Donostiako Intxaurrondo auzoan dago Larrotxene kultur etxea. Badauka berezitasun bat: ikus-entzunezkoetan espezializatuta dagoelako da ezaguna. Bertan egin dituzte euren lehen urratsak euskal zineman arrakasta izan duten zuzendari zein bestelako profesional askok, kultur etxeak eskaintzen dituen formakuntzei esker. Aurtengoa Bideoaldiaren 36. aldia izango da, eta ikastaroetako ikasleek sortutako ikus-entzunezko lanak erakutsiko dituzte. Ekainaren 21ean izan zen bideo erakustaldia, eta gaur izango da proiektu berriak aurkezteko Hitz eta Pitch egitasmoa. Unai Gerra (Donostia, 1975) eta Jon Sanchez (Urnieta, 1981) dira Larrotxeneko irakasleak.
1987an sortu zen Donostiako Larrotxene kultur etxea. Zer funtzio betetzen zuen?
UNAI GERRA: Martxan jarri zenean, ikus-entzunezkoekin lan egiteko tresneria oso garestia zen, eta eskuratzeko zaila. Inork ez zeukan etxean bideokamera on bat edo editatzeko ekipamendua, eta, beraz, Larrotxene kultur etxeak ekipamendu erdi-profesionala eskaintzen zuen, norberak bere proiektuak egin ahal izateko. Ikasturte osoko ikastaroak ere bazeuden, eta bukaeran praktika bat egiten zen: proiektu propio bat. Ikus-entzunezkoen mundua aldatzen joan da, eta, gaur egun, kontzeptu horrek ez dauka zentzurik; edonork bere etxean mugikor edo ordenagailu batekin edita ditzake bideoak. Beraz, gaur egun ekoizpen edo sormen espazio bat da Larrotxene. Aldaketa horretarako oso garrantzitsuak izan dira gidoigintzako ikastaroak. Narratiba edo kontakizunen garrantzia mahaigaineratu dugu; ikus-entzunezko bat sortzeko, garrantzitsuena da kontatzeko zerbait izatea. Beraz, gaur egun gidoigintzako ikastaroak dira enbor nagusia, eta adar asko lantzen dira ikastaro ezberdinen bidez: argazki zuzendaritza, zine zuzendaritza, musikagintza, soinua... Ikasturtearen bukaeran, ikastaroetako ikasleak hartzen ditugu ,eta pelikula bat egiteko talde bat osatzen dugu. Norbaitek bizpahiru urtean ikastaro guztiak egiten baditu, formakuntza oso zabala jasotzen du.
Ikastaroez gain, zer zerbitzu eskaintzen dituzue?
GERRA: Koprodukzioak ere egiten ditugu. Hemen daukagun jakintza guztia eta materiala prest dago ikastaroetan parte hartzen ez dutenek dauzkaten ideietan ere laguntzeko. Edonor etor daiteke ideia batekin, eta guk aholkularitza lan bat egiten dugu, eta, behar izanez gero, hemengo materiala uzten diogu proiektu hori gauzatzeko. Larrotxene inguruko ikasle, ikasle ohi eta lagunak ere laguntzeko prest egon ohi dira.
«Ikus-entzunezkoen mundua oso azkar aldatzen ari da, eta gu ere saiatzen ari gara metodologia berrien bitartez aldaketa hori hona ekartzen».
Laborategi gisa ere funtzionatzen duzue, ezta?
JON SANCHEZ: Bai. Ikusi genuen ikastaro tradizionalez gain lan egiteko beste modu batzuk behar zirela, eta laborategiko lantalde irekien formatua sortu genuen. Larrotxeneko komunitatea gonbidatzen dugu talde horietara, eta hor learning by doing metodologia erabiltzen dugu. Hau da, proiektuak sortzen dituzte taldeetako kideek, eta prozesuan sortzen diren zalantzak guztion artean argitzen joaten gara. Aurten, esaterako, animazioa landu dugu, eta teknika ezberdinen bidez animaziozko film labur bat sortu dute. Joan den urtean webserie bat sortu genuen. Guretzat, elkarlana sustatzea ere garrantzitsua da, ikusten dugulako, adibidez, gaur egungo proiektu gehienen gidoiak taldeka egiten direla. Taldean sormena lantzea desberdina da, bakarkako sormen prozesuarekin alderatuta. Ikus-entzunezkoen mundua oso azkar aldatzen ari da, eta gu ere saiatzen gara metodologia berrien bitartez aldaketa hori hona ekartzen.
Zer adineko jendea etortzen da?
SANCHEZ: Nahiko belaunaldiartekoak gara. 60 urteko pertsonak 25ekoekin lanean aritzen dira. 15-16 urteko gazteak ere etortzen dira, eta erretiratu batekin edo beste lankide batzuekin lan egiten dute, modu oso naturalean. Larrotxene kultur etxeak duen berezitasuna komunitatearen ideia hori da. Gaur egun oso modan dago, baina Larrotxene kultur etxean 36 urtez egin dugu lan komunitatean.
Ezagunak diren hainbat profesionalek hasi zuten hemen euren ibilbidea.
GERRA: Bai. Euskal zinemako profesional ezagun gehienak hemendik pasatu dira. Batzuk, hemengo ikasle izan, eta zuzendari profesional bihurtu dira, eta beste batzuk irakasleak dira. Moriarti enpresakoen lehenengo film laburra, adibidez, hemen egin zen, baita Pablo Malorena ere. Borja Kobeaga, Luis Berdejo..., asko eta asko igaro dira Larrotxenetik. Azken belaunaldietako ikasle batzuk jada profesionalizatu dira, eta nik uste dut hemendik gutxira ikusiko ditugula haien pelikulak autobuseko markesinetan.
«Film laburren erdiak baino gehiago emakumeek zuzendutakoak dira».
Larrotxenera bueltatzen dira asko ikastaroak ematera.
GERRA: Bai. Ikastaroak ematen dituzten irakasle guztiak zinemagintzako profesionalak dira, eta gehienak, gainera, Goya saridunak. Oso eguneratuta daude, klaseak ematen ari diren bitartean film batean lanean egon ohi direlako. Jende grinatsua da, eta hori islatzen da ikastaroetan.
Urteko uzta aurkezten duzue Bideoaldian.
SANCHEZ: Urte osoan egindako lanak aurkezten ditugu Bideoaldian. Zazpi film labur eta bideoklip bat izango ditugu aurten. Erdiak baino gehiago ikastaroetan egindakoak dira, eta beste hirurak, koprodukzio bidez egindako proiektuak. Lanek geroz eta profesionalagoak dirudite; batez ere, material eta teknologia aldetik. Erdiak baino gehiago emakumeek zuzendutako lanak dira, eta denetarik lantzen da: fikzioa, komedia...
Bideoaldiko bideo batzuk Donostiako Zinemaldira joaten dira, ezta?
GERRA: Bai. Irailean Zinemaldiak areto bat uzten digu, eta Bideoaldian erakutsi ditugun lanak Zinemaldiaren programazioaren barruan ikusgai egoten dira. Gure ikasleentzako izugarrizko aukera da. Horrez gain, Bideoaldia bukatzen denean, banaketa prozesu bat hasten dugu. Euskal Herriko zinema jaialdietara bidaltzen ditugu hemen ekoiztutako filmak. Nahiko harrera ona izaten dute, eta aukeratuak izaten dira gehienetan. Urtero sariren bat jasotzen dute.
Hitz eta Pitch saioa ere antolatuko duzue gaurko. Zer da?
GERRA: Bai. Ideien aurkezpenak egiten dira ekimen horren bidez, eta Larrotxene inguruko jendeak proiektuak sortzeko dauzkan ideiak aurkezten ditu. Gero, taberna zabaltzen dugu, eta giro lasai batean jendeak baliabideak eskaintzen dizkie, edo proiektu horretan kolaboratzea eskaintzen diete, adibidez. Zortzi aurkezpen izango ditugu.