Hondarribian abenduaren amaieran eman zuten lehen hitzaldia Elika eskolako kideek. Aste honetan bertan, laugarrena eman dute, eta beste bost hitzaldi gehiago eskainiko dituzte ekainera bitartean. Psikologian eta nutrizio kliniko arloan espezializatutako zentroa da Elika zentroa. Kontsultak eskaintzeaz gain, elikaduraren edota osasun mentalaren arloan bederatzi hitzaldi antolatu dituzte Hondarribiko Udalarekin batera. Garazi Lizarraga (Irun, 1989) Elika zentroko nutrizionistak ohartarazi du elikaduraren hezkuntzan arreta jarri behar dela.
Osasuna zenbaki bidez neurtu daiteke?
Ezin da zenbakitan neurtu: askoz ere konplexuagoa da. Hainbat faktore biltzen ditu osasunak: faktore fisikoak, mentalak eta sozialak. Gure gizartean osasuna kiloen arabera neurtzen den arren, ezin digu pisuak esan pertsona baten osasuna nolakoa den.
Zergatik 5 kilo eta ez 4? Zergatik 2 kilo eta ez 3? Nondik dator pisu idealaren ideia?
Pisu idealaren jatorria ulertzeko, urte batzuk atzera egin behar dugu; atzera egin behar dugu salto. Adolphe Quetelet matematikari eta estatistikariak, pertsona baten batez besteko pisua jakiteko, Quetelet indizea sortu zuen. Ikerketaren atzean dirua egon zitekeela ikusita, aseguruak, indize hori baliatu, eta gaur egun hain ezaguna den IMC indizea sortu zuten —gorputz bakoitzaren masa neurtzeko indizea—. Besteak beste, hortik dator pisu ideala neurtzeko kontzeptua.
Bederatzi hitzaldiz osatuko zikloa izango da Hondarribikoa, eta ekainera arte hainbatetan parte hartzeko aukera dago. Zer lortu nahi duzue hitzaldi sorta horiekin?
Hitzaldi hauekin guztiekin, herritarrei adierazi nahi diegu ez dagoela gorputz bakar bat, gorputz asko daudela, eta ezin dugula norberaren osasuna neurtu gorputzaren itxurari soilik begiratuta. Osasuna bada, lehen esan bezala, zerbait oso plurala, eta, horregatik, kontuan hartu behar ditugu hainbat faktore. Ezin dugu gorputz idealaren bila etsita bizi, eta ezin dizkiogu geure buruari harriak bota gorputz jakin bat edukitzeagatik. Elikadura ohituretan, elikagaiekiko harremanean eta ohitura osasungarrietarako autozainketan zentratuko gara datozen hitzaldietan.
«Behar desberdinak ditu pertsona bakoitzak, testuinguru desberdinetik dator, eta elikadura osasuntsuak horri guztiari erantzun behar dio».
Zer soslaiko jendearentzat sortu dituzue hitzaldiak?
Ulertu behar dugu emakumeok, zoritxarrez, presio handiagoa pairatzen dugula. Beste esparru batzuetan bezala, emakumeok presio gehigarria daukagu gorputz irudiaren inguruan. Gure hitzaldietan hori nabaritzen da; emakumeak etortzen dira gehienbat, baina interesa duen ororentzat irekita daude ateak. Ikastetxeetan ere ematen ditugu saioak. Iaz hasi ginen Hondarribiko ikastetxe batean elikadurarekiko harremanean arreta jartzen. Oso garrantzitsua da gaia helduekin eta nerabeekin lantzea. Azken finean, eskolan zerbait landu eta gero etxera joaten dira, eta, gure ustez, denak konektatua egon behar du.
Nolatan iritsi zineten hitzaldi hauek antolatzera? Zer kezkari nahi diozue erantzun?
Egoera gero eta larriagoa da, eta gero eta elikadura nahasmen gehiago ari gara ikusten. Gainera, jende kopuruari ez ezik, adinari ere kasu egin behar zaio; izan ere, inoiz baino gazte gehiago etortzen zaizkigu kontsultara, elikadura nahasmeneko arazoekin. 9 urteko neska bat ere izan dugu kontsultan. Egoera kezkagarria dela iruditzen zaigu. Ulertu behar dugu sare sozialek eragin zuzena dutela gorputzaren idealizazioan, izugarri eragiten dietelako gazteei sareetatik jasotzen dituzten mezuek. Kezka horiei guztiei nahi diegu erantzun.
«Elikadura osasuntsu batean heztea», hori da zuen helburu nagusia. Zertan datza?
Elikadura malguan ez dago ez elikagai onik, ez txarrik, eta hori da elikadura osasuntsuan kontuan hartu beharreko ideia nagusia. Behar desberdinak ditu pertsona bakoitzak, testuinguru desberdinetik dator, eta elikadura osasuntsuak horri guztiari erantzun behar dio. Irtenbidea ez da sagar bat edo brokoli bat jatea, hori baino gehiago baita elikadura osasuntsua. Gainera, ulertu behar dugu Euskal Herrian elikadura guztiz lotuta dagoela sozializatzearekin. Sozializatzeak osasunaren definizio horren barruan egon beharko luke, eta, gurean, onartu behar dugu sozializatzeak mahai baten inguruan biltzea esan nahi duela.
«Muturreko egoeretara goaz: obesitate tasa gero eta handiagoa da, baina, aldi berean, elikagai nahasmenaren kasuek ere gora egin dute»
Non dago osasuntsu jatearen eta gorputz ideala izatearen arteko marra gorria?
Askotan bi kontzeptu nahasten ditugu: gorputz ideala eta gorputz osasuntsua. Nik uste dut X elikagaia jateagatik obsesionatzen zarenean edota elikagai nutritiboak ez jateagatik errudun sentitzen zarenean hor jada marra gorri hori zeharkatzen duzula. Orduan hasten gara harreman txarra izaten elikagaiekin, eta gure gorputzarekin gaizki sentitzen gara.
Elikadurei eta dietei buruzko mitoak asko al dira? izeneko hitzaldia eman duzue aste honetan. Zer landu duzue?
Lehenik eta behin, elikagaiekin lotura gehiago duten argibideak eman ditugu; izan ere, hainbat gezur entzuten ditugu askotan: gizendu egiten duela fruta ordu batetik aurrera jateak, edo fruitu lehorrek gizendu egiten dutela. Horrelako esaldiak maiz entzuten ditugu; askotan, gainera, oso erlazionatuta dago gizentzearekin edo argaltzearekin. Horretaz gain, gorputz irudiarekin lotutako zenbait mito deuseztatzen saiatu gara. Azken finean, mitoak belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dira; elikagaien inguruan, adibidez, mila mito egon daitezke familia bakoitzean. Mitoak sinesmen moduan ulertzen ditugu, eta, askotan, modu negatiboan eragiten dute.
Hainbat pertsonak —askotan, emakumeek— urtero egiten dituzte dietak. Horrek kalteak ekar ditzake?
Bai, noski. Alde batetik, etengabe dietan egoteak arazo fisikoak sor ditzake: digestio arazoak, gluzemia arazoak...; bestalde, arazo mentalak ere ez dira atzean geratzen: antsietate arazoak, geure burua ez onartzea... Hori guztia muturrera eramanda, elikadura nahasmeneko arazo larriak sor ditzake etengabe dietan egoteak.
Nola egiten duzue lan Elika eskolan? Nolakoa da zuen lehen kontsulta?
Hemen, Elika eskolan, lehenengo kontsultan pertsona entzuten dugu: ea zer kontatzen duen, ea zer nahi duen... Esandakoa entzun ostean, baliabideak eskaintzen saiatzen gara berak nahi duena lortzeko, baina, betiere, osasun globala kontuan hartuta. Elika eskolan hiru nutrizionistak eta psikologo batek egiten dugu lan. Iruditzen zaigu osasunaz hitz egiten ari garenean funtsezkoa dela psikologo bat gurekin izatea.
Zure ikuspegitik, zein da dieta osasuntsua?
Dieta osasuntsu baterako ezin dugu nutrizionistok erantzun bakar eta itxi bat eman, hori ezinezkoa baita. Hori esaten baldin badizute, gezurra esaten ari dira, eta horrek kalte egin diezaioke pertsona batzuen osasunari. Oso indibiduala da dieta osasuntsu bakoitza; pertsona bakoitzaren testuinguru osoa hartu behar da kontuan.
Zer jan eta zer ez erabakitzea hautu politikoa dela esango zenuke?
Bai, noski. Gizarteak esaten digu gorputz irudi bat eduki behar dugula, eta, orduan, horixe izan daitekeela zerbait politikoa. Hala ere, ez da batere erraza haize kontra aritzea. Emakumeok presio izugarria daukagu gorputz konkretu bat lortzeko, eta, maiz, osasuntsu egonda ere, pisua galtzeko tranpan erortzen gara. Gazteen artean ere gauza bera: gizartearen parte sentitu nahi dute, eta horretarako egokitu egingo dira.
Obesitateak ere gora egin du. Haur obesitateak, batez ere, kezka piztu ohi du.
Egiten diren politikak gorputzaren irudian zentratzen dira. Ñabardurak ñabardura, muturreko egoeretara goaz: obesitate tasa gero eta handiagoa da, baina, aldi berean, elikagai nahasmenaren kasuek ere gora egin dute. «Jan ezazu donuts bat zoriontsu izateko, baina egon zaitez argal». Muturreko egoeretara goaz; erosketak egitera joaten garen bakoitzean gustatzen zaizkigun produktuak ikusten ditugu —nahita egiten dituzte gustagarri, guk erosteko—, eta, elikagai horiek maiztasunez janez gero, gure osasunean eragin zuzena izango dute. Egia esan, dirua egin nahi dutenentzat negozio borobil-borobila da.