Areto futbola

Etorkizun iluna areto futbolean

Areto futbolak ikusgaitasun urria du oro har, eta are urriagoa emakumezkoenak: egoera larrian dago Gipuzkoan, ez baita senior mailako ligarik martxan jarri.

Naroa Ane Lasa eta Garazi Arregi areto futboleko jokalari ohiak, lehengo astean, Anoetako kiroldegian. IMANOL GARCIA LANDA
Naroa Ane Lasa eta Garazi Arregi areto futboleko jokalari ohiak, lehengo astean, Anoetako kiroldegian. IMANOL GARCIA LANDA
2025eko martxoaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denboraldi honetan, Gipuzkoan ez dago emakumezkoen areto futboleko ligarik. «Egoera oso txarra da Gipuzkoan, areto futboleko ligarik ez baitago emakumezkoentzat, ez senior mailan, ezta beste kategorietan ere», esan du Garazi Arregik, aurreko denboraldian Tolosako TEEP Tolosala taldeko jokalaria izandakoak. «Badaude eskolak, eta Tolosalak eta Lauburu Ibarrak badituzte taldeak, baina federatuen kategoria guztietan ez dago nesken ligarik. Mantendu izan dugu senior maila, baina aurten ez da sortu, ez zegoelako nahikoa talde. Beraz, egoera tristea, zaila eta injustua da».

Aurreko denboraldian lau talde bakarrik aritu ziren lehian: TEEP Tolosala, Lauburu Ibarra, Anoeta eta Donostiako Antiguoko taldea. Azken horrek Arabako ligan parte hartzea erabaki du. Araban ez ezik, Bizkaian eta Nafarroan badaude senior mailako ligak. Arregik azaldu duenez, Nafarroan oso errotuta dago gizonezkoen eta emakumezkoen areto futbola. Naroa Ane Lasa Anoetako jokalariak esan du Gipuzkoan bestelakoa dela egoera. «Gipuzkoan eskola kirola bukatzen denean, pixka bat bideratuta zaude futbolean aritzera; hasieran zazpikoan eta gero hamaikakoan. Areto futbolak ez du ikusgaitasunik: gizonezkoetan txikia, eta emakumezkoetan are txikiagoa».

«Emakumezkoen areto futbolak ez dauka indarrik, eta, beraz, beste buelta bat eman beharko litzaioke»

ENERITZ RODRIGOLauburu Ibarra futbol klubeko jokalari ohia

Eneritz Rodrigo Lauburu Ibarrako jokalari ohia da, baita aurreko denboraldian klubean zegoen haurren mailako nesken taldeko entrenatzailea ere. «Iaz ez zegoen haurren mailako nesken ligarik, eta mutilen aurka lehiatzen ziren. Nesken aurka jokatu nahi zuten, eta hamaikako futbolera pasatu dira denboraldi honetan». Orain, gainera, senior mailako talderik ez dagoenez, infantilek ez dute erreferentziarik.

Lasak dio egoera horren aurrean federazioak ez duela «gauza handirik egin». Arregi bat dator harekin: «Bizkaian, Araban eta Nafarroan ligak badaude, zergatik ez Gipuzkoan? Hor zerbait gaizki egin dute, eta ez dira jokalariak izan». Aurreko denboraldian izandako baldintzez kexatu da Arregi: «Epaileen aldetik izan ditugun baldintzak gizonezkoenak baino okerragoak izan dira, eta ordutegiak ere bai. Jaso dugun tratua ez da txarra izan, baina, gure egoera zein zen jakinda, beste tratu bat merezi genuela uste dut». Rodrigori iruditzen zaio emakumezkoen areto futbola indartu egin beharko litzatekeela. «Ez dakit errua federaziorena den edo klubek nahikoa interes jarri ote duten talde horiek aurrera ateratzeko, baina emakumezkoen areto futbolak ez dauka indarrik, eta, beraz, beste buelta bat eman beharko litzaioke».

Eskaera pankartarekin

Aurreko denboraldian, ligako finala jokatu zen egunean, lau klubetako jokalariak pankarta batekin atera ziren kantxara. «Berandu baino lehen... ez ahaztu emakumezkoen areto futbolaz»: horixe zioen pankartak. Auzi berak kezkatzen ditu hiru neskak: gaur egungo egoera ikusita, eskola kirolean aritzen diren neskek ez dutela erreferenterik izango. «Badira kirol honetan jarraitu nahi duten neskak, baina erreferenterik eduki gabe eta egoera ikusita, areto futbola utzi eta beste kirol batean hastea izango dute hurrengo pausoa», esan du Arregik.

(ID_17428224062265) (/EZEZAGUNA)
TEEP Tolosala, Lauburu Ibarra, Anoeta eta Donostiako Antiguoko areto futboleko jokalariak, aurreko denboraldiko finalean, protesta ekintza batean, Ibarrako Belabieta kiroldegian. TXEMA VALLES

Atsekabez mintzo dira aurreko denboraldiaz. «Orain urte batzuk areto futbolean hasi ginenean, hiru edo lau talde ginen, eta pentsatu genuen posible izango litzatekeela talde gehiago animatzea, eta aurrera egitea erabaki genuen», adierazi du Lasak. «Iazko denboraldian, baina, lau talde ginen oraindik, eta pentsatu genuen urtebete aguantatzea, baina ez genuen talde gehiago animatuko ziren bermerik».

Arregik dio TEEP Tolosalan «motibazio falta» gailendu dela. «Lau talde geunden soilik, eta elkarren aurka jokatzen genuen. Horrek sortu zigun denboraldi honetan ez jarraitzeko gogoa». Rodrigorentzat «nahi eta ezin» bat izan zen aurreko denboraldia: «Berriro suspertu nahi genuen, baina bagenekien ez genuela lortuko. Liga txukun bat egiteko, lau taldetik hamarrera pasatu behar genuen, eta oso zaila da hori urte batetik bestera lortzea».

«Orain arte falta izan zaion ikusgaitasuna lortu ezean, zaila iruditzen zait Gipuzkoako neska gazte batek areto futbolean jokatu nahi duela erabakitzea»

NAROA ANE LASAAnoeta areto futbol klubeko jokalari ohia

Horrenbestez, hirurek «etorkizun iluna» ikusten diote emakumezkoen areto futbolari. «Ez dut uste oso erraza izango denik guk berriro jokatzea», aitortu du Lasak. «Izan ere, oso zaila da urtebete geldirik egon ondotik berriro hastea. Orain arte falta izan zaion ikusgaitasuna lortu ezean, zaila iruditzen zait neska gazte batek areto futbolean jokatu nahi duela erabakitzea». Rodrigok, oraingoz, ez dio etorkizunik ikusten Gipuzkoako emakumezkoen areto futbolari, eta uste du federazioaren eta kluben lana izan beharko litzatekeela horri buelta ematea.

Arregik dio zerbait sortzekotan aukera bat izan daitekeela txapelketa bat egitea. Maiatzean zerbait antolatzeko asmoa dute, eta, horretarako, federazioarekin eta Ibarrako Udalarekin harremanetan daude. Hala eta guztiz ere, Arregik edozerekin ez konformatzeko aholkua eman die areto futbolean hasi nahi duten neska gazteei. «Ez daitezela konforma, eta ahal dutena egin dezatela Gipuzkoako emakumezkoen areto futbola ez galtzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.