Proposamena: Ababor azoka nautikoa

Ficoban nabigatzen

Ababor azoka nautikoaren hirugarren aldia egingo dute gaurtik igandera bitarte, Irungo erakustazokan. Aurten, lehen aldiz, bigarren eskuko ontziak izango dira, eta, hori dela eta, antolatzaileek erakusketaren eremua handitu egin behar izan dute.

Ababor azoka nautikoa, 2022an, Ficoba erakustazokan. ABABOR
Duela hiru urteko Ababor azoka nautikoa, Irungo Ficoba erakustazokan. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Irun
2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Itsasoaren zale direnek ontziak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute gaurtik igandera bitartean Irunen, Ficoba erakustazokan. Izan ere, Ababor azoka nautikoaren hirugarren aldia egingo dute. «Eskaintza aberatsa eta erakargarria» prestatu dute Hondarribiko eta Irungo udalek eta Hondarribiko Klub Nautikoak. Aisialdiaz gozatzeko itsas jarduerak aukeratzen dituztenentzat pentsatutako proiektua da Ababor; antolatzaileen esanetan, «geroz eta gehiago» dira itsas jarduerez gozatu nahi dutenak. Hori dela eta, Ficoba berrogei erakusketariren aterpe izango da asteburuan, eta proiektuaren sustatzaileek esan dute bisitariei eremu eroso bat eskaini nahi dietela itsasoaz eta uretako jarduerez gozatzeko.

«Ababor erreferente bihurtu da nautika eta sektorea gogoko dutenentzat. Uste dugu azokaren hirugarren aldia ona izango dela»

MAIALEN GAZTAÑAGAIrungo Ababor azoka nautikoaren zuzendaria

Azoka 2022an egin zuten aurrenekoz, eta, aldi hartan bezala, azokara joaten direnek aukera izango dute salgai edo alokatzeko dauden ontziak bertatik bertara ikusteko, laketontzien titulazioren bat lortzeko eta itsas kirolei buruzko informazioa jasotzeko. Maialen Gaztañaga Ababorreko zuzendariak esan du aurreko bi aldiek «arrakasta handia» izan zutela; izan ere, laurogei enpresa izan ziren erakusketari, eta ia 10.000 bisitari erakarri zituzten. Hori dela eta, zuzendariak dio azoka «garrantzi handiko ekitaldia» bihurtu dela Bidasoa eskualdean. «Ababor erreferente bihurtu da nautika eta sektorea gogoko dutenentzat. Uste dugu azokaren hirugarren aldia ona izango dela».

Askotariko jarduerak

30 itsasontzi baino gehiago izango dira, eta Gaztañagak aurreratu du «plataforma paregabea» eskainiko dutela sektoreko azken berrikuntzen berri izateko, hala nola motorrak, atoiak, elektronikako gailuak eta osagarriak, zerbitzuak, aseguruak, arrantzarako osagarriak eta ur motorrak. Aurten, berrikuntza gisa, bigarren eskuko ontziak ere izango dira, eta, hori dela eta, erakusketarako eremua handitu egin behar izan dute antolatzaileek.

Horretaz gainera, askotariko hitzaldiak, mahai inguruak eta jarduera praktikoak prestatu dituzte; izan ere, antolatzaileek diote Ababor «elkartzeko eta ikasteko gunea» ere badela. Bestelako jarduera batzuk ere antolatu dituzte: besteak beste, Gaming gunea —teknologia eta itsasoa uztartzen dituen espazioa—, lehiaketa birtual bat, eta arrauneko ergometro txapelketa bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.