Hondarribiko Elikaeskola zentroko nutrizionista da Eli Gallego (Hondarribia, 1978). Jendeak elikadurarekin duen «harreman txarrak» kezkatzen du, eta harreman horren adiskidetzea du helburu, batez ere. Hain zuzen, gorputz aniztasuna onarpena eta osasun fisiko eta mentala bermatzeko, hitzaldi ziklo bat antolatu du, beste batzuekin batera. Azaroaren 22an hasi zen programa, eta, datorren ekainaren 26ra bitartean, zortzi hitzaldi emango dituzte antolatzaileek. Bihar izango da Gallegoren txanda, eta dieta urtean behin egitean dakartzan arriskuez mintzatuko da Hondarribiko kultur etxean.
Zer-nolako kezkak izaten ditu jendeak elikadura osasuntsuaren gaiaz?
Oso larrituta gaude, urte hauetan ikusi baitugu janariarekin harreman oso kaskarra dugula, zein gutxi disfrutatzen dugun eta zenbaterainoko buruhausteak eragiten dizkigun pentsatzeak zer jan, nola, eta zergatik. Hau da, normala da jendeak guregana jotzea kilo batzuk soberan dituela uste duelako, baina iritsi gara puntu batera non haurrak ere horrela ikusten ditugun. Haur batek esan zigun: «Ez dut kamiseta kentzen, lotsa ematen didalako». 10 urterekin kezka hori dute, ikaragarria da.
Zergatik gertatzen da hori?
Gorputzaren irudi oso-oso deformatua izan dugu beti, irudiarekin nolabaiteko harreman arraroa izan baitugu. Helduen kasuan, normaltzat jotzen dugu harreman konplexuak izatea, baina uste dut badela garaia hori hausteko, gauza batek ez baitu zerikusirik bestearekin. Duela gutxi, Behobia-Donostia lasterketan hau entzun nuen: «Begira lodi horrek nola egiten duen korrika!». Osasuna ez dago lotuta horrenbeste gorputzarekin, eta silueta asko daude. Ikusten ari gara gaixotasun mentalak edo erlazio oso-oso txarrak daudela elikadurarekin. Osasunaren izenean astakeriak ari gara egiten, bilatu nahian sekula lortuko ez dugun zerbait. Oso kezkatuta gaude gaiarekin, eta horregatik abiatu dugu Hondarribiko hitzaldi zikloa.
Pisua galtzeko erreminta bat baino gehiago al da dieta?
Dieta esaten dugunean, ez dugu esaten zerbait kendu behar dugunik. Dietak esaten du egunerokoan zer jaten duzun, zein ohitura dituzun. Uste dut berreskuratu behar dela hori, eta ikusi zer den dieta bat. Dieta da jaten duzuna. Ez du zertan murriztailea izan. Gizarteak zer ulertzen du dieta egitearekin? Gosea pasatzea, alimentuak kentzea, aldaketa fisiko bat lortzeko egiten den estrategia puntual bat... Eta ez da hori. Ohitura batzuk landu behar dira, gustuko izan behar ditu jendeak, ez zaie gosea pasarazi behar. Dietak batek ez du antsietaterik sortu behar, ezta zure osasun mentala arriskuan jarri behar ere. Osasunaren izenean ezin da hori egin, osasun mentalean ere egina izango duelako. Biak kaltetuko genituzke hala.
«Osasuntsu jateko estrategiak ez du funtzionatzen, baldin eta ez baditugu kontuan hartzen portaerak, adina, gaztetasuna, kultura, gorputz osaketa, ekonomia, karga genetikoa... Horrekin guztiarekin du zerikusia dietak»
Zerekin du lotura dietak?
Osasuntsu jateko estrategiak ez du funtzionatzen, baldin eta ez baditugu kontuan hartzen portaerak, adina, gaztetasuna, kultura, gorputz osaketa, ekonomia, karga genetikoa... Horrekin denarekin du zerikusia dietak. Apurka lortu behar den zerbait da, norberari egokituta. Dieta ulertzen dugun modu horretan egitea ez da gomendagarria.
Dieta oker batek zer ondorio izan ditzake?
Motibazioa estetikoa denean, data bat jartzen dugu; norbaiten ezkontzara iristeko ez dakit zenbat kilo galdu nahi dituzulako, adibidez. Zilegi da hori egitea, baina argi eduki behar dugu nora eraman behar gaituen egiten dugun horrek, eta non buka dezakegun. Beharbada, ez dugu lortuko bilatzen dugun hori, eta frustratuago sentituko gara. Gero erreboteak datoz, eta oso zaila izaten da. Hori bai, ez dago mirarizko dietarik.
Ariketa fisikorik gabe, bada osasuntsu egoterik?
Hiru zutabe bermatu behar dira, nire ustez. Bat da kirola edo mugimendua, bigarrena osasun mentala, eta hirugarrena elikadura. Hirurak behar-beharrezkoak dira osasuntsu egoteko. Pertsona asko ezagutzen ditugu gimnasioan edo korrika hasi direnak mila aldiz, baina horri jarraipenik eman gabe. Zergatik uzten dute? Beharbada, ez delako hori modua lortu nahi dutena lortzeko, eta beste era batera saiatu behar dute. Norberarentzat egokia den ariketa bilatu behar da. Ero moduan hasi beharrean, beste modu batean hasi beharko ginateke. Elikadurarekin gauza bera gertatzen zaigu. Ikusi behar da nola eta zerekin sentitzen den norbera eroso, eta zerekin ez.
«Nirekin egon diren askok milaka dieta egin dituzte, eta hesteak gaizki dauzkate, hartutako erabaki oker horiengatik»
Uste asko daude elikaduraren inguruan. Nola identifikatu behar dira horiek?
Hitzaldi zikloko otsailaren 21eko saioaren asmoa da mito horiek desmuntatzea. Nonbaitetik ateratzen dira erdi egia diren horiek. Limoia gantza kentzeko ona da, baina asko jateak ez dizu kenduko, adibidez. Teoria bezala izan dezake logika, baina ez da horrela. Buelta bat eman behar zaio horri. Nire ustez, mitoek bizirik irauten dute egun ez daudelako nutrizionistak osasun publikoan. Dauden medikuek nahikoa dute beren lanarekin. Nik asteko egun oso bat ematen dut honetan; beti dago zerbait berria, eta diskurtsoa aldatuz joan behar izaten dugu. Garai batean entzundako mito horiekin geratu gara, tamalez.
Zer esango zenioke dieta bat hasteko asmoa duen bati?
Lehenik eta behin, jakin behar dugu zein den gure helburua, eta hori erreala ote den benetan. Askotan ez baita erreala, eta laguntza behar izaten dute hori ikusteko. Nirekin egon diren askok milaka dieta egin dituzte, eta hesteak gaizki dauzkate, hartutako erabaki okerrengatik. Edozer sinisteko gai gara horrelako kezka eta beldurrak ditugunean. Ezin dugu maratoi bat egin egun batetik bestera; gauza bera gertatzen da elikaduran. Prozesuak ebolutiboa behar du izan, pixkanaka joango dena.
Beraz, osasuntsu egon daiteke norbait kilo gehiago hartuta?
Mitxelinak ez dira osasun arazo bat; halako mezuak helarazteari uzteko garaia da. Ikus dezagun aniztasuna dagoela gorputzen formetan, eta hori ere osasuntsua izan daitekeela. Ez du zertan gorputzaren irudi konkretu batekin lotuta joan dieta horrek, eta mitxelinekin oso osasuntsu egon zaitezke, argal-argala den bat baino askoz ere gehiago. Buelta eman behar zaio horri. Jende asko dago barrutik oso gaizki, baina estetikoki ongi ikusten direlako, gustura, eta kezkagarria da hori.