Josu Iztueta: «Euskal Herrian ere baditugu sekulako lekuak, eta pribilegio bat dira»

Iztueta Pirinioak gurutzatzen ari da Higer lurmuturretik Creus puntaraino, GR-11 ibilbidetik. Guztira, 800 kilometro baino gehiago egingo ditu, baina elurteak direla-eta etenaldi bat egin behar izan du.

 Josu Iztueta Sorogainen
Josu Iztueta, Erroibar ibarreko Sorogainen (Nafarroa). HITZA
2024ko uztailaren 15a
05:00
Entzun

Munduan zehar hamaika abentura bizi izan dituen arren, Josu Iztuetak (Tolosa, 1957) gaztea zeneko amets bat zuen betetzeke: Kantauri itsasotik Mediterraneora Pirinioak gurutzatu nahi zituen, eta orain amets hura betetzea erabaki du. Ekainaren 24an Higer lurmuturrean hasi zen, Hondarribian, eta Creus puntan (Herrialde Katalanak) bukatuko du. GR-11 ibilbideari jarraituz, guztira zortziehun kilometro baino gehiago egingo ditu. Elkarrizketa hau egitean, Iztueta Candanchun (Espainia) zegoen, baina elurteak direla-eta etxera itzuli da eta hurrengo hilabetean jarraituko du.

Zergatik egin nahi duzu Pirinioetako zeharkaldia?

16 urte nituenean Tolosako mendi elkartean nenbilen, eta mapan hatzekin markatzen genuen zeharkaldi posible hori. Baina uda hartan lanean hasi ginen, eta beranduago Nairobitarrak proiektua iritsi zen. Harrezkeroztik, ia berrogei urtez, uda guztiak kanpoan pasatu ditut, pandemia garaikoak izan ezik. Aurten lehen aldiz izan ditut bi hilabete libre udan, eta egitea erabaki dut.

Zenbat etapa ditu GR-11 ibilbideak?

Berrogei, eta, normalean, sei astetan egiten da. Egunean hogei kilometro inguruko sei orduko ibilaldiak izaten dira. Hasieran, nik dena segidan egitea pentsatu nuen, baina, elurtearen ondorioz, hemen utzi, eta hurrengo hilabetean jarraitu beharko dut. Badaude urtero ibilbideko etapa bat egitea erabakitzen dutenak, edo hamabost kilometro egiten dituztenak hilabete batzuetan. Ez da dena edo ezer ere ez.

Asko prestatu behar izan zara?

Mentalki oso motibatuta nengoen, eta fisikoki ere ongi, bai, geroz eta hobeto. Norbaiten esku ez dauden ezustekoak gertatzean, ordea, zuhurtziaz jokatzen jakin behar da.

Zer oztopo izan dituzu orain arte?

Erne ibili beharreko ibilbidea da; ez da edonorentzako modukoa. Pazientzia izan behar duzu, eta esperientzia pixka bat. Balizak ez daude nahi bezain maiz. Kontu handia izan behar da eguraldi aldaketarekin. Zorua batzuetan harria da, eta beste batzuetan, belarra. Hamar kilo baino gehiagoko motxila eramateko prest ere egon behar zara. Elurtearengatik ez ditut pioletak eta kranpoiak erabili nahi. Mendiko planean erabiliko nituzke, baina zeharkaldian, ez. Ehun metro aurrera egiteagatik ezer ez dela gertatuko pentsatu arren, arriskua beti hor dago.

16 urte zenitueneko amets hori berrogei urte beranduago betetzea erabaki duzu, bakarrik.  

Zeharkaldiko lehen astea bakarrik egin dut, baina orain, bigarren astean, Tolosako Zumardia natura-aisia taldekoak etorri dira. Bi monitore eta hamar gazte, zehazki. Haiei laguntzen ibili naiz. 

«Mendibideak, kulturak, jendea, hizkuntzak, bizimoduak... lotzeko modu bat da GR-11 ibilbidea»

Eta bidean zehar topatutako bidelagunik bai?

Ingelesekin, frantsesekin, herbeheretarrekin... gurutzatu naiz. Batzuek argi dute zein bide hartu behar duten; beste batzuek, aldiz, ez. Gehien interesatzen zaidana, ordea, herritarren iritzia da. Kanpotarron bisitak begi onez ikusten dituzte, baina erabakiak hartzean euren iritzia kontuan hartu behar dela diote. Hiriberrin, adibidez, Anabel deitzen den emakume batek zioen egoera nahiko kritikoa dela. Herriko plazan ginenean, etxeak seinalatu, eta esan zidan: «Etxe horretan hamar urte barru ez da inor biziko, horretan ere ez, eta lehio gorriko hartan ere ez». Guk Pirinioen alde ludikoa eta edertasuna ikusten dugu. Gauza bat da paseatzea, eta beste bat, bizitzea.

Isaban eta Otsagabian topatu ditut Iruñean ikasi ondoren herrira itzuli diren gazteak. Jende saiatua eta konprometitua. Horietako batek, Raquel Zocok, Turismo Bulegoan egiten du lan, eta gauza politak egin daitezkeela sinisten du. Duela berrogei urte ere ez zuten pentsatzen eski denboraldiari esker bizi zitezkeenik. Orain, agian, norbaitek GR-11ko azken etapako herri txiki batean zerbitzu bat eskain dezake, eta diru iturria izan. Ez dakit. Uste dut diagnostikoa egitea erraza dela, baina zaila da horri tratamendu on bat ematea.

Zer gomendatuko zenioke bidaia hori egitea pentsatzen ari den norbaiti? 

Erronka gisa planteatzea baino gehiago, esperientzia polit gisa planteatzea. Euskaldunok bertan ditugu Pirinioak, baina ez ditugu zati guztiak berdin ezagutzen. Andorra eta Kataluniako zatiak, segur aski, gutxiago ezagutzen ditugu. Azken finean, mendibideak, kulturak, jendea, hizkuntzak, bizimoduak... lotzeko modu bat da. Etxean hasi eta Creusen buka dezake, edo alderantziz.

Zein da, oraingoz, ibilbideko oroitzapenik onena? 

Aguas Tuertas, Ibon Estanes eta Sarrioen bailara ingurua gustatu zait gehien. Hiru leku horiek eguraldi onarekin oso politak dira. Sarrioen bailaran, gainera, ugatzak, sai zuriak eta marmotak ikusi ditut. Ganadu asko dago: behiak, behorrak, ardiak... Eguraldi onarekin paradisua izan daiteke, baina eguraldi txarrarekin, infernua.

Groenlandian eskiatu duzu, Nilo ibaian piraguan ibili zara eta orain Pirinioak gurutzatzen ari zara. Zein da hurrengo erronka? 

Bizitza honetan jada ez ditut erronka gisa hartzen, lehenago egiteko aukerarik izan ez nuen zerbaiten gisa baizik. Mundua ezagutzeko zortea izan dut, baina orain gertukoa baloratu nahi dut, eta aspaldiko garaiak gogoratu. Ez naiz beste espedizio batera joango. Bere garaian gauza asko egin genituen, eta hemen gaude kontatzeko moduan. Alaskan eta Norvegian badaude sekulako lekuak, baina hemen ere bai, eta pribilegio bat dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.