Andoni Rekondok (Hernani, 1999) aurten kantatu du aurrenekoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Udaberrian hasi zuen bidea, Oñatin. Beste lau saio egin ditu harrezkero, eta unearen kontziente izatea eta bere buruarekin bakean egotea izan ditu finalerako sailkatzeko giltza. Orain arte egindako saioen antzera bizi nahiko luke biharko finala. Ondo pasatzera joan nahi du, «bertsotan egitera».
Arrasaten lortu zenuen finalerako pasea. Nola jaso zenuen albistea?
Oso pozik, baina erabat sinistu gabe. Sorpresa handia izan da finalera pasatzea. Arrasateko saioaren ondoren emozioek gaina hartu zidaten. Egun batzuk behar izan nituen lur hartzeko. Hurrengo egunean laino batean bezala jarraitzen nuen, erdi moxkor banengo bezala. Asteartean hasi nintzen gertatutakoa asimilatzen. Orduan hasi nintzen poza sentitzen, egindakoari balioa ematen eta pentsatzen «bale ba, egindako lanak bere emaitza eman du». Ni neure buruarekin bakean egon naiz saio bakoitzean, eta horrek lagundu dit.
Arrasateko saioa erabakigarria zen zuretzat. Nola bizi izan zenuen zuek?
Oso ondo sentitu nintzen hasiera-hasieratik, eta hasiera-hasieratik esaten dudanean esan nahi dut saioa hasi baino ordubete lehenagotik, taldea oso atsegina izan baitzen. Jendaurrera atera ginenean, banuen, noski, hainbeste jenderen aurrean kantatzeko tentsio puntu hori, baina sentitzen nuen nire barrua kontrolatzen ari nintzela. Egia da, halere, gorputza kontrolatuta edukitzetik burua kontrolatuta izatera badagoela saltoa. «Gaur aitzakiarik ez dago, Andoni», pentsatzen nuen. «Kristoren plaza dago, saiatu gozatzen eta ahal duzun ondoen egiten».
Eñaut Martikorenarekin hasi zenuen saio puntuagarria.
Zortea izan nuen. Hilabete asko daramatzagu elkarrekin entrenatzen. Hernanikoak gara biok, eta horrek eman zidan, nolabait, etxetik hasteko sentsazioa. Puntukako ariketarekin ere gustura gelditu nintzen. Maiderrekin [Arregi] egin nuen, eta, justu, saioaren aurreko astean elkarrekin aritu ginen bertso eskolan, eta entrenamendu horretan saio ona egin genuen puntuka. Arrasaten puntukako ariketa elkarrekin egitea tokatu izanak ilusiotxoa egin zidan. Ondo atera zitzaigun, eta nahiz eta plaza puntu bakar batzuetan lehertzen den, elkarrekin egin genuen lehertzerainoko bidea.
Finalera begira, zer gustatuko litzaizuke?
Kontziente izan nahi dut han nagoela. Nahiko nuke momentu hori bizi eta pentsatu egoera hori agian ez dudala berriz biziko. Ez dut helburuetan pentsatu nahi, momentua hartu nahi dut aintzakotzat. Ondo pasatzera joango naiz, bertsotan egitera. Gainerakoan, orain arteko saioetan bezala aritu nahiko nuke.
Arrasateko azken agurrean esan zenuen berandu heldu zeniola bertsoari. Noiz heldu zenion?
Kuadrillan aritu izan gara bertsoak kantatzen, baina parranda giroan. Hernaniko gaztetxean hasi nintzen 2019ko azaroan, bertsotan egiteko biltzen zen talde batekin. 2020an egin nuen jendaurreko lehen saioa, Garin tabernan. 2022ko abuztuan, Iker Ormazabalek deitu zidan esanez hari deitu ziotela Lizardi sariketan kantatzeko, baina ezin zuela joan, eta ea animatuko ote nintzen ni. Animatu nintzen eta finalera pasatzea lortu nuen.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean zaude orain. Nola bizi izan duzu eboluzioa?
Ni ere harrituta nago nire buruarekin. Inork ez zuen esperoko ni honaino iristerik, eta neronek ere ez. Hala ere, nahiko modu naturalean ari naiz bizitzen, gehiegi pentsatu gabe.