: Soraluzeko gaztetxean, Tattoo Zirku batean, hamar-hamabost minutuko magia ikuskizuna egin nuen. Osaba han ibiltzen zen, eta hark lortu zidan emanaldia. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta aurrera egitea erabaki nuen. Aurretik, eskolako jangelan eta lagunartean aritzen nintzen magia egiten.

Zeure kasa prestatzen al dituzu magia saioak?

Neure kasa jarduten dut, bai. Magia dendak badaude, eta mago batzuk magia sortzen aritzen dira, gero saltzeko. Denda horietan, informazio asko duten DVDak eta liburuak saltzen dituzte, eta bakoitzak bere bidea egiteko baliabide ugari aurkitu daiteke. Liburuak irakurrita eta DVDak ikusita ideia batzuk hartzen ditut, eta beste mago batzuek sortutakoetatik neure bidea egiten saiatzen naiz, jolasak eginez eta ikuskizuna sortuz. Lehen Bilbon bazen magia eskolak hartzeko aukera, eta Donostian dagoen Xixka Gipuzkoako magia elkarteak ere ekintza eta tailer ugari antolatzen ditu. Baina ni neure kasa aritzen naiz. Magia bukaerarik ez duen arte eszenikoa da, eta gaur egun mago asko ari dira gauza berriak sortzen.

Zer-nolako magia egiten duzu?

Magian diziplina ugari daude. Alde batetik, gertuko magia dago, publikoarengandik zentimetro batzuetara egiten dena; eta, bestetik, eszenako magia dago, agertokian egiten dena. Mota askotako magiak ere badaude: mentalismoa, pentsamenduak irakurriz egiten dena; kartomagia, kartekin egindakoa; numismagia, txanponekin egiten dena... Niri gehien gustatzen zaidana eszenako eta gertuko magiaren tartean dagoen magia da, biak baititut gustuko. Truko handiak ez ditut egiten, eta tarteko horretan ibiltzen naiz, batik bat.

Zer ezaugarri izan behar ditu mago batek?

Ez nuke jakingo esaten, era askotako magoak baikaude. Hiztuna izan behar al du? Ez dago zertan, badaudelako ia hitzik egiten ez duten magoak. Eskuekin abila izan behar al du? Ez da derrigorrezkoa hori ere, badaudelako eskuak ia erabiltzen ez dituztenak. Arte eszeniko zabala da magiarena, eta modu askotan egin daiteke.

«Magiak posible ez diren gauzak nola pasatzen diren erakusten du; era askotako trikimailuek osatzen duten artea da»

Kontua ikus-entzuleak engainatzea al da?

Bai, eta era askotako abileziak erabiltzen ditugu engainu edo ilusio hori eragiteko. Magiak erakusten du posible ez diren gauzak nola pasatzen diren. Era askotako trikimailuek osatzen duten artea da. Hala ere, gaur egun gero eta zailagoa da magiarekin publikoa engainatzea.

Zergatik?

Ikusleak magia ikuskizun batean truko bat ikusten duenean, momentuan jakin dezake magoak nola egin duen trikimailua, sakelako telefonoaren bidez. Teknologiaren ondorioz, gero eta zailagoa da magiarekin publikoa engainatzea, baina gaur egun teknologiari aurre egitea ere bada magook dugun erronka. Internet erabilgarria da magoontzat, magia egiten ikasteko, baina baita kontrario ere.

Zeintzuk dira ikus-entzulerik onenak?

Gazteak eta helduak. Beti esaten da umeak direla magiaren zale direnak, ilusioagatik eta. Nire ustez, umeentzako magia emanaldiek haurrentzako propio sortutakoak behar dute izan. Magia saioetan adin desberdineko jendea elkartzen da, eta arreta jarri behar izaten den zenbait trukotan umeak galdu egiten dira, ezin izaten diote saioari jarraitu. Umeentzako gauza bisualak egin behar dira; koloreekin jolastuz, adibidez.

«Internet erabilgarria da magoontzat, magia egiten ikasteko, baina baita kontrario ere»

Zure herrian, Azpeitian, magiak baditu bi plaza: Txisteratik jaialdia eta Gabonetan gaztetxean egiten den Hoi Denk Zirkue.

Bai, eta biak hasieratik ezagutzen ditut. Txisteratik jaialdiaren lehen aldia antolatzen-eta aritu nintzen, baina neuk ez nuen saiorik egin. Hirugarren alditik aurrera, ordea, antolatzaile eta mago gisa parte hartu dut. Dagoeneko hasiak gara datorren udazkeneko Txisteratik jaialdia antolatzen. Urtero, aurreko urtekoa baino jaialdi hobea antolatu nahi izaten dugu, baina gero eta zailagoa da, mago on asko ekarri izan ditugulako, eta zaila da gainditzea. Gaztetxean, berriz, Gabonetarako malabaristekin, pailazoekin eta magoekin antolatzen dugu zirkua, eta oso ondo pasatzen dugu.

Zeure herrian jardutea gehiago kostatzen al zaizu?

Esan ohi da bakoitzari bere herrian gehiago kostatzen zaiola jendaurrean aritzea, baina nik gustuko dut Azpeitian aritzea, badakidalako nolako publikoa den. Herriko jendeak oso hartu-eman ona du magiarekin. Txisteratik jaialdira etorritako mago askok esan digute Azpeitian magia asko estimatzen duen publikoa aurkitu dutela.

Magiarekin lotutako ametsik ba al duzu?

Las Vegasen emanaldi bat egitea da nire ametsa, munduko magorik onenak elkartzen baitira han. Horretarako, aurrena ingelesa ere pixka bat ikasi beharko nuke... Hara joan eta magia ikuskizunak ikustea ere primerakoa izango litzateke, baina saio bat egin ahal izatea benetako ametsa izango litzateke. Magiaz bizitzea ere bada nire ilusioa. Orain Mekatronika ikasten ari naiz, hori baita nire B plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.