Gordina da Pasaiako Trintxerpe auzoko Herrera kaleko —Escalerillas esaten zaio— 10 eta 11 etxe multzoetako bizilagunen etxebizitzen etorkizuna. Izan ere, etxea utzi beharko zutela jakinarazi zien Pasaiako Portu Agintaritzak bertan bizi diren hamabi familiari. Iazko urrian eman zieten abisua, egun batetik bestera. Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak laurehun metro inguruko trenbide zati bat egin nahi dute eremu horretan. Portua Euskotrenen ibilbidearekin lotu nahi dute, Europatik datozen bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzeko. Etxea uzteko epea aurtengo ekainera bitartekoa izango zela esan zieten, baldin eta bizilekuak «modu ordenatuan» uzteko prest bazeuden. Jakinarazpena etxeen titularrei bakarrik bidali zieten, eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak titular ez direnekiko «errekonozimendu falta» deitoratu du. Unai Moriones Etxebizitza Sindikatuko kideak esan du Portuaren helburua izan dela bizilagunak «banatzea» eta «bakoitzak jarrera bat» hartzea.
Bizilagunek lehenago ere entzuna zuten inguru horretan proiekturen bat egiteko asmoa dagoela, baina urrian baieztatu zituzten ordura arte aditutako zurrumurruak. Morionesek azaldu du proiektuari forma ematen hasiak zirenean bidali zietela bizilagunei jakinarazpena: «Instituzioko arduradunen, Portuko Agintaritzaren eta proiektuan interesa duten enpresen artean pastela ondo banatuta zegoenean abisatu zieten bizilagunei». Hori dela eta, proiektuari ekin aurretik ezer esan ez izanaz kexu dira Etxebizitza Sindikatuko kideak eta bizilagunak.
«Nola izan daiteke denon interesekoa, hamabi familia kale gorrian utziko badituzte inolako alternatibarik gabe?».
UNAI MORIONESEtxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea
Pasaiako Portuaren hitzetan, «sakonki» aldatuko da inguru hori, eta «ingurumenaren eta pasaitarren bizi kalitatearen aldeko aldaketa» izango da. Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi euro jarri ditu proiekturako, «interes orokorraren» izenean. Etxebizitza Sindikatuak zalantzan jarri du interes orokorraren ideia. «Nola izan daiteke denon interesekoa, hamabi familia kale gorrian utziko badituzte inolako alternatibarik gabe?», galdetu du Morionesek.
Alternatiba falta
Portuak aurreikusia du lanak aurtengo bigarren seihilekoan hastea; ekainetik aurrera, alegia. Nolanahi ere, bertako familiek ez dute jaso etxegabetze agindurik, eta, Etxebizitza Sindikatuaren arabera, oraindik ez dago martxan ez ordena judizialik, ez administratiborik. Asteazkenean bildu ziren Etxebizitza Sindikatuko kideak eta Escalerillas-ko bizilagunak, eta bilkuran aurrera begira egingo dituzten urratsak zehaztu zituzten. Bizilagunek «ez dakite» zer gertatuko den, etxegabetzearen abisuaren gutuna egun batetik bestera ailegatu ahal zaie eta. «Auzi hau buruan edukita bizitzea ez da erraza», esan du Jon Serrano bizilagunak.
Portuak konpromisoa hartu bazuen ere kaltetutako bizilagunei «beste bizileku bat emateko» eta «irtenbide bat bilatzeko», bizilagunak ziur dira ez duela beteko emandako hitza, ez baitute inolako erantzunik jaso orain artean. Pasai Donibanen dauden beste etxebizitza batzuetara lekualdatzeko proposamena jaso zuten bizilagunek, baina horiek dagoeneko okupatuta daudela azaldu du Serranok. Esan du, halaber, Escalerillas-en bizi diren titularrak alargunak eta adinekoak direla, eta bizitzako azken urteak bertan eman nahi dituztela. «Escalerillas-en bizitzea da bizilagun guztion nahia, eta borrokan segituko dugu bertan jarraitzeko».
Etxebizitza Sindikatuko kideak azaldu du urriko jakinarazpena jaso aurretik Portuak bizilagunei emana ziela bertan bizitzeko baimena. Gainera, salatu dute Portu Agintaritzak «modu irregularrean» kobratu dizkiela errentak, hildako gurasoen izenean kobratu baitiete. Horrez gain, Portua eraikinaren mantentze lanez «guztiz arduragabetu» dela esan dute.
Kale gorria saihestera
Escalerillas-ko bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak 2.047 sinadura jaso dituzte etxegabetzea eragozteko asmoz, eta jadanik Portu Agintaritzaren eskuetan dago sinadura bilketa. Herritarrek manifestazio bat egin zuten ekainaren 1ean, Etxebizitza Sindikatuaren babesarekin. Ez zen ordezkari politikorik izan manifestazioan, eta Serrano kexu da horregatik. «Penagarria da», esan du. Are, manifestazioaren bezperetan, Etxebizitza Sindikatuak jakin zuen hiru proiektu aukera daudela jasota Escalerillas eremurako. «Portuak hasieratik esan zigun ez dagoela inolako alternatibarik», esan du Morionesek. Gainera, salatu dute erakundeek «ukatu» egin dietela plan horien inguruko informazioa jasotzea.
«Escalerillas-en bizitzea da bizilagun guztion nahia, eta borrokan segituko dugu bertan jarraitzeko».
JON SERRANOPasaiako 'Escalerillas' kaleko bizilaguna
Morionesek jakinarazi du Pasaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek esan zietela Escalerillas kaleko hamabi sendiak artatu ahal izango dituztela «soilik kale gorrian geratuz gero». Konpentsazio ekonomiko bat eskaini diete, «adinaren eta bizi itxaropenaren» araberakoa. Pasaian etxebizitza eskaintza «oso murritza» dela ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta, Donostia hurbil izanik, udalerriak baldintzak betetzen dituela tentsio eremu izendatzeko.
Etxebizitzak «modu ordenatuan» uzteko ezarritako epea amaituta, eta Portuak jarrera berari eusten diola ikusirik, irtenbideak bilatzeko bidean segituko dutela jakinarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak.