Anixe Uribarrenek (Arrasate, 1996) egiten duena ez da Euskal Herrian orain arte entzun izan den ohiko musika. Reggaetona eta afrobeata lantzen ditu, euskaraz. O de Tualet kantuarekin egin zen ezagun; abestiak argitaratzen iaz hasi zen arren, urteak daramatza modu anonimoan eta beretzat mota horretako musika sortzen. Hainbat kolaborazio egin ditu Arrasateko Etxepe kolektiboarekin ere.
Betidanik izan duzu lotura musikarekin?
10 urterekin hasi nintzen biolina jotzen. Gero, 18 urterekin, Youtubeko bideoetan oinarri instrumentalak bilatu, eta Audacity programarekin kantuak grabatzeari ekin nion; aitak erakutsi zidan programa gutxi gorabehera erabiltzen. Egin nituen kantu batzuk, eta Youtuben ere jartzen nituen, baina beti modu anonimoan, ez publikoki.
Kostatu zitzaizun publikoki musika mota hori egiteko pausoa ematea?
Bai! Hasierako kantuak anonimoki atera nituen, lotsa ematen baitzidan publikoki ateratzea. Ez dut musika mota bakarra lantzen, eta denetatik egiten dut, baina egia da O de Tualet, Sutani eta halako abestiak ezingo nituela atera 18 urterekin, lotsa ematen zidalako, edo jendeak esango zuenaren beldur nintzelako. Hamar urte kostatu zait.
Etxepe musika kolektiboan dabil Fane zure anaia ere. Horrek lagundu dizu pausoa ematen?
Alde horretatik zortea izan dut, haren babesa eta ingurukoena ere izan dudalako eta urteekin esperientzia hartu dudalako.
O de Tualet kantua ere batera egin duzue.
Bai. Anaia musika egiten hasi zen lagun batzuekin, Etxepen, eta hark erakutsi zidan autotunea erabiltzen. Densorekin [Hodei Vicario musika ekoizlea] estudioan O de Tualet kantua sortu nuenean ere, anaiari erakutsi nion, eta gustatu zitzaionez, eskaini nion kantuan sartzeko. Sekulako arrakasta izan du kantuak.
Nola ikusten duzu reggaetonaren egoera Euskal Herrian?
Ni hasi nintzenean, gaizki ikusita zegoen musika mota hori entzuten zenuela esatea ere. Nik entzun egiten nuen, eta esan ere bai. Oraindik ere, Euskal Herrian jende askok ez du ondo ikusten egiten dudan musika. Hala ere, musika estilo ezberdinak deskubritzen nabil; ez dut reggaetona egiten hemen musika mota hori egiten duen artistarik ez dagoelako, horrela irteten zaidalako baino.
Gipuzkoan ere gero eta musikari gehiagok egiten dute musika urbanoa, baina ez dago emakumezko asko.
Uste dut mutilek bidea errazago daukatela. Neskei askoz gehiago exijitzen zaigu. Eta ez naiz ari eszenatokian dantza egiteaz bakarrik. Nire inguruko mutiletan ikusten dut publikoak errazago onartzen dituela. Begira Kai Nakairi ere: kritika mordoa jaso du, eta mutilek ez dituzte jasotzen. Bestalde, egia da mutilak gehiago entzuten direla orokorrean. Mutilek gehiago kontsumitzen dituzte mutilek egindako abestiak edo ahots maskulinoarekin kantatutako abestiak.
«Mutilek gehiago kontsumitzen dituzte mutilek egindako abestiak edo ahots maskulinoarekin kantatutakoak»
Musika mota hori euskaraz ez da asko entzuten. Euskarara ekarri nahi izan duzu?
Nik egunerokoan beti euskaraz egiten dut. Natural euskaraz irteten zait, eta idatzi ditudan abesti guztiak ere organikoki atera zaizkit. Abesti bat badaukat gaztelaniaz, horrela irten zitzaidalako momentuan, baina ez nuen nahita egin. Euskara bultzatzearen alde nago argiki, baina ez dut kontzienteki erabaki musika mota hau euskaraz egitea.
Zer mezu helarazi nahi duzu zure kantuetako hitzekin?
Lehenik, pentsatzen dut kantuan zertaz berba egin nahi dudan. Nik edo lagunek izan dituzten esperientzia pertsonalei buruz idazten dut normalean. Otu ahala idazten dut. Gauza dezente izaten ditut idatzita; oraintxe bertan, adibidez, kantuen hitzekin beteta daukat sakelakoko oharren aplikazioa.
Nola sortzen dituzu kantuak?
Hainbat modutan sortzen ditut. Batzuetan, Youtuben bilatzen dut nahi dudan musika mota; egunak ematen ditut aukeratzen. Gero, oinarri musikal hori erosi, eta horren gainean lanean hasten naiz. Soinu txartel batean melodia kantatzen dut gero, eta hitzak sartzen dizkiot. Beste batzuetan, alderantziz: gordeta dauzkadan hitzak abesten ditut, eta melodia ateratzen diet. Baina O de Tualet, esaterako, ezberdin egin nuen. Densoren estudiora joan nintzen, eta harekin hasi nintzen oinarri bat sortzen, hutsetik. Melodia zati txikiak erakutsi zizkidan hark, eta nik aukeratu nituen. Gero, horren gainean grabatu genuen. Kantuak bukatzen ditudanean, oso garrantzitsua da niretzat familiari eta ingurukoei erakustea, haien iritzia jasotzeko.
«Euskara bultzatzearen alde nago argiki, baina ez dut kontzienteki erabaki musika mota hau euskaraz egitea»
Zer erronka dituzu aurten?
Martxoaren 16an, bakarkako nire lehenengo kontzertua daukat, Arrasateko gaztetxean. Abesti dezente dauzkat grabatuta, eta hilabetean edo bi hilabetean behin abesti bat atera nahi dut aurten. Asko gustatzen zaidan abesti bat da hurrengoa, balada bat. Duela bi aste Zmz zaz abestia ere kaleratu nuen. Abesti akustiko bat da, lagun batekin izandako elkarrizketa batetik irtendako istorio bat kontatzen duena. Nik bakarrik grabatu dudan lehenengo abestia da.